Samara Velterekin solasean

Erabat kontziente izango bagina egiten ari garenaz ez genuke ezer idatziko

Samara Veltek Eta Karmele? antzezlana plazaratu du Edo! argitaletxearen ‘Xortak’ bilduman. Antzezlana Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreekin elkarlanean sortu zuen duela lau urte, eta paperera iritsi arte etengabe moldatzen ibili dira. Laurogei emanaldi inguru egin dira urteotan Eta Karmele? antzezlanarekin.


Jendez lepo egon zen Zarauzko Garoa liburu denda otsailaren 6an, Eta Karmele? liburuaren aurkezpenean. Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreek libururako idatzitako hitzaurreak irakurri zituzten, Samara Velterekin solas egiteko aukera egon zen ondoren. Handik egun gutxira elkartu gara egilearekin, Zarautzen bertan.

Ez da oso ohikoa teatro testu baten bitartez ematea ezagutzera idazle berri bat. Zerk egiten du teatroa erakargarri?

Teatroaren jolas izaera horrek. Pixka bat infantila ematen du, eta bada, baina asko gustatzen zait txikitako ‘imajinatzen…?’ formula hori. Ez dauden egoera batzuk imajinatzea, nahiz eta gauza guztiz absurduak izan. Askotan pertsonaia batzuk sortzen dituzu, hizketan jarri eta momentu bat iristen da zeinean irudipena ematen dizun ez zarela ari zu idazten, beraiek ari direla hizketan. Dudaren aurrean pertsonaiei galdetzen diezu, oraintxe bertan ze erantzun dator galdera honi? eta zure pertsonaiak ezagutzen badituzu beraiek erantzuten dizute. Jainko txiki izatera jolastea da, zuk egoeretan eragiten duzu, egoerak sortarazten dituzu, baina aldi berean ikusle ere bazara. Hori da gustatzen zaidana, jolas hori.

Oholtzan ikusi dituzunean pertsonaia horiek harritu egin zaituzte? Ezezagun batzuen aurrean ikusi duzu zure burua, edo aspaldiko ezagun batzuen aurrean?

Segun eta nola sortu izan den. Eta Karmele?ren kasuan adibidez nik ere sormen prozesuan parte hartu nuen, ikusi nuen nola zihoazen sortzen pertsonaiak, Ainhoa eta Iraia nola ari ziren beren pertsonaiak ateratzen, eta imajina nezakeen zein izango zen azken emaitza. Ezberdina izango zen nik testua lehenago ezer jakin gabe entregatu eta gero zuzenean ikusi izan banu. Kasu honetan gainera, beraien irudiak kontuan hartuta idatzi nuen testua.

Probatu izan duzu inoiz beste generorik idazten?

Periodikoan bai… (barreak).

Beno, kazetaritza ere idaztea da ezta?

Bai, eta nire dudak dauzkat non dagoen bakoitzaren muga. Eta Karmele?ren zati batzuk errealitatetik bere horretan hartu eta testuinguru jakin batean jarri nituen, ez da horrenbeste ezberdintzen kazetaritzan egiten dugun lanetik. Badauzkat narrazio labur batzuk idatzita ere, baina narrazioak askoz gehiago eskatzen dit, lanaren gainean egon behar izatea. Sentsazioa ematen du norberak tira behar duela narrazioetatik, zuk ez baduzu egiten ez doala bera bakarrik. Antzerkiak berak lagundu egiten zaitu idazterakoan.

Dialogoek berez eduki ditzaketen ezaugarriengatik?

Bai, azkenean harreman bat sortzen da pertsonaiekin, ezagutu egin behar dituzu. Ezagutzen dituzunean zu eta pertsonaien arteko harreman horretan zentratu behar duzu, harreman horrekin fidatu. Ez duzu kontrolatu behar beraien inguruko ezer, hori ez da hain inportantea. Narrazioan gauza asko zaindu behar dira, gauza asko kontrolatu. Eta ez naiz ikusten ezer kontrolatzeko moduan, zentzu horretan ez zait iruditzen fondo nahikoa daukadanik ezertaz idazteko.

