“Merkatuak ez du onartu”

Gurebook.com liburu elektronikoen dendak gaur itxiko ditu ateak

“Arrazoi ezberdinak medio, Gurebook.com atariak bere jarduna bertan behera utziko du. 2010ean hasitako bidea 2013ko urtarrilaren 31n etengo du, eta webgunea ere egun horretan bertan itxiko da”. Hala zioen, gaur arte, denda birtual honen atari nagusiak. Gurebook.com dendarenak egin duela, alegia. Itxiera honek zeresanik eman du. Berrian edota Boligrafo Gorria blogean argitara eman diren iritzien harira, besteak beste. Denda birtualari egin zaizkion kritikak onartu dituen arren, “merkatuak ez du onartu” adierazi digu Alexis Mindegia Gurebook denda birtualeko kideak. “Euskal irakurleek, euskaraz eta gaztelaniaz irakurtzen dutenek, ez dituzte gure liburuak erosi”.

Atzera egingo dugu. Denda martxan jarri zenean, horrelakorik gerta zitekeenik espero al zenuten? Harrituta hartu behar izan duzue erabaki hau? Harrituta eta tristeturik ere, akaso.
Bi gauza ezberdin dira. Harritu ez, ez gaitu harritu. Hasteko, arrisku bat bazegoen, arrisku nabarmena. Ildo, merkatu eta produktu berri batekin hasi ginelako. Gainera, jakin gabe merkaturik ba ote zegoen, eroslerik ba ote zegoen, produktua bera zenbaterainoko onargarritasuna izango zuen jendaurrean…
Eta espektatiba asko ez genituen. Gu hasi ginen honetan batez ere beharra ikusten genuelako esparru berri honetan. Bertako produktuentzat eskaintza propio bat egin ahal izateko bertan. Kontuan izan Gurebook-ek bakarrik euskal argitaletxeen liburuak saltzen zituela, bakar bakarrik. Gure asmoa zen bertako erosleentzat produktu berri hori eskaintzea, liburu elektronikoaren arloan esparru bat betetzea.
Bagenekien arrisku bat zegoela, horregatik gure espektatibak ez ziren oso altuak, ezta urrutitik ere. Beraz, ikusi dugu zein ibilbide izan duen eta harritu, ez gaitu harritu. Tristetu noski, tristetu gaituela. Baina bagenekien zaila izango zela eta horrela gertatu da azkenean.

Etorkizunean, bezero horiei elkar.com web orriko dendan atendituko zaie, ezta?
Bi gauza ezberdindu behar dira. Orain arte Gurebook-en erosi duten bezeroei, zerbitzu hori Elkarrek emango die aurrerantzean. Hori orain arte Gurebook-en erosi dutenentzat da. Elkarrek bere bidea dauka eta bere liburuak izango ditu salgai; sistema berri bat dauka orain.

DRM sistema ez da egokiena izan. Antzeko kritikarik egin zaio Gurebook dendari. Horren ondorioz etorri al da gainbehera?
Zergatik etorri den gainbehera ez dakit, baina gauza batekin ziur nago: ez da DRM-arengatik izan. Ez da DRM-arengatik soilik izan. Egia da DRM sistema ez dela sistema egokia. Hor huts egin dugu baina arrazoiak dezente harago doaz. Gaur egun liburu elektronikoak saltzen dituzten denda ezberdin askotan, ia denak gaizki pasatzen ari dira. DRM-arekin eta DRM-rik gabe.
Kontuan hartu gainera, DRM-a askok eta askok daukatela. Ez gaitezen engaina. Amazon famatuak bere Kindle-ean DRM-a dauka. Baina Gurebook-en itxiera argudiatzeko arrazoiak dezente harago doaz.
Nik ez dakit Euskal Herrian liburu elektronikoa baliatzen duten irakurleak zenbat diren, ez dut ideiarik. Baina ziur nago dagoen parkearekiko, proportzioan, oso eduki gutxi saltzen dela.

Salneurriaz ere hitz egin da, liburu batzuk garesti saltzen zirela.
Hori ezin dugu guk erantzun. Gurebook azkenean denda bat besterik ez zen. Salneurria argitaletxeek jartzen dute, beraz hori ezin zaio Gurebook-i egotzi. Liburu batzuk prezio altutzat jo daitekeena zuten, baina beste askok eta askok ez zuten halako preziorik. Eta horiek ere (merkeenak) ez ziren saltzen. Zalantzan jartzen dut argudio hori. Gurebook-en era askotako prezioak zeuden, baxuak edo altuak ziren nik ez dut esango, baina batzuk benetan merke zeuden eta ez ziren saltzen.

Salmenta hain baxua izan al da?
Nahiago dut zifrarik ez eman. Gu ez gara laguntzetatik bizi, plataforma martxan jartzeko laguntzak izan ditugu, baina ezin da laguntzetatik bizi. Merkatuan, salerosketan, ezin izan dugu aurrera egin. Merkatuak ez du onartu ez produktua, ez sistema. Beste batzuk esan beharko dute beste sistema batekin ea funtzionatzen ote dien edo ez, nik ez dakit. Baina oso garbi daukat liburu elektronikoaren esparruan euskal argitaletxeek gauzak zail dituztela.

Bai?
Bai. Gauza batzuetan huts egin dugu, egia da eta onartu behar dugu. Baina haruntzago joanez gero, liburu elektronikoaren inguruan dagoen merkatuan, posizionamenduan, aurrera egiten… Euskal argitaletxeek egoera konplikatua dute. Ez da erraza izango.

Kuriosoa da, elkarlanean abiatu baitzen Gurebook denda. Argitaletxe ezberdinek bat egin zuten honetan. Berme hori zuela, alegia.
Bai, eta horrela izan da. Elkarlanean aritu gara denok. Zentzu horretan, berme osoa zuen. Bilera asko egin ditugu, asko eztabaidatu dugu gure artean ere, baina merkatuak ez du onartu. Merkatuak ez du onartu. Euskal irakurleek, euskaraz eta gaztelaniaz irakurtzen dutenek, ez dituzte gure liburuak erosi.
Garesti dela, DRM-a dela… Arrazoi batzuk badira, baina nik uste dut sakoneko beste arrazoi kezkagarriagoak badaudela.

Merkatuarekin lotuta.
Noski, gu merkatuan gaude. Merkatuak ez du onartu. Liburu merkeak bazeuden Gurebook-en, aski merkeak, 2-3 eurotakoak. Eta gutxi saltzen ziren. Eta adi, nik ezagutzen dut euskal argitaletxe batzuk zer saltzen duten Amazon batean eta larri ibili! Soilik liburu elektronikoaz ari naiz.

Besterik aipatu nahi al zenuke?
Irakurgailua dutenek begiratu beharko liokete bere gailuari, ea zer duten hor barruan eta nondik iritsi zaien horra. Horren inguruan ere hausnartu beharko genuke.

Pirateoaz ari zara?
Bai, nabarmen. Eta kontuz, Gurebook-ek akatsak egin ditu. Baina gailu elektronikoak ditugunok begiratu beharko dugu zer dugun gure liburu elektronikoan… Horri buruz, noski, eztabaida oso zabala egin daiteke. Zeren batzuk ez diote pirateoa deitzen. Debate horretan ez naiz sartuko baina adi.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

0 Responses to “Merkatuak ez du onartu”

  1. Mikel Iturbe says:

    Ez nago ados, merkatua badagoela Susak erakutsi du, 1000 liburu baino gehiago saldu baititu: http://www.armiarma.com/emailuok/?p=3002

    Baina, DRMrik gabe, liburuak merkeago saldu ahal izan ditu eta edozein irakurgailutan irakurri ahal izan dira edukiak era erraz batean. Gurebook-ekin ez zena posible.

    Argi dago eztabaida egin beharrekoa dela, baina irakurle edo “merkatuari” pirata deitzea ez da modurik egokiena berau abiatzeko.

  2. Alexis Mindegia says:

    Kaixo Mikel
    Barkatu baina nik esan ez ditudan hitzak jarri dituzu nire ahotan. Nik ez dut esan meraktua pirata denik, baina argi dut “pirateoa” delako hori esistitzen dela. Eta aipatu beharra dagoela, eta orkorrean liburugintzarengan eragina duela, eta euskal liburugintzan ere.
    Eta merkatuari dagokionez, oso interesgarriak dira Mikel Elortzaren hitzak Berriako artikuluan, merkatua bai baina negoriorik ez. Nola biziraun orduan?