Hitzek eta irudiek elkar asmatzen dutenean

Iker Zalduak elikatzen du Basquekantoi izeneko bloga

“Argazkigintza eta literatura, argazkiak atera eta idaztea, irudiak eta hitzak, nire bi zaletasun elkartu nahi ditut euskara uztarritzat hartuta. Kantoi txiki bat basquez ere argazkiak atera daitezkeela erakusteko”. Iker Zalduak elikatzen duen blogean topatuko dituzuen hitzak dira hauek. Hitzen Uberan, Azalean, antzeko lanetan jarri izan dugu. Guk irudiak berari pasa, eta Ikerrek hitzez osatuak bidali. Bere blogean ordea, bera da irudien egile, bera da hitzen egile. Ondoko elkarrizketatxoan, blogari buruzko xehetasunak eman dizkigu.

Harreman ona izan dute argazkilaritzak eta literaturak. Zure kasuan zer izan zen lehenago, irudiarekiko ala hitzarekiko zaletasuna?

Esango nuke bietarako joera izan dudala betidanik. Eskola-ordu aspertuetan bertsoak idazten nituen eta lagunartean ahal nuela argazki kamera eramaten nuen altzoan. Hala ere, bi alorretan lardaskan ibiltzen naiz, ez naiz aditua ez batean eta ez bestean. Bati arreta ematen nionean bestea alboratu egiten nuela ohartu nintzen eta biak uztartzeko modua asmatzen aritu ostean, blogarena otu zitzaidan.

Basquekantoi blog-a kudeatzen duzu. Noiztik dago martxan eta zein asmorekin abiarazi zenuen? 

2010eko abenduan jarri nuen lehen harria. Orduantxe Ortzadar izeneko argazki-elkartean hasia nintzen eta aitzakia horretan argazki gehiago nituen. Materiala banuela aprobetxatuz bloga abiatu nuen. Hasiera batean, astero sarrera bat egiteko asmoa nuen, baina denborak bere lekuan jarri ninduen eta orain hilean behin edo bitan sarrera bat egitea eskatzen diot nire buruari. Asmoa bi zaletasunak uztartzea da, argazkia atera dut zerbaitek arreta eman didalako eta argazki-oin modura bertan ikusten dudan hori islatzen saiatzen naiz modu literario batean.

Garai batean, literatur aldizkari baterako lan egokiak lirateke zure argazki-kontakizunak. Internetek betetzen du orain toki hori akaso? Eta zentzu batean, gauzak erraztu egiten ditu gainera, nahi adina lan, eta nahi duzunean igo eta partekatzeko aukera eskaintzen duelako.

Internetek erraztu egiten du prozesu guztia. Finean, kamerarekin kalera atera eta ordubetean sareratuta duzu argazkia bere argazki-oinarekin. Erosotasun handia eskaintzen du. Dena den, badu bere alderdi arriskutsua ere, izan ere, zu zara argazkilari, idazle, editore, zuzentzaile eta oniritzia emango duena. Ikuspegi bakarrak erabat subjektibo bilakatzen du argitaraturiko lana. Gerta daiteke, argazki jakin bat pertsonalki asko gustatzea atzean oroitzapenak gordetzen direlako, baina ikuslearen begietan hutsala izatea; gerta daiteke, halaber, argazki-oina pertsonalki oso egokia iruditzea, bizitako unearen indarra adierazten duelako, baina ikuslearen begietara ez iristea mezua, edo oker iristea.

Duela gutxi, Ion Markel Saez de Urabain argazkilariaren irudi batzuk oinarritzat harturik, errezitaldi musikatu bat eskaini zenuen lagun batzuekin batera, Beasaingo Igartza Jauregian. Berriz egiteko asmorik bai?

Martxoaren hastapenean egin genuen Goierriko Kastakook errezitaldi musikatua. Ion Markelek berak hautatutako argazkiei gure kontakizuna erantsi genien. Bi ikuspegi nahasten dira. Batetik, argazkilariak berak zerbait ikusi zuen eszenan, argazkia atera zuen eta beretzat badu esanahi berezkoa. Bestetik, zuk argazkia hotzean hartzen duzu eta bertan ikusten duzuna idazten duzu. Errezitaldian, argazkiari buruzko kontakizunaren ostean Ion Markelek berak argazkiaren azalpena eman zuen. Modu horretan, bi ikuspegi horiek agerian geratzen dira eta bien arteko aldea edo lotura ikusten. Ordubeteko saioa izan zen eta Goierriko Kastako errezitaldi guztietan egiten dugun eran, musikaria izan genuen saioa girotzen. Urtean hiruzpalau errezitaldi ematen ditugu eta denetik uztartu dugu. Lan literarioak dira oinarria. Hortik abiatuta antzerkia eta argazkia sartu izan dugu. Azkena oso ongi atera zen eta guztiok geratu ginen gustura, “idazleok” eta argazkilaria eta, akaso, errepikatuko dugu.


Igo duen azken azken irudia, azken istorioa

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.