Kobayashi, literatura proletarioaren ikur

’1928-03-15′ kontakizuna ekarri berria izan da euskarara

Gauza bitxia gertatu da azken urteotan Japonian. Gehien saldutako liburuen zerrendan, 1929ko nobela bat ageri da: ‘Kanikosen’, Takiji Kobayashi idazlearen lanik ezagunena. Arrantza-ontzi batean girotua, orduko langile haiek pairatzen zituzten lan-baldintza gordinak islatzen ditu nobelak. Adituentzat ez da kasualitate hutsa izan. Neoliberalismoa indartu eta langileen lan baldintzak atzera egiten hasi diren garaian eman baita ‘Kanikosen’ fenomenoa Japonian. Obra laburreko idazlea –29 urterekin hil zuten torturaturik–, langile klaseak eta mugimendu komunistak 1920ko hamarkadan bizi izan zituenak kontatzen ditu Takiji Kobayashiren literaturak. Gure artean, bestelako arrazoiengatik izan da albiste Kobayashi. Armiarma.com atarian, ‘1928-03-15’ izeneko kontakizuna itzuli berri dute euskarara. Idazlea eta bere obra dira, hain zuzen, erreportaje honen abiapuntu.





Atsedenik gabe lan egitera behartuak, miseria gorrian bizi dira ‘Kanikosen’-eko arrantzaleak. Tratu txarrak eta tortura kasuak, horiek ere deskribatzen dira Kobayashiren lanik famatuenean.

Desesperaziora kondenatuak, heriotza desiragarri egingo zaie ‘Kanikosen’ arrantza-ontziko langileei. Hobera egin beharrean, lan-baldintzak gero eta kaxkarragoak bihurtuko baitira. Etsita zeuden langile haiek, ordea, beldurrari aurre egin eta antolatzen hasiko dira.

Kritikari askoren ustez, ‘Kanikosen’ fenomenoa ez da zoriaren edo kasualitatearen ondorio izan. Neoliberalismoaren garai ilun hauen emaitza omen da. Beste tokietan bezalaxe, Japonian ere lan baldintzak okertzen joan dira azken urteotan eta belaunaldi berriek Kobayashiren istorioetan topatu dute ipar-orratz modukoa.

Finantza krisiak eragin duen gainbehera ekonomikoak lan arloko eskubide asko ezbaian ipini ditu. Urtetan, borrokaren bidez langileek erdietsi zituzten eskubide asko desagertzen hasi dira. Eta testuinguru horretan, gaurkotasun handia hartzen dute ‘Kanikosen’ nobelako pasarte batzuk.


Etenik gabeko jazarpena

Nobelako langileek bezalaxe, Takiji Kobayashi idazleak ere gorriak ikusi zituen. Gazte, artean 29 urtea zituela erail zuen poliziak, 1933ko otsailaren 21ean. Ordurako, ezaguna egiten hasia zen Japonian. ‘Kanikosen’  gogoangarria lau urte lehenago plazaratu zuen, 1929an, baina bestelako narrazioekin ere sona izan zuen. Japoniar askorentzat, langileen idazlea da Takiji Kobayashi (uste hau ordea, garai hauetako krisiaren aurretik dator).

Alderdi Komunistarekin kolaboratzen zuen Kobayashik eta arrazoi hori medio, poliziaren jazarpena pairatu behar izan zuen. Hainbat aldiz atxilotua, 1931ko otsailaren 21ean hil zuten polizia-etxe batean. Kobayashi zendu eta urtebetera, ‘Kanikosen’ liburua eman zuten argitara Amerikako Estatu Batuetan. Aitzin-solas modukoan, editoreak honela zioen: “poliziak ospitalera eraman zuen bere gorpua eta heriotza-ziurtagiri bat lortu zuen. Agiri horretan, medikuak zioen ospitale hartako ohiko gaixoa zela eta bihotzeko gaixotasun bat zuela, eta horrek eragin ziola heriotza”.

Agiria eskuratu berritan, Kobayashiren etxekoei deitu zien poliziak, gorpua eraman zezaten. Semearen gorpua ikusi zuenean, poliziei begietara begiratu eta zera adierazi zien amak: sekula ez zuela euren bertsioa sinetsiko.

