Zazpi liburu berri aurkeztuko dira Literaturian

Hiru egunez jarraian, literaturaren plaza nagusi bihurtuko da Larrabetzu.

Hala da. Ongi irakurri duzu. Zazpi liburu berri aurkeztuko dira asteburu honetan, eta zazpi liburu horien aurkezpenak Literaturian egingo dira. “Beste inon baino lehen”, antolatzaileek azpimarratu dutenez. Hori izango da aurtengo edizioaren berritasun handienetakoa. Ez bakarra. Baina gaurko albiste moduko honetan, liburu berri hauek izango ditugu hizpide.



Ekainaren 3an abiatuko da Literaturia. Eta hiru egunez jarraian, literaturaren plaza nagusian bilakatuko da Larrabetzuko herria. Lehen egunean, ekainaren 3an, hiru liburu berri aurkeztuko dira: “Zamaontzia” (Susa), “Anaitasuna aldizkaritik finantza kapitalismora” (Utriusque Vascoanie) eta “Itsaso kontra bat” (Pamiela).
Eta biharamunean, ekainaren 4an, honakoak izango dira aurkeztuko diren liburuak: “Bränskint” (Txalaparta), “Decameron – Hamar Ipuin” (Igela), “Zer barkaturik ez” (Elkar) eta “Iza ote iza” (Maiatz).

“Zamaontzia” Iñigo Aranbarri (Susa)
Ekainaren 3an ostirala, 11:30ean Anguleri Kultur Etxean
Sinopsi honen bitartez aurreratu du Susa argitaletxeak nobela berri honen mamiaren nondik norakoa:
“Gaztetako oroitzapen eta gertakariak ekarri ditu akordura Nereak, orain dela hamabost urtekoak… Zamaontzi bat agertu zen Abrako badian, kapitainak eta armadoreek abandonatua. Barruan hamalau marinel, etxetik oso urrun, barku herdoilduan gatibu, SOS aldarrika, hilabetetako soldatak kobratu gabe, bertoko jendeak emandakotik bizi behar izan zutenak bolada batez.
Iñigo Aranbarriren hirugarren nobela da Zamaontzia, kontakizun asaldagarri bat, non gatazkan sartzen diren abandonuaren atsekabea, laguntasunaren babesa, doilorkeriaren destaina”.
Larrabetzuko Anguleri Kultur Etxean egingo da aurkezpena. Eta besteak beste, Iñigo Aranbarri idazleak berak hartuko du parte. Baina beste bi liburu hauek ere aurkeztuko dituzte ostiralean, Literaturiaren abiapuntu izango den egunean.

“Anaitasuna aldizkaritik finantza kapitalismora” ,
Joseba Felix Tobar-Arbulu (Utriusque Vascoanie)
Ekainaren 3an ostirala, 12:00etan Anguleri Kultur Etxean
Heterodoxia, ekonomiaz haratago UEUko Ekonomia Sailaren blogean, honako aurkezpen hitzak topatu ditugu. Tobar-Arbuluk berak ematen ditu liburu berri honen xehetasunak:
“1972an, Anaitasuna aldizkarian ohiko kapitalismo industrialari buruz hasi nintzen zertxobait plazaratzen.
Kapitalismoak bide luzea egin du. Kapital finantzarioa nagusi bilakatu da. Europan esaten den moduan, Finanzkapital uber alles.
Bide luze horren azken urteetako lana dela eta, Larrabetzun, Literaturia ekitaldiak direla eta Finantza Kapitalismoa izeneko liburua aurkeztuko dugu Jokin Apalategik, Txutxi Ariznabarretak eta hirurok.
Hona hemen liburuaren inguruko zenbait zehaztasun:
(a) 4 urte eta piku eman ditut lan hau burutzeko (2004.03.24tik 2008ko udazkenera).
(b) Liburua bitan banatua azaltzen da, Jokin-i esker: Mundu globala/Euskal Herrirako irtenbide ekonomiko eta soziala.
(c) Lana Andolin Eguzkitzaren (1953.12.06-2004.03.24) oroimenean eginda dago”.

“Zamaontzia” (Susa) eta “Anaitasuna aldizkaritik finantza kapitalismora” (Utriusque Vascoanie) liburuez gain, Karmele Igartuaren poema liburu postumoa ere aurkeztuko da ostiralean Larrabetzun, Literaturiaren baitan. Pamielak plazaratu duen liburu honek “Itsaso kontra bat” du izenburu.

