Oier Goitia Abadiaren poemak, Ataramiñe-ren eskutik

Oier Goitia Abadiaren Fakin Xokona poesia liburua argitaratu du Ataramiñek. Mikel Antzak editaturik dator alea, eta haren hitzaurrearekin. ‘Kartzela oro da Fakin Xokona, baina preso bakoitzak bizi du bere kartzela’ irakur daiteke kontrazalean. Orrietan barrena, xehetasunei gaina hartzen dien sarraila irekien bidaia.

.

Soinuak, keinuak, objektuak, oroimenaren barne zirrikituak… eguneroko errepikan pertsonak, adi edo beha, zorionerako prest, hitzen gordelekuetan. Sentsazioen bidaia izan liteke Fakin Xokona, erreala bezain gordina; itxaropentsua, testuinguru itogarri eta estuaren baitatik poesia liburu bat sortzen den heinean.

Mikel Antzaren hitzak dira hauek:

Kartzelako poemak dira Fakin Xokonakoak. Oier Goitiarenak dira. Oinordetzan utzi zizkidan gauzen artean baliotsuenak, arratsalde askotako une zoriontsuak ekarri dizkidanak, aspaldian ez bezala hitzekin jolas egiteko aukera eman baitzidaten, bidaiatzeko proposamenak, amets egiteko.

Egindako lana igorri eta ‘bere’ Fakin Xokonako poemekin egin nuena ikusi zuenean, biok sinatu behar genituela esan zidan Oierrek. Ez nuke arazorik. Hireak dituk ordea. Oierrek sortu ez balitu ez nuke nik haiekin jolas egingo. Nireak izan zitezkeen, egia da. Oierrenak dira, baina beste edozein presorenak ere izan zitezkeen, kartzelako errealitateaz ari da eta, preso dagoen gizakiaz, bere min eta ametsez, askatasunean bizitakoaren oihartzunez, askatasuna berreskuratzeko grinaz.

Iker Morenoren ilustrazioek laguntzen dute liburua. Jarraian duzue hitz eta irudien lagin bat.

Errutina

Goizero

klon-klon tranka-klin-klin giltza-

zarata berdinak beti,

aurpegi larri berdintsuak atalasean

egun on pozoitsu berdinak,

errutina bera

keru bera

narda bera.

.

Eguerdiro

klin-klin giltza-

zarata berdinak beti,

aurpegi kopetilun berdintsuak atalasean

on egin pozoitsu berdinak,

errutina bera

keru bera

narda bera.

.

Arratsero

aurpegi zikoitz berdintsuak atalasean

gabon pozoitsu berdinak,

klin-klin giltza- klon-klon tranka-

zarata berdinak beti,

errutina bera

keru bera

narda bera.

.

Gau-erdiro

ate itsuan aurpegi berriak aldiro

kantu doinu berriz irriñoz,

amets on alaitsu berdinak opa,

errutina gozo bera

etxeko lurrin bera

maitasun bera

ziegan hedatuz.

 

70 Urteurrena Egunero (Gernika)

    Urteurrena

    Ospatzeko ezer gutxi

    Hura isiltasuna zerutik zetorrena

    oihuka hasi aurretik

    negarrez bukatzeko

…………………………….negarrez bukatzeko.

    Hura isiltasuna herritik zetorrena

    oihuen ondoren

    deseginda bukatzeko

…………………………….deseginda bukatzeko.

    Ospatzeko ezer gutxi

 

Paseoan Ateratzen Nautenean

Paseoan ateratzen nautenean

bi metro karratuko espazioan

bizitzaren abiadura dakusat

.

Paseoan ateratzen nautenean

zure bila nabil,

makurtuta

okertuta

leihoko zulotik

zu ikusteko antsietatez.

.

Paseoan ateratzen nautenean

autobideko kotxeak soilik

hautematen ditut,

joan etorriko ordu t’erdian.

.

Paseoan ateratzen nautenean

<> zeharkatzen,

zu aurkitu besterik ez dut buruan.

.

Paseoan ateratzen nautenean

makurtuta

okertuta

leihoko zulotik

oinetakoak ikusten ditut,

orkatilak

gidailak

belaunera arte

.

Hamaika pare artean

zailki identifikatu zaitut

zure oinetakoak

zure orkatilak

zure gidailak

zure belaunak

eta hortik aurrera

nik janzten zaitut

eta horrekin eta horrela bada ere

nahikoa dut.

.

Paseoan ateratzen nautenean

Kaleak eta hiribideak ezagutzen ditut,

hainbestetan zapaldutako espaloiak,

ni nenbilelako garaietan gogoratzen zaitut.

.

Paseoan ateratzen nintzenean

zenbatetan ikusten nuen kamioi argi-urdina,

zenbatetan imajinatu ezinik

hor zeramatela

bi metro karratutan estu

Euskal Herriko zati bat eskuburdinaz,

oinetakoei begiak kendu ezinik,

askatasuna inguruan eta hain hurbil

agian hitzordura nindoan nire bila

nire oinetakoak ezagutu

eta hortik gora jantziz

.

Paseoan ateratzen nautenean

Nire oinetakoak aurkituko ditudan esperantzaz

makurtuta

okertuta

leihoko zulotik

begiratzen dut

korrika egiteko ohartarazteko nire burua

atzean ditudala

harrapatuko nautela bestela.

 

This entry was posted in ai-Irudiak eta hitzak, Aingura hegodunak, Albisteak and tagged , , . Bookmark the permalink.

Comments are closed.