‘Plastika’, Ixiar Rozas eta Mursegoren proiektu berria

Ez dira erraz topatzen Azala kreazio espazioa bezalako proiektuak. Arabako Lasierra herri txikian sortu zuten Idoia Zabaletak eta Juan Gonzalezek 2008. urtean. Ordutik ugariak izan dira bertako espazioak sormenerako erabili izan dituzten artistak. Asteburu honetan Ixiar Rozas eta Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ jardungo dira lanean ‘Plastika’ izeneko proiektuan, eta igandean lan prozesuaren erakustaldia egingo dute Ate irekiak saio irekian.




Natura, isiltasuna, autoa utzi berritan iturriaren soinua, ‘Molekula’ izeneko astoaren irrintziak… bakea, edo kontzentrazioa. Azala kreazio espazioak hori eskaintzen die sormen prozesu betean diren artistei, eszenarako bidean: espazioa, denbora, haien prozesuak ulertzen dituen lan talde baten babesa.

Ixiar Rozas eta Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ martxoaren 1etik 3ra jardungo dira lanean, ‘Plastika’ izeneko proiektuan. Martxoaren 3an 12.00etan ordura arte egindako lana erakutsiko dute publiko aurrean, 12.00etatik aurrera Azalan bertan. Erakustaldia ez dute bakarrik egingo: Blanca Ortigak [aPNEA] izeneko proiektua aurkeztuko du.

Plastika

Hauxe da egileek zabaldu duten proiektuaren azalpen iradokitzailea:

1) Aztarna. Aztarna- kontzentrazio. Aztarna- elementu. Aztarna alterazio. Aztarna fisikoa. Aztarna- organo. Aztarna- trans. Aztarna trogano. Aztarna zuri. Aztarna- azantza. Arrasto. Traza.

(2) Ahotsa. Ahots apal. Ahots bakar. Ahots- bide. Ahots harro. Ahots bifido. Ahots misto. Ahots alterazio. Ahots- bihurgailu. Ahots- fremitu. Ahots- itzulkin. Ahots- maiztasun. Ahots- miazkatu. Ahots- zurrusta. A- hots. Ahuts.

Ahotsa, aztarnak, soinua, idazketa eta gorputza. Hizkuntzaren plastizitatean arakatu. Hitzekin zein ahotsarekin ikus- entzunezkoa egitea bilatzen du Plastika lanak. Hitzak eta haien hotsak oratu eta birrindu. Azkenean lortu dugu izenburu bat.

Egileei buruz:

Ni Mursego naiz, Maite Arroitajauregi (Eibar, 1977), biolontxeloan lizentziatua, Gasteizko Goi Mailako Musika Eskolan. Betidanik gustatu izan zait musika sortzea, baina partituretatik aparte, nire barne-baitan dagoenari kanporako bideak irekiz. Luze daramat beste talde askorekin kolaboratzen, disko zein zuzeneko emanaldietan: Gora Japon, Napoka iria, Kokein, Miztura, Lisabö, Kashbad, Anari, Manett… Bakarlari gisa hasi nintzen arte, 2009an. Loop pedala daukat lagun, eta hari geruzak gehitzen dizkiot, armonia ezberdinak sortu ahal izateko. Horretarako, ahotsaz baliatzen naiz, edo casio teklatua, oukalele, autoarpa edo marakak, besteak beste, erabiltzen ditut. Dantzarako, ikus-entzunezko lanetarako eta filma laburretarako musika konposatzen dut.

Ixiar Rozas (Lasarte- Oria, 1972) idazlea, bideo- sorkuntzen egilea, dramaturgoa eta ikerlaria naiz. Testu praktikatik abiatuta, idazketa luzatzea bilatzen dut: narratiba, poesia, gidoi ikusezinak, pieza eszenikoentzat testuak eta testu kritikoak, hainbat herri eta hizkuntzetan plazaratu diren materialak (Mexiko, Italia, Erresuma Batua, USA, Portugal, Errusia eta Eslovenia). Idazketaren hedaduratik lankidetzan ibili naiz (edo nabil) honako koreografo eta artistekin: Idoia Zabaleta (Gasteiz), Filipa Francisco (Portugal), German Jauregui (Bilbo/ Brusela), Estela Lloves (Vigo/ Berlin), Maria Muñoz eta Pep Ramis (Mal Pelo, Girona), Maider Lopez (Donostia). Arte Ederretan doktorea naiz (EHU/ UPV), gaur egungo eszenan ahotsa eta performatibitatea ikertzen duen tesi batekin.

Albiste honen uberan:

Ixiar Rozas Argian: Azalerak. Esperientzia egiteari buruzç

Sortzaileentzako landetxea (Berria)

Ixiar Rozas: praktika eszenikoetan idazketa luzatuz

Azalean berriki egondako beste bi sortze prozesuen erakustaldiak dituzue hauexek:

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.