“Itsaso kontra bat”, Karmele Igartua (Pamiela)
Ekainaren 3an ostirala 12:30ean, Anguleri Kultur Etxean
Iazko udan zendu zen Karmele Igartua. Pamielak bere web orrialdean aditzera eman duenez, “Itsaso kontra bat honek Karmele Igartuaren hirugarren liburua izan behar zuen eta halaxe da. Bizitza babestuz eta maitatuz eta ederretsiz idatzia, senez eta intentzio osoz.
Itsaso kontra bat honek sen berberaz erakusten ditu bizitzaren eta amodioaren indarra, eta herio-minak sortutako egonezina. Eta bizitzaren eta herioaren orbainak gozatzeko ahaleginean, sen berberaz bilatzen du sosegua, alegia, edertasunean oreka, liburuan babesa, edo finean, Itsaso kontra bat“.

“Bränskint”, Goizalde Landabaso (Txalaparta)
Ekainaren 4an larunbata, 11:30ean Larrabetzuko plazan
Literaturiaren bigarren egunean aldiz, ekainaren 4an alegia, lau liburu izango dira aurkeztuko direnak. Aurkezpen hauek, ordea, Larrabetzuko plazan izango dira.
Txalaparta argitaletxeak aurreratu duenez, Goizalde Landabasok liburu honetarako Bränskint hiria sortu du, “Europa iparraldean imajina dezakegun baina, egia esan, beste edonon ere egon zitekeen irudizko hiria. Munduko hiri guztiak berdin eta ezberdin direlako. Horien tabernetako erakusleihoetatik tai gabe ikusten dugulako kale artean galdutako esperantza, aienerik ez duen mina, desioa eta, oroz gain, bizirauteko beharra.
Zementuzko oihanari gizatasunaren keria oro eman diogu. Tasunak, berriz, batere ez. Hiria munstrotzarra da. Inork ez du abarotzat eta, hala ere, bada, izan. Hiriak egin gaitu ala guk egiten dugu hiria?”.

“Decameron – Hamar Ipuin” (Igela)
Ekainaren 4an larunbata, 12:00etan Larrabetzuko plazan
Igela argitaletxeak ere nobedaderik aurkeztuko du Literaturian. Giovanni Boccacioren “Decameron – Hamar Ipuin” izeneko liburua da hedabideen aurrean plazaratuko duen liburua.

“Zer barkaturik ez”, Alberto Ladron Arana (Elkar)
Ekainaren 4an larunbata, 12:30ean Larrabetzuko plazan
Alberto Ladron Aranaren lan berri honen xehetasun gehiago aurkezpen ekitaldian emango dira, baina sinopsi moduko hau aurreratu du argitaletxeak bere web orrialdean: “Mikel Izuri ez zaio buruhausterik falta: emazte ohia batetik, bere anaia ganorabakoa bestetik… Anaiaren etxera doan batean, haren arrastorik ez baina hatz moztu bat aurkituko du halako batean. Poliziari deitu edo ez zalantzan, bere kasa ikertzea erabakiko du, anaia arazo handiagoetan ez sartzearren. Saltsa lodituz doa ordea: tartean nahastuko dira neska pinpirin andaluziar bat, bere aitatxiren oroitzapen bila dabilena; II. mundu gerrako mugako kontu nahasiak, alemaniar eta juduak, ezkontide jeloskor baten eragindako buruhausteak…”.

“Iza ote iza”, Xabier Soubelet (Maiatz)
Ekainaren 4an larunbata, 14:00ean Larrabetzuko plazan
Xabier Soubeletek Maiatzen eskutik plazaratu du poesia liburu berria. Berrian Aitor Renteriari irakurri diogunez, poesia bizia, ziztatzailea da Soubeletena: “Oteizaren hutsaren teoria ildo gisa baliatuz, hainbat bizipen eta gai indar handiz aurkeztu ditu Soubeletek”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

One Response to Zazpi liburu berri aurkeztuko dira Literaturian

  1. atxa says:

    “Zuzenketa bat. Testuan behin eta berriz “Banskint”idatzi duzue, baina liburuaren azalean ikusten denez, “Branskint” da. Bestalde, zorionak Literaturia antolatzen zabiltzatenoi, aurkezpenekin euskaldunok espazio normalago bat lortzen dugulako.”

  2. atxa says:

    “Zuzenketa bat. Testuan behin eta berriz “Banskint”idatzi duzue, baina liburuaren azalean ikusten denez, “Branskint” da. Bestalde, zorionak Literaturia antolatzen zabiltzatenoi, aurkezpenekin euskaldunok espazio normalago bat lortzen dugulako.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>