Xabier Etxeberriaren liburu gomendioa

Jon Alonsoren Camembert helburu (Susa, 1998) liburua proposatu digu

Hamabostean behin, idazle baten gomendioa eman ohi dugu argitara. Honakoan, Zarautz aldera jo dugu. Xabier Etxeberriak, gure gaurko gonbidatuak, haur zein gazteentzako hainbat liburu plazaratuak ditu bere anaiarekin batera. Eleberri batzuk ere argitara eman ditu anaiaren laguntzaz: Pako Fakirra, Pako Fakirra eta zokomokordo, Itxoidazu Café de Passy-n, Ez dadila eguzkia sartu, Nik dauzkat aitonaren hortzak Bakarka bi nobela ditu plazaratuak: Egun denak ez dira berdineta Udazkeneko lorea. Liburu gomendioa eskatzera hurbildu garenean, Jon Alonsoren Camembert helburu (Susa, 1998) liburua proposatu digu Xabier Etxeberriak.

Zerua ez da zerua, ezta urdina ere

Jon Alonso ez da, inondik inora, lau pezetetan duroa saltzen ahalegintzen den horietakoa eta liburuaren sarrerako lehen esalditik “espektatiba faltsuak sahiesteko” ohartarazten dio irakurleari “nobelaz mozorrotu den saiakera bat” duela esku artean.

Izan ere, Camembert helburuko protagonista (Enekoitz Ramirez) errealitatearen marraz bestaldeko gizon inprobablea den modu berean, liburua bera ere, zalantza gabe, ezohikoa da: Tolouse Lautrec  margolari frantziarrari buruzko saiakera baita alde batetik, eta artelanen faltsifikadore eta lapurrei buruzko intriga nobela bat bestetik.

Jakina da emakumezkoek gizonezkooi  tarteka aurpegiratzen digutena, bi gauza batera egiten ez dakigula, alegia. Nik lerdokeria horri beste pellokeri honekin erantzuten diot beti: bi gauza batera egitea erraza dela, biak ondo egitea zailagoa dela ordea.

Beno, ba arestiko topikoa jorratzen dutenen eskemetan, Jon Alonso supergizon bat izango da dudarik gabe, liburu honetan bi gauza (arte saiakera, eta intriga eleberria) batera egin eta biak ondo ez, ikaragarri ondo burutzen baititu nire ustetan.

Arteari buruzko saiakera gutxi topatuko du irakurleak,honen moduko aho gustu freskoa utzi eta, une berean, hau bezain sakon digeritzen dena. Zer da errealitatea, zer da artea, zein da artistaren eginbeharra.

Nekez aurkituko du, halaber, irakurleak Camembert helbururen pareko intriga eleberri borobil eta entretenigarririk, museo lapurretak, traizioak eta emakume fatalak maisuki uztartzen dituena.

Pena bakarra izan nuen liburu honekin, hiru egunetan irakurri eta gehiagoren gosez geratu nintzela. Zorinekoak gara, hala ere: bere segida gisakoa den Zintzoen saldoan plazaratu berri du Jon Alonsok, Txalaparta argitaletxean. Enekoitz Ramirez itzuli da.

Xabier Etxeberria

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.