Kobayashiren lagunak, antza, autopsia bat egiten saiatu ziren, baina amerikar editoreak bere idatzian aditzera ematen zuenez, “hainbat ospitaletan izan ziren arren, ez zen inor autopsia egitera ausartu. Argi dago aginduak jarraitzen zituztela edota errepresalien beldur zirela”, hala idatzia utzi zuen editoreak. Lagunek, dena den, argazkiak atera zizkioten eta irudi haietan agerikoak ziren tratu txarren markak.


Hileta-koroak ez ziren libratu

Kobayashik bezalaxe, bere ingurukoek ere poliziaren errepresioa pairatu behar izan zuten. Hilkutxa zaintzeko prest zeuden lagunak, 300 inguru, atxilotuak izan ziren eta hiletara igorri ziren lore-koroa denak itzularazi zituen poliziak. Tartean, Idazleen Federazioak bidalitakoa.

Hala eta guztiz ere, lagunek ez zuten etsi eta 1933ko martxoaren 15ean hileta-elizkizun modukoa antolatu zuten. Kobayashiren literaturan, sinbolikotik asko duelako martxoaren 15ak. Bost urte lehenago, 1928ko martxoaren 15ean, komunista ugari atxilotu zituzten sarekada batean Japonian. Gertaera haiek ‘1928-03-15’ kontakizunean jaso zituen idazle japoniar gazteak.

Polizia jakinaren gainean zen eta omenaldi denak debekatzeko agindua zuen. Baina hiri handietako langileak eta ikasleak kalera atera ziren eta Takiji Kobayashiren heriotza salatzen zuen idatzia banatzen aritu ziren. Egun horretan, ‘1928-03-15’ antzeztu behar zuten Numajiri herrixkan, baina hori ere debekatu egin zuen poliziak eta aktore denak atxilotuak izan ziren.

Kobayashiren gorpua, lagunek inguratua. Tortura markak agerikoak dira bere aurpegian.


Kobayashi, literatura proletarioaren ikur handia

Obra laburreko idazlea –29 urterekin hil zuten torturaturik–, langile klaseak eta mugimendu komunistak 1920ko hamarkadan bizi izan zituenak kontatzen ditu Takiji Kobayashiren literaturak.

Orain gutxi, Susa argitaletxeak sustatzen duen armiarma.com atarian, ‘1928-03-15’ kontakizuna plazaratu dute euskaraz. Hiromi Yoshida izan da euskarara ekarri duena. Bere ustez, “literatura proletarioaren munduan ezagunenetakoa da Kobayashi, lan handia egindakoa, hasieratik bukaerara arte literatur genero horretan aritua”.

Hiromi Yoshida (Yuzawa, Japonia, 1960) hizkuntzalari japoniarra da. 1995etik ia urtero etortzen da Euskal Herrira. Azpeitiko hizkeraren inguruan egin zuen tesia, eta ordutik ikertzen jarraitzen du.

Hizkuntzalaria, Japoniako unibertsitate bateko irakaslea da Hiromi Yoshida. Euskarazko eskolak ere ematen ditu; euskaraz badakielako. Ez teoria bakarrik, erabili ere ederki egiten du. Batua, behar denean, eta Azpeitikoa, ahal duenetan. Euskarari buruz ikerketa asko egin eta publikatu du azken urteetan. Takiji Kobayashiren ‘1928-03-15’ kontakizuna euskaratuz, Euskarari ekarriak atalari bere ekarpena egin dio.


Hiromi Yoshida itzultzailearen esanetan, Japonian ez dute ahaztu

Kobayashiri buruz datu gehiago eskuratu asmoz, Hiromi Yoshida itzultzailearengana jo dugu (argazkia, Uztarria). Segidan datorren elkarrizketan aditzera ematen duenez, gaur egun Japonian “asko dira bere burua zapalduta sentitzen dutenak, eta langile xumeen mundua eta haien borrokari buruz idatzitako Kobayashiren obra irakurtzen hasi da jendea”.

“Ez ahaztu martxoaren hamabosta”, hala dio Takiji Kobayashik ‘1928-03-15’ narrazioaren amaieran. Kontuan hartu al zitzaion bere sorterrian?

