Idoia Beratarbideren ‘Memoria zulatua’ erakusketa

Idoia Beratarbide pintore eta ilustratzaileak Memoria zulatua erakusketa inauguratuko du bihar (ekainak 14) eta uztailaren 9a bitarte ikusi ahal izango da. Hainbat idazlek poemak idatzi dituzte erakusketako irudietan inspiraturik, eta espazioan bertan irakurri ahal izango dira. Jarraian dituzue egileek ‘Kofradia’tik helarazi dizkiguten irudi eta poema batzuk.

—————————————————————-
Zulo arteko printzez eginak gara
hustasunari ebatsi ahal izan dizkiogun
iragan haragiztatuen taupada haziez.

Idatziz jasota jaio ohi gara duela zenbait mende
hari mendrez sostengatuta eta
zuhaitz izan ginena oroituko duten garaien bidean.

Bata bestearen begietara noiz etorriko
zatika osa daitekeen esperoa da gurea
ortzaizera begirako beiratea
sortzera egin duen mantala.

Josi ditzakegun urratuen historia da gurea
ilaje basa
amaraun beltz
handitzera eta sendotzera egingo duten itzalena.

Arnasa ematen diguten itzalak
itzala ematen diguten birikak
besteon goiza ernaltzera egin zutenak
gordeta gauzkatenak beren isilean.

Guk ere gorde gura ditugu
ibiltzen dugun bizitzaren oihartzunei lot gaitzaten
gaurkoa bailitzan behin betiko inauteria bakarra.

Asier Sarasola

hemen ageri naiz
sustraitu direla itzalak eguzkitan
izenez hazi zaidala sorbalda
pausua hondoratu delako oinaren ordez
memoria azaldu baita hesteetatik

begiez busti ditut kateak
maita ditzagun
herdoilaren hutsuneetan ispiluak
zimurtu diren zeruertzak
urdindutako besarkadak

orain ageri gara
leiho berberean
Ander Fernandez


‘Norberaren memoria aurreko belaunaldien memoriarekin osatzen da, horregatik memoria zulatua da beti gurea. Aurreko belaunaldien aztarnak, oihartzunak, bizipenen markak arakatu ditut orainaren begiekin, pertsona bakoitzaren unean uneko bizipenetan eta sortzen ditugun esperientzia berrien zergatietan gure aurrekoen bizipenek izan dezaketen itzala bilatuz’.
Idoia Beratarbide

This entry was posted in ai-Irudiak eta hitzak, Aingura hegodunak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>