Jasone Osororen liburu gomendioa

Niccolo Ammaniti idazlearen Tú y yo nobela proposatu digu

Prentsan eta telebistan lan egin izan du hainbat urtez. Horrekin batera, hainbat liburu plazaratu ditu. Helduentzat kaleratu dituenen artean dira Tentazioak eta Korapiloak ipuin bildumak, Greta eleberria, Isadora Duncan biografia, Bi marra arrosa kronika… Gazte literaturan, berriz, Jara liburu-sorta edota Ezekiel nora ezean, azken hau 2012ko irailean argitara emana. Liburu gomendio eske jo dugu eta hauxe da Jasone Osorok hautatu duen liburua: Niccolo Ammaniti idazle italiarraren Tú y yo eleberria.


Niccolo Ammaniti, Tú y yo, Anagrama

“Café?”. Galdera horrekin hasten den liburu bat tentazioa da, berez. Tentazioa da hasieratik gonbita bat luzatzen dizulako, horren atzetik datorrena entzutea merezi duela bermatzen duelako. Entzutea diot, bai. Izan ere, Niccolo Ammanitiren Tú y yo nobela laburrak orriz orri istorio bat kontatu egiten du, eta zuk irakurri gabe entzun dezakezu ia. Hizkuntza zuzena darabilelako, eszena guztiak pantaila baten aurrean bezala ikus ditzakezulako, itoaldia sentiarazten dizulako, eta tristura, eta irribarrea eta pertsonaiekiko enpatia osoa. Nerabetasuna krudela da eta Lorenzo  14 urteko nerabea da, isila, itxia, sozializatzearen ariketa oso ondo ez daramana. Berak desio duen bakarra munduak bakean uztea da. Eta hori lortzeko, gurasoei sinestaraziko die bere adinekoak bezain normala dela eta lagunek eskiatzera gonbidatu dutela. Horrela, astebete pasako du bere etxeko soto abandonatuan. Bakarrik. Coca colaz, atun latez eta beldurrezko liburuez inguraturik. Heldua izateari, ardurak hartzeari ikara dion nerabe horrek bere unibertso partikularra eratuko du, gorroto duen mundu horretatik ihes. Baina, ezustean, aspaldian ikusi gabe zeukan 9 urte nagusiagoa den arrebaordea azalduko da. Eta zazpi egun iraungo duen elkarbizitza horretan 14 urtetan baino gehiago ikasiko du bizitzaz, anai-arreben arteko harremanaz, maitasunaz, maiatsun-ezaz, drogez, heriotzaz, beldurrez, inozentziaz…. Ipuin luze horretan, Lorenzok eta Oliviak euren bizitzen pusketa intentsu baten konplize bilakatzen dute irakurlea. Ederra da, zinez, Ammanitiren liburua.

Jasone Osoro

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.