Arrate Egañaren liburu gomendioa

Haur eta gazte literaturan lan ugari plazaratu ditu Arrate Egañak. Iaz, Paradisua (Elkar) liburuarekin, helduentzako ipuinak eman zituen argitara. Antzerkian ere trebea da, Irun Hiria saria irabazi zuen Egia antzezlanarekin. Honakoan, liburu gomendio eske gerturatu gara Arrate Egañarengana, eta Henning Mankell idazle suediarraren hauxe hautatu du: Ohe elurtuan lo egin zuen mutikoa. Juan Mari Mendizabalek itzuli eta Ereinek 2003an plazaratu zuen nobela. “Gazteei zuzendutako liburu honek arrastoa utzi du nire gogoan, horregatik aukeratu dut, irakurri nuenez geroztik urte batzuk igaro diren arren”, irakurriko duzue ondoko iruzkinean.


Elurrezko itolarria

Gazteei zuzendutako liburu honek arrastoa utzi du nire gogoan, horregatik aukeratu dut, irakurri nuenez geroztik urte batzuk igaro diren arren. Gero eta jarraitzaile gehiago omen du Bildungsroman deituriko generoak. Eleberriek heldu izateko bidean dauden protagonistak dituzte, eta gazteentzat daude idatziak bereziki, nahiz eta, esan legez, helduak ere zaletu izan. Arrakasta hori ez zaio zor soilik Peter Pan sindromea pairatzen dugunoi; aldiz, berez da genero emankorra, ale adierazgarri batzuek erakusten duten moduan, hala nola Eulien ugazaba, Tormesko itsumutila edo Artistaren gaztetako portreta-k. Liburu hauetan kalitatez ez ezik abentura ere topatzen dugu, eta bizitzaren gai garrantzitsuenen agerpena (maitasuna, adiskidetasuna, heriotza, familia…) Gazte garaia ezin intentsuagoa izaten da, aldika samurra, aldika basatia. Protagonistek hain urruti ez duten haurtzarotik inozentzia eta ametsak jasotzen dituzte, eta hain berea izaten den umorea eransten diote.
Gure nobela Henning Mankell suediarrak idatzi zuen 1996an (2003an JM Mendizabalek euskaratu zuen). Mankell, Kurt Wallander detektibe famatuaren sortzailea izateaz gain, beste obra interesgarri asko idatzi ditu, tartean Joel gazteak protagonizaturiko tetralogia. Denak irakur daitezke euskaraz. Ohe elurtuan lo egin zuen mutikoa hautatu dut lehenengoz irakurri nuelako, eta horren bidez murgildu nintzen Joelen mundu hotz bezain liluragarrian. Baina tetralogiako hirugarrena da berez.
Joel Gustaffson nerabea Suediako herri txiki hotz batean bizi da, etxe xume batean. Aitarekin bizi da, Samuelekin. Samuelek arbolak talatzea du ogibide, nahiz eta lehenago itsasgizona izan zen. Maizegi edan du lar, eta aspalditik, agian ahaztearren mutikoaren amak utzi egin zituela. Joel bere kasa bizi da, bere ametsak ditu eta bakar-bakarrik egiten die bere arazoei aurre. Eskolan ere ez doakio ondo; bestelakoak baititu lehentasunak. Gogorra eta sentibera da batera, eroa tarteka, azkarra eta ameslaria. Urte berriari zenbait desio betetzeko eskatzen dio, besteak beste Rock Star bat izatera iristea, edo musu bat lortzea.
Zaila du ingurua, latza herriko giroa. Elurrak paisaia zuritasun ankerraz janzten du, eta beste pertsonaia baten funtzioa du, gainontzeko pertsonaien bizimodua baldintzatzen duen heinean. Bakardadea eta isolamendua sinbolizatzen ei du elurrak (autorea egun Mozambikeko Maputo hirian bizi da). Nolanahi ere, horrelako giroetan ere badago emozio gordinentzako tokia. Joelek hainbat abentura biziko du inguruko jendearekin. Hori bai, benetako abentura bere baitan gertatuko da.
Era lasaian kontatzen du Mankellek hori guztia, mara-mara, sinesgarritasunez, azalkeria melengetan erori gabe. Estiloa poetikoa da sarritan, dramatikoa eta gordina zenbaitetan. Badaki, halaber, oso egoera ederrak izugarrizko trebeziaz irudikatzen.
Herrian tren geltokia dagoela esaten da, baina ordutegi-taulan honelako oharra eskegi du norbaitek: “Hemen ez da trenik gelditzen. Mozoloak bakarrik gelditzen dira hemen”. Istorioa ez da mozoloentzat ordea, eta barne muinetan txertatu eta bertan gelditu egiten da.

Ohe elurtuan lo egin zuen mutikoa

Egilea: Henning Mankell

Argitaletxea: Erein

Argitalpen data: 2003

Itzultzailea: Juan Mari Mendizabal

Bilduma: Perzebal

Orri kopurua: 256 orrialde

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.