Hiromi Yoshida. Hemen daukat Japoniako historiari buruzko liburu bat, eta liburu honetan  “tabla cronológica” dator, eta horretan agertzen da 1928ko martxoaren 15ean estatu mailako sarekada handia izan zela. Beraz, ez dagoela ahaztuta esan daiteke. Nahiz eta “tabla cronológica”-n agertu, ordea, nik esango nuke, gaur egun, orokorki, jendeak ez duela ezagutzen gertaera hura, gure historia bereziki interesatzen zaienak eta komunismoa eta / edo sozialismoa bereziki interesatzen zaienak salbu.

Eta ez da ekitaldi berezirik egiten, gaur egun behintzat.

Hala ere, gauza bat aipatuko nuke, hau da, Hisashi Inoue izeneko idazle eta antzerkigile japoniarrak (1934 – 2010; oso ospetsua zen Japonian), “Suite Erailketa Ankerra” izenburuko antzezlan bat idatzi zuen 2009an, eta lan horretan kontatzen du Kobayashiren bizitza.

Gertakari erreal batzuk ditu oinarri Kobayashiren ‘1928-03-15’ kontakizunak. Komunismoaren eta sozialismoaren aurkako errepresio garaian idatzia izan zen. Luze iraun zuen jazarpen garai hark?

Hiromi Yoshida. Nik uste, Bigarren Mundu Gerra bukatu arte iraun zuela esan daitekeela. Tortura eta beste gauza askorengatik fama txarra zuen Tokkoo izeneko polizia bereziak, Bigarren Mundu Gerra amaitzearekin batera desagertu baitzen, hain zuzen ere.

Torturak salatzen ditu ‘1928-03-15’ narrazioan eta handik urte gutxi batzuetara Kobayashik berak pairatuko zituen. Torturaren aurkako sinbolotzat duzue Japonian?

Hiromi Yoshida. Ez dakit “Torturaren aurkako sinbolotzat” dutela esan daitekeen ala ez, baina, haren heriotzak esaten digu, garai hartan, komunistak edota sozialistak edota gobernuari komeni ez zitzaion pentsamolde ideologikoa zeukan edozein, gobernuaren kontrako iritziak, pentsaera eta jokabideak ez bazituzten alde batera uzten, poliziak torturatzen zituela hil arte. Kobayashik, berriz, bere pentsaerari tinko eutsi zionez, atxilotu eta hil zutela esan daiteke.

1928an bertan eman zen argitara ‘1928-03-15’, baina 1933an hil zuten. Ordurako ezaguna zen Kobayashiren literatura, ala oihartzun handiagoa erdietsi zuen hil ondoren?

Hiromi Yoshida. 1928an azaldu zen kontakizun hura aldizkari batean, eta segituan galarazi zieten zabaltzea. Horregatik jende askok ez zuen izango irakurtzeko egokierarik. Hala ere, irakurri zutenen artean, oihartzuna izan zuela esan daiteke. Gerra ondoren, nahi genituenak argitaratzeko moduan jarri zen Japoniako gizartea (Gerra ondoren dena aldatu zen-eta) eta berriz argitaratu zuten, eta behar zen bezalako oihartzuna izan zuen.

Eta gaur egun, zer nolako itzala du Kobayashik Japoniako kulturan?

Hiromi Yoshida. Nik uste dut Kobayashi kontsideratzen dela “literatura proletarioaren” munduan ezagunena, lan handia egindakoa, hasieratik bukaerara arte literatur genero horretan dedikatutakoa bezala. Kobayashi langileen mundua deskribatzen literatur maila bateraino iritsi ziren lehenengoetariko bat zela.


Japonian Kobayashi irakurtzen hasi da jendea

Dena den, ‘Kanikosen’ (1929) omen da Kobayashiren literatur lanik ezagunena. Argitaratu eta berehala debekatu egin zuten. Baina bere itzala luzea da oraindik, ezta?

Hiromi Yoshida. Bai, ‘Kanikoosen’ da haren obrarik ezagunena. Kobayashiren izena ia beti obra horren tituluarekin dator. Bitxia da, orain dela 5-6 urte (2008an inguruan), ‘Kanikoosen’ derrepente asko saldu zen, argitaletxekoak ere harritzeko moduan, eta 2009an pelikula bat egin zen (aurretik,1953an ere bat egina zen), baita 2009an eta 2010ean, antzerkia ere (antzerkia, 1930ean, 1968an, 1983an eta 1987an ere antzeztu zen; bizpahiru gidoi diferente daude). Esan nahi dut XXI. mendean, berpiztu dela Kobayashi eta ‘Kanikoosen’-en ospea.