Oraingoz…

Bai. Horrelako zerbait idazten jartzerakoan dokumentaziotik hasi izan naiz beti, baina lan hori ez da inoiz bukatzen. Nola idatziko dut ipuinik txikiena ere ez bada nire inguru oso-oso gertuko zerbaiti buruz? horrek atzera egiten dit. Baina elkarrizketen bitartez errazagoa da pertsonak ezagutzea…

Sentsazioa dut liburu hau hainbat periferiatan kokatua dagoela: antzerkia da, absurduaren ezaugarriak ditu, bi emakume (edo hiru) dira protagonista, besteak beste indarkeriaz modu ez ohikoan mintzo dira… ‘periferiak’ ikusten ditut, baina zeren ‘erdigunean’ dago liburu hau?

Egia esan, ez dakit zer erantzun. Zeren erdigunean egon liteke… erantzuna jakingo bazenu bezala egin duzu galdera, beraz pista bat emango bazenit…

Aipatu ditudan horietako bakoitza periferia bat izan daiteke, baina azkenean gauzei garrantzia ematean datza erdigune izatea…

Agian guk ez genuen ohiko bideetan enkajatzen. Antzerkia egitea erabakitzen duzun momentutik hasita. Bestetik, uste dut Eta Karmele? ez dutela inoiz antzoki handi batean antzeztu, hemen inguruan ez dago ere antzoki askorik, baina daudenetan ere oso gutxitan egin da. Gehiago ikusi da gaztetxeetan, tabernetan, kultur etxeetan, euskara elkarteetan… sortu zenean asmoa ez zen handinahia, eta ez da orain ere. Nahiko modu xumean sortu eta zabaldu da, nahiz eta laurogei emanaldi zenbaki potoloa den. Nik Eta Karmele? ez dut imajinatzen Victoria Eugenia batean, edo telebistan, ez da hori antzerki honentzat nahi dudana. Ez du enkajatzen, baina segur aski ez dugu nahi ere.

Indarkeriaren gaiari dagokionez ez da erraza hura irudikatzea morboan, adibidez, erori gabe. Pentsatzen dudanean zer den salgarria, zerk funtzionatzen duen erdiguneko normaltasun horretan, estereotipoetan oinarritutako indarkeria fisikoa etortzen zait burura. Baina horiek ez dira batere interesanteak.

Indarkeriaren gaia modu askotara landu liteke, baina kasu honetan sotila, poetikoa, ez da batere ebidentea… hautu kontzientea izan zen?

Bai. Ez genuen antzokian gezurrezko odola jartzen hasteko gogorik, ez beti ematen den irudia ematekoa ere. Indarkeria sexistaz hitz egiten denean begiratzen baduzu hedabideetan nola saltzen duten ia beti etxe ingurukoa da, ia beti fisikoa, baldintza jakin batzuk betetzen ez baditu oso zaila da katalogatzea tratu txar bezala. Alde batetik argi dago hori ez dela horrela, indarkeria leku guztietan ematen dela, harreman guztietan, eta ez dela zertan izan soilik gizon eta emakumeen artekoa, nahiz eta seguru nagoen botere harremanengatik izaten dela gehiago. Tratu txar asko daude hitzezkoak direnak, harremanetan eta elkarrizketetan asko azaleratzen da eta hori ere erakutsi behar da. Azkenean nola harremantzen gara elkarren artean, non dago horren hasiera, zer jotzen dugu indarkeriatzat eta zer ez? Eta Karmele?n hori islatu nahi genuen. Beraien arteko elkarrizketetan indarkeria dezente dagoela iruditzen zait, nahiko zakar jokatzen dute elkarrekin nahiz eta asko maite duten elkar, hori ere ikusten da, baina errespetua faltatzen diote sarri elkarri, oso gertu daude baina elkarren espazioa ere jan egiten diote elkarri. Alde batetik indarkeriaren ikuspegi sinple horretatik atera nahi genuen, eta beste alde batetik kontu estilistikoa ere bazen, ez genuelako nahi eszena erdian inor jotzen hasi.

Lehen aipatu duzu prozesua elkarlanaren bidetik joan zela. Idaztea bakarkako jardun batekin lotu ohi dugu, ezberdintzen duzu taldean eta bakarka idaztearen artean? jolas berdinaren parte da zuretzat?

Nik oso beharrezkoa dut taldea, sinesteko egiten ari naizen horretan. Kosta egiten zait bakarrik egiten ditudan gauzetan sinestea, ez naiz gai horiek bukatzeko edo jarraitzeko, askotan ia ezer sortu baino lehen lotsatu egiten naiz idatzitakoaz. Alde horretatik beharrezkoa zait babes bat eta feed back bat izatea, norbaitentzat idaztea, zerbaiterako idazten ari naizela sentitzea. Egunkariko lana ere horrela ulertzen dut: talde bat, proiektu bat eta produktu bat da hor dagoena, horretarako ari naiz eta proiektu horretan sinesten dudan neurrian, babes hori sentitzen dudan neurrian, sinesten dut nire lanean ere. Antzerki honekin gauza bera izan zen. Gero sortze prozesuan jakina gozamena norberarena ere bada, idatzi eta momentuko ilusio eta gozamen hori norberarena da, baina ez zait iruditzen hainbeste iraungo zuenik talde testuinguru hori ez eduki izan ez balu.

Absurduaren teatroa deitu izan denaren sorreran zerikusi handia zuen adierazteko ezintasunak, frustrazioak… absurdua ez da inoiz absurdu hutsa, beti dago fondo bat, askotan soziala ere badena. Badirudi egun bizi ditugun gauzak adierazteko tresna baliagarria izaten jarraitzen duela.

Eta gero eta gehiago iruditzen zait gainera. Eta Karmele? hasieran ariketa bat izan zen. Ainhoak ikusia zuen Godoten esperoan, eta hori  imitatuz sortu zen honakoa. Lehenago ez nuen behin ere horrelako ezer idatzi, segur aski ez zen izango neure kabuz aterako zitzaidan zerbait, baina lanean hasi nintzen eta gustatu zitzaidan. Arrez geroztik askoz ere gehiago jotzen dut horrelako gauzak idaztera, modu absurduan. Egia esan, kontuan izanda Eta Karmele?ko elkarrizketa batzuk errealitatetik hartuak direla, eta orduz geroztik horrelako gehiago jaso eta apuntatu ditudala, Eta Karmele? gehiago posible lirateke egin. Egunero etortzen zaizkit errealitatetik erabat absurduak iruditzen zaizkidan gauzak.

Proiektuaren hasieran ez zenuen beraz Godot ezagutzen. Orduz geroztik topatu duzu, edo haren zain jarraitzen duzu?

Gero irakurri nuen liburua. Zain egotearena uste dut tranpa bat dela, Godoten esperoan irakurri nuenean ere ideia horrekin geratu nintzen. Falta den horretan pentsatzen egotea benetan zer dagoen ikusteko trikimailu bat da. Konturatu nintzen maila horretan harreman polit bat sortu genuela Karmelerekin, eta haren aitzakian bi emakume protagonistekin.

Zer antzerki irakurri duzu gerora, erakargarri egin zaizuna?

Irakurri dudan azkena estilo horrekin zerikusia zuen, Alvaro Menem Desleal El Salvadorreko idazlearen Luz negra. Burua moztu dioten bi pertsonaien buruak uzten dituzte plaza erdian botata, hiltzen ari dira baina oraindik elkarrekin komunikatzen dira. Bere sinpletasunean bi pertsonaia bizitzaren inguruan, heriotzaren inguruan hitz egiten… badu loturarik Godot eta Karmelerekin.

Igo zara inoiz oholtza batera?

Nerabezaroan bai, hamairu-hamalau urterekin edo, Ainhoa bera nuelarik irakasle. Orduan hasi ginen gure antzerki taldea sortzen, obra batzuk idazten… Baina Eta Karmele? idatzi nuenetik behera joan da proportzionalki nire presentzia eszenatoki gainean.

Antzerkia idazteko garrantzitsua izango da antzerkia barrutik ezagutzea, pertsonaia baten tempoa zein izan daitekeen sumatzea…

Idazten ari naizenean askotan imajinatzen dudana da nik neuk nola antzeztuko nukeen, eta gustura sentituko ote nintzatekeen hori egiten. Hori da nire irizpide nagusia, ondorioz sortzen zaizkidan pertsonaiak uste dut oso nire antzekoak direla, niri eroso egiten zaizkidanak. Ez dauzkat hainbeste lan konparatzeko, baina idatzi dudan azkeneko lana adibidez bada ere nahiko absurdua, baina oso luzea da eta ez dauka ekintzarik batere. Ezin antzeztuzkoa dela iruditzen zait.

Pentsatzen dut Eta Karmele?k zirriborro batzuk ezagutuko zituela paperezko bertsiora iritsi arte. Noiz ematen da itxitzat teatro testu bat?

Horrelako testu batean zaila da. Eta Karmele? batere jarraikortasunik gabe idatzia dago, zatiei buelta emanda, zatiak aurrera-atzera pasa, gauza berriak sartu… guk data bat genuen lana bukatzeko, eta horrela egin genuen aurrera. Nire borondatearen gain geratuko balitz ez nuen inoiz bukatuko. Antzezteko orduan testuak moldaketa bat eskatzen du derrigor, Ainhoak eta Iraiak ere egin dizkiote bereak, argitaratu ahal izateko beste batzuk egin dizkiogu… ez da txarra antzerki bat malgua izatea eta aldatzen joatea.

Liburuaren aurkezpenera etorrita, Garoan jende ugari bildu zen. Publikoan zegoen pertsona batek galdetu zuen ea zer edo zer berria prestatzen ari zaren, beraz… Eta Samara?

Samara oraintxe oso liatua dabil. Nahi dut, idazteko sentitzen dut gogoa idaztea bera asko gustatzen zaidalako, baina aldi berean sentsazioa daukat zenbat eta kontzientzia gehiago hartu idaztean egiten ari naizenaz, orduan eta gehiago kostatzen zaidala ezer sortzea. Alegia, beti behar da arinkeria puntu bat, baita kazetaritzan ere. Erabat kontziente izango bagina egiten ari garenaz ez genuke ezer idatziko.

Esaldi hori titularrerako erabiliko dut.

Hori da sentsazioa. Presiopean, kanpoko faktoreak eramanda ari bazara lanean aurrera doa. Agian zure burua zuritzeko aitzakia besterik ez da, baina zera esaten duzu: ahal dudana egin dut eta listo, entrega ordu bat neukan eta tarte horretan ahal dudan ondoena egin dut, mila aldiz hobeto egin nezakeen jakina, baina helburu bat zegoen eta helburu hori behintzat bete dut. Antzerkiarekin ere berdin. Zu bakarrik hasten baldin bazara, zure motibazioa ‘ekarpen on bat egitea’ denean, non dago muga? ez da inoiz nahiko ona, eta ez daukazu aitzakiarik, ezin duzu esan halako data batean entregatu behar nuen. Orain hori gertatzen zait, askotan zerbaitetan jarri eta bigarren orria idazterako lotsatu egiten naiz idaztera nindoanaz ere.

Albiste honen uberan:

Albistea Berrian: Oholtzatik liburura

Elkarrizketa Urola-Kostako Hitzan

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak and tagged , , , . Bookmark the permalink.

Comments are closed.