Hamaika hiri, hamaika bizipen

Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar) liburuan jaso direnak

Interrail delako bidaia egin zuen Europako hiri batzuetan barrena. Handik bueltan, Igartza Sarira aurkeztu zuen lagin bat eta epaimahaiaren arreta bereganatu zuen. Pentsa, berarentzat izan zen 2011ko edizioko sari nagusia. Baina Goiatz Labandibarren Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar) ez da gida moduko bat. Ezta kantutegi itxurako argitalpen bat. Hamaika ipuinez osatutako liburua baizik. Hendaia, Marseilla, Geneva, Venezia, Trieste, Ljubljana, Zagreb, Pula, Genoa edota Nizan barrena eramango gaitu idazle oiartzuarrak.

Goiatz Labandibar kazetaria da, oiartzuarra, eta bere herriko udaletxean ari da lanean, komunikazio arloan. Beste sariketa batzuetan ere aurkeztu izan da aurretik, baina hauxe du bere lehen argitalpena. Eta sari bati esker, hain zuzen, plazaratu du Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013) izeneko ipuin liburua.

“2011ko ekainean, Igartza Sarira aurkeztu nintzenean, Interrail zuen izenburu nire proiektuak. Baina liburua amaitu ondoren, ikusi nuen ez zuela zentzu handirik izenburu hori mantentzeak eta Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak izenburuarengatik aldatu nuen. Ipuin bakoitzak hiri baten izenburua du abiapuntu, analogia hori mantentzen dute ipuin denek eta horregatik hautatu dut azkenean izenburu hori”, hala azaldu zuen Goiatz Labandibarrek Donostian egin zen aurkezpen ekitaldian.


Abiapuntua, Interrail bidez eginiko bidaia

Arestian esan bezala, Hendaia, Marseilla, Geneva, Venezia, Trieste edota Niza bezalako hiriak dira ipuin hauen kokalekuak.

“Interrail bidaia egin nuen lagun batekin eta bidaia horretan ezagutu genituen hiriak dira ipuinetan jaso ditudanak. Bisitatu genituen orden berean jaso ditut liburuan”, aitortu zuen idazle oiartzuarrak.

Bidaia amaitu eta handik denbora batera ekin zion ipuin liburua idazteari. “Bidaia ondo pasatzeko egin nuen, ez nuen liburu bat idazteko ideia buruan”, adierazi zuen atzoko prentsaurrekoan Goiatz Labandibarrek. “Handik iritsi eta denbora batera osatu nuen Igartza Sarira aurkeztu nuen proiektua”. Eta egitasmo hura izan zen 2011n saritua izan zena.

Esan dugu, ipuin bakoitzak hiri baten izena darama. Eta ipuin guztietan ageri da geltokiren bat. “Batean geltoki bateko langilea agertzen da, beste ipuin batean geltoki ondoan bizi direnak…”.

Ipuin denek hiri baten izenburua daramate, geltokiak ageri dira ia gehienetan. Baina ez dago errepikatzen den pertsonaiarik. Zentzu horretan, “ez dago hari jakin bat, ipuin bakoitza independientea da” argitu nahi izan zuen idazle eta kazetari oiartzuarrak.

 

Goiatz Labandibar idazlea eta Antxiñe Mendizabal editorea, hurrenez hurren.


 Ñabardura eta zehaztasun handiz idatzia

Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editorearen esanetan, “ipuin bakoitzean, hiri baten tankera, kolorea, giroa, atmosfera irudikatu du Goiatzek”.

Estilo aldetik ere, Goiatz Labandibarren idazkera azpimarratu nahi du Elkarreko editoreak: “pentsamenduak eta sentimenduak ñabardura eta zehaztasun handiz islatzen duen estiloa aukeratu du”. Pertsonaiak gorpuzterakoan ere, erretratu psikologiko zehatzak egin dituela dio Mendizabalek.


Igartza Sarian aurkezteko epea zabalik

2011n, Goiatz Labandibar izan zen Igartza Sariko irabazlea. 2012an, Danele Sarriugartek eraman zuen saria. Bere proiektua idazten burubelarri jarraitzen du Danelek. 2013ko Igartza Sarian aurkezteko epea, ordea, zabalik da oraindik. Ekainean amaituko da laginak aurkezteko epe hori. Beraz, baten animatzen bada, oraindik badu aurkezteko denbora. Esteka honetan dituzue Beasaingo sari honen oinarriak: Igartza Saria.

 


Goiatz Labandibar idazlea eta Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorearekin batera, Koldo Agirre Beasaingo alkatea (ezkerretara) eta Joxe Begiristain CAFeko euskara teknikaria (eskubitara) izan ziren liburuaren aurkezpen ekitaldian.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.