Zergatik mende honetan berriz ere? Adituek diotenez, Japonian ia 20 urte daramazkigu ekonomian behera atzera joaten, eta horrekin zerikusia duela ‘Kanikoosen’-en bapateko berpizte edo modan jartzeak. Ekonomia ondo zihoala, enpresetan langile asko kontratatu zituzten, eta gaizki joaten hasi denean, langile kontratatu ugari bota dituzte kalera. Lana daukaten askok ere gutxiago kobratzen dute, gainera beti beldurrez noiz botako dituzten kalera. Gazte jende askori, karrera bukatu eta gero, lehen baino gehiago kostatzen zaio lana bilatzea. Horrela jende askok sentitzen du bere burua zapalduta dagoela, eta horrela, langile xumeen mundua eta haien borrokari buruz idatzitako Kobayashiren obrak irakurtzen hasi da gaur egungo jendea. Hala diote adituek (‘Kanikoosen’ hitzak zera esan nahi du, “karramarroak harrapatu eta bertan kontserba egiteko itsasontzia”).

Langile jendearen miseriak jaso zituen bere idatzietan.


Zuzenean itzuli duzu japonieratik euskarara. Nolatan otu zitzaizun? Ala akaso enkargu bat izan al zen?

Hiromi Yoshida. Nire lagun batek (Jose Luis Otamendi poeta) Susa argitaletxearekin lotura daukanak, esan zidan martxoaren 15ean, haien web-gunean Kobayashiren obra hura jarri nahi zutela. Eta, nahi banuen, euskaratzeko esan zidan. Eta nik baietz, interpretatuko nuela, baina euskara literatura mailakoa izateko, haiek zuzendu behar zidatela. Bitxia da, egia esan, nik Kobayashiren izena aspalditik ezagutzen nuen, baina haren obrarik irakurri gabe nengoen, hau aitortzea lotsagarri bada ere, benetan, ‘Kanikoosen’ famatu hura ere irakurri gabe. Beraz, gutxien interesatzen zitzaizkidan idazleetariko bat zen Kobayashi. Horrela, Susakoei esker Kobayashiren obra sakonki irakurri nuen lehenengo aldiz. Beraz, Susakoek mundu berri bat ireki zidatela esango nuke, eta hori eskertzekoa da.

Eroso sentitu zara itzulpen prozesuan? Buruhauste handiak izan al dituzu egokitzapenean?

Hiromi Yoshida. Lan hura oso oso interesgarria zitzaidan, baita disfrutatu ere, baina zaila, oso zaila egin zitzaidan. Orain dela ia 100 urteko japonieraz idatzia da, egia esan ez dago diferentzia handirik gaur egungoarekin konparatuta, baina hitz batzuk daude garai hartan haien artean bakarrik erabiliko zituztenak. Hitz horiek interpretatzea nahiko nekeza zitzaidan. Liburu batzuk kontsultatu, edadekoei galdetu eta abar egin behar izan nuen.

Beste gauza bat, Japoniako gauza batzuk, zuen artean ezezagunak direnak euskaratzeak ere buruhauste handia eman zidan, baina, banekien Jose Luis Otamendik zuzenduko zidala, eta hari esplikazioak eman nizkion. (Adibidez, shoji izeneko ate japoniar tipikoa azaltzen da, eta hori nolakoa den esplikatu nion, horren argazkiak ere jarrita, zuzentzaileek ate hori nolakoa den ahalik eta ondoen uler zezaten).

Dialekto bateko hitz batzuk ere zeuden tarteka, baina Kobayashiren dialektoa eta nirea oso antzekoak direnez (zorionez) horrekin ez neukan problemarik.

Hika ere baliatu duzu, akaso japonieraz ere egiten da antzeko bereizketarik?

Hiromi Yoshida. Bai, gure hizkuntzak kortesia, gertutasuna, distantzia eta abar adierazteko modu asko dauzka. Adibidez, “Irakurriko duzu?” esateko, gutxienez 4 modu daude.

1. yomu?

2. yomimasuka?

3. yomaremasuka?

4. oyomininarimasuka?

Lagun bati edo etxeko bati edo zu baino gazteago den bati esateko, normalean 1.a erabiltzen da. Gainontzekoak ez dira erabiltzen lagun bati edo etxeko bati esateko, distantzia ere adierazten baitu, eta zure irakasle bati, edