Antxiñe Mendizabalen liburu gomendioa

Alejandro Fernandez Aldasororen Un viajante (Ttarttalo) proposatu digu

Haur eta gazte literatura arloan, hainbat liburu plazaratu ditu Antxiñe Mendizabal Aranburuk. Ogibidez editore da Elkar argitaletxean. Normalean, Antxiñeren deialdiak izaten dira iristen zaizkigunak. Honakoan baina, gu izan gara Zumarragako idazle eta editorearengana jo dugunak. Liburu gomendio bat egingo ote digun proposatu eta Un viajante (Ttarttalo) nobela aholkatu digu. Antxiñeren ustez, “eleberria amaitzean, irakurlearengan galdera bat baino gehiago sortuko dela esango nuke, esate baterako: gizakiarengan itxaropenak ala etsipenak du pisu handiagoa? Porrotean ba al dago duintasunik? Posible al da arrakasta duintasuna galdu gabe? Ba al dago zerbait kontzientziatik haratago?”.

Alejando Fernández Aldasoro, Un viajante (Ttarttalo, 2010)

Kosta egin zait gomendatzeko liburu bat aukeratzea; ez etxeko edo liburutegietako apalategiak hutsik aurkitu ditudalako; urrutiko erakusleihoetara jo dudalako baizik. Ttarttalo argitaletxean topatu dut konbentzitu nauen liburua: Alejandro Fernandezen Un viajante (Ttarttalo, 2010). Egileak kontatzen duena, kontatzeko modua bezain beste edo gehiago gustatu zait. Eskertu dut hitz gutxitan funtsezkoa esateko gaitasuna; eta liluratu nau hitzak ñabarduraz janzteko abileziak.

Taberna honen deskribapena irakurrita harrapatu nau liburuak: “Un bar universal en el que se ingresa un día y se sale veinte años después con el conocimiento pleno de la condición humana y con la vida deshecha. Un bar de confianza…. donde le darían una copa merecida, la de ganador de decepciones integrales, la de indiscutible campeón de los fracasos”.

Lucio Egaña da eleberriaren protagonista, gainbehera datorren jostetxe bateko merkataritza-ordezkaria. Bilbon kokatuta dago istorioa 70eko hamarkadaren amaieran, saltoki handiak ezartzen ari diren urteetan. Lucioren errealitatea aldatzen ari da eta ez daki egoera berrira egokitzen bere bizitzaren zutabea izan den balorea bazter utzi gabe: zintzotasuna. Ezinezkoa zaio bere bezeroei iruzur egitea irabaziak handitzeko. Beraz, badaki ezingo duela gizartean irabazleen artean leku bat izan. Protagonistak etengabe aldatzen den errealitatera egokitzeko daukan gaitasuna jartzen da auzitan, irakurlea bera hausnarketa bera egitera bultzatuz.

Porrota, ordea, ez da bere bizitza profesionalera mugatzen; bere bikote bizitza frustrazioa eta tristura ezkutatzen dituen lurralde idorra da.Horrela, Lucio etengabeko zalantza batean murgilduta dago: ekin edo errealitateari so jarraitu, gauzak bere kabuz aldatuko diren itxaropenarekin. Egileak, ordea, ezbai horretatik ateratzeko aukera bat eskainiko dio protagonistari: maitatzeko eta maitatua izateko aukera, isilpeko maitasun debekatu bat bada ere: Candela, bere lankidea. Ilusio aldi motz eta bizi baten ondoren, halere, gizakiak bere baitan daramatzan mugak eta baldintzak gailenduko dira harremana zapuztuz.

Egileak, orduan, beste aukera bat emango dio oraindik ere Luciori, kontzientziatik haratago, fede atzeman ezin batena: “Sí, debía haber una infinita y secreta perfección en las imperfecciones que nos hacían sufrir. En la práctica, en el cotidiano esfuerzo de vivir, esto significaba que siempre había una nueva oportunidad, una salida oculta en cada callejón sin salida. Y quizá por ello Lucio aún seguía de pie”.

Eleberria amaitzean, irakurlearengan galdera bat baino gehiago sortuko dela esango nuke, esate baterako: gizakiarengan itxaropenak ala etsipenak du pisu handiagoa? Porrotean ba al dago duintasunik? Posible al da arrakasta duintasuna galdu gabe? Ba al dago zerbait kontzientziatik haratago?

Antxiñe Mendizabal Aranburu

Alejandro Fernandez Aldasoro idazlea, Un viajante (Ttarttalo, 2010) liburua aurkeztu zuen egunean.

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.