‘Edukiontzi bat da bizitza’, Ainara Lasaren eskutik

Ainara Lasa (Oiartzun, 1975), sarritan izan dugu kolaboratzaile Hitzen Uberanen: azaletarako irudiak eta testuak bidali izan dizkigu, eta baita poemaren bat atal honetara bertara ere. Edukiontzia izeneko testu berria topatuko duzue hemen.

 

Edukiontzi bat da bizitza

Egunero joaten zen Ines autopista ondoko garbigunera.

Ordainlekua pasa orduko eskuineko begia objektuz betetako edukiontzietan iltzatzen zitzaion.

Azkeneko asteetako plana horixe zuen; lan jardun astunaren ostean garbigunera bisita egitea. Parentesi bat izaten zen ordu hori bere eguneroko bizitzan. Ordu hartan hitzordu bat proposatzen ziotenean ezin zuela esaten zuen, beste zerbait egin beharra zeukala ezinbestean eta nahiago zuela beste orduren batean geratu.

Ingurua begiratzen zuen sartu aurretik, nahiago zuen bertan inor ezagunik ez topatzea. Ines eta objektuak elkartzen ziren han. Edukiontzi handietan sailkatuta zegoen dena; altzariak, jostailuak, teknologia, burnizko objektuak,… eta banan bana pasatzen zituen denak. Ispiluenean pasatzen zuen denbora gehien, hautsitakoen aurrean bereziki. Nola eta zergatik apurtu ote zen ispilu hura?

Inesek garbiguneko atea zeharkatu orduko irriz begiratzen zion langileak. Egunero galdetzen zion zerbait behar zuen, lagunduko ziola. Ezetz erantzuten zuen beti Inesek, oraindik ez zela agertu behar zuena eta laguntza behar zuenean eskatuko zuela.

Aulkiak, gurpilak, ispiluak eta haurren jostailuak nabarmentzen ziren denen artean. Garbiguneak ziren ezbairik gabe kontsumoaren gaineko azterketa egiteko lekurik aproposenak, saltokiak baino askoz ere gehiago.

Denborarekin, objektu txikien kabina zabaldu zuten: zapatak, Quien es Quien mahai jokoa, titareak, patinak, edalontziak, gorbatak,…Jolas parkea zen hura Inesentzat. Ezer utzi beharrik ez zegoen eta nahi haina gauza doan eraman zitezkeen.

Egunean objektu bat aukeratzen zuen Inesek.

Hartzen zuen objektu bakoitza zertarako zuen galdetzen zion beti kabinako langileak. Antzerki talde bat zuela eta artistek denetik behar izaten dutela erantzuten zuen. Koartada horrekin kasik natural hartzen zuten Inesen eguneroko bisita langileek.

Entziklopedia oso bat eraman zuen behin, Adolfo Dominguez markako jaka bat, ipuinak, baxer a…

Azkena piano itxurako musika kaxa bat: ‘I give the music for good memory to you’ irakur zitekeen tapan. Zabaldu eta: “I feel more freedom in discriminate”, eta hasten zen musika.

Hura zen orain artekoetan gehien maite zuen objetua.

Hiru hilabete eman zituen horrela, berea ez zen bizitzetako objetuen bila, etxea besteen bizitzetako objetuekin betetzen. Beste bizitza baten bila.

Bizitza asko pilatu zituen azkenerako Inesek.

Etxera bueltan egunero errepidea gurutzatzen zuen katu beltz bakoitzak kentzen zion bakoitzeko bat gutxienez.

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.