“Guztion artean osatzen dugu irakurri beharreko liburu zerrenda”

Iurretako irakurle taldearen berri eman digu Isa Castillok

Atzokoan, hainbat irakurle talderen egitarauak eman genituen aditzera. Atzoko albistea osatze aldera, irakurle taldeen funtzionamendua nolakoa den ezagutarazi nahi dugu gaurkoan. Ez dute denek martxa berbera jarraituko. Eta talde bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu. Baina adibide gisa har daiteke Iurretako Herri Bibliotekan elkartzen den taldea. Bertako irakurle txokoko dinamizatzaile da Isa Castillo. Iurretakoaz gain, Durango, Markina-Xemein eta Pozokoetxe Kultur Etxeko irakurle taldeak ere koordinatzen ditu gure solaskideak. “Taldean, guztion artean osatzen dugu liburu zerrenda”, adierazi digu Isa Castillok.

Zein eratan gidatzen dituzue saioak?
Taldeko kideek liburua irakurrita daukate. Ez dugu gidoi jakin bat jarraitzen. Gehienetan idazlearen informazioarekin hasten gara. Aurretik irakurtzeko dokumentua banatuta dago. Dokumentu horretan biografia, bibliografia eta idazleari egindako elkarrizketaren bat agertzen da. Liburuari egindako iruzkinak ere sartzen ditut. Idazlearen liburu gehiago irakurrita baditut, liburuak zertaz doazen edo aipagarri diren ezaugarriak komentatzen ditugu. Liburua garaian kontestualizatu ondoren, solasaldia nahiko librea izaten da; liburu bakoitzaren arabera.
Batzuetan liburuan agertzen diren beste literatur erreferentziak edo arte ingurukoak (musika, koadroak eta abar) eramaten ditut (LPak edo CDak, koadroak inprimatuak… pelikularen bat). Itzulpena bada, horren inguruko komentarioak egiten dira. Pertsonaiak, liburuaren egitura, gaiak, hizkuntza… Noizbait antzerkiaren irakurraldia saioan bertan egin dugu.

Liburuen aukeraketa egiterakoan, zein irizpide jarraitu ohi duzue? Irakurleen gustuak kontuan hartzen dituzue?
Nik kurtso amaieran proposamenak egiten ditut eta denetarik sartzen saiatzen naiz. Euskal literatura eta itzulpenak, genero desberdinak: poesia, saiakera, antzerkia, errelatoak, nobelak, komikiak. Taldeko jendeak ere proposamenak egiten ditu eta taldean guztion artean liburu zerrenda aukeratzen dugu. Gaur egungo liburuak eta urteak dituztenak. Batzuetan, liburu batek beste liburu bat aukeratzera eramaten gaitu. Hau guzti hau ikusteko urteetako programazioa begiratu behar da.

Zuen saioetan, idazleak gonbidatzeko ohiturarik al duzue?
Urtean bi idazle gonbidatzeko ohitura daukagu. Noizbait ibilbide literarioren bat ere egin dugu.


 

Atzokoan hainbat irakurle talderen egitarauak eman genituen aditzera. Albistea irakurtzeko, klik egin ondoko titularrean: Bada zer, non eta norekin irakurri

Urte osoan zehar, ekitaldi hauen guztien jarraipena Hitzen Uberan web orrialdeko Agendan egin daiteke.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.