Goizalde Landabasoren liburu gomendioa

Cormac McCarthy idazle amerikarraren The Road (2006) hautatu du

Irrati esataria ogibidez, idazle gisa ere ezaguna da Goizalde Landabaso. Argazkian ageri da bere azken liburuarekin, Bränskint (Txalaparta, 2011) izeneko narrazioarekin. Azken boladan, Txokolatea eta Bizkotxoak izeneko ekimena sustatzen dihardu Ane Zabalarekin batera. Hitzen Uberan ere laguntzaile gisa aritu izan da, besteak beste, azalak osatzen. Honakoan, liburu gomendio batekin datorkigu: The Road, 2006an Pulitzer saria jaso zuen liburuarekin, hain zuzen.

Laztasunean gozamena

Zaila zait irakurtzen ditudan liburuekin geratzea. Denbora pasatuta soilik sentsazioak oroitzen ditut. Cormac McCarthyren The road lanak gehiago utzi zidan. Gauetan irakurtzen nuen, ohean; eta utzi behar izan nuen. Amets gaiztoak izaten nituen; sekula amaitzen ez ziren autobide abandonatuak, jan nahi ninduen ezezagun bat, baina denen gainetik barru barruetan sentitzen nuen izua. Hizpide apokaliptikoak ez dira orijinalak literaturan, onartzen dut, baina ni harrapatu ninduen honek. Etorkizun eza, existentziaren bakardadea, ez dakit zer izan zen. Agian, elkarrizketak agertzeko modua izan zen. Zuzenak, laburrak, izoztuak. Amerikar eleberri beltzak erabiltzen dituenetik asko dute solasaldiok, alegia, honetan ere ez dela originala. Oxigenoa falta zitzaidan su-etenik ez zuen eleberri hartan. Liburua itxi, zabaldu, itxi zabaldutan ibili nintzen. Eta orrialde gutxi batzuk falta zitzaizkidala, hau da, matazaren korapiloa askatzear zegoela abandonatu nuen. Liburua gomendatu zidaten lagunek liburua amaitzeko esan zidaten, “Kauentxos, Goizalde, amai ezazu!”. Eta, zorionez, amaitu nuen. Ez dut ukatuko McCarthyk eleberri hoberik duela (Blood meridian, esaterako), eta beharbada Pulitzer saria irabazi zuen eleberri honek izandako oihartzun mediatikoak atzera bota zaitzake. Baina merezi du irakurtaldi bat.

Goizalde Landabaso

The Road liburuaren lehen edizioko azala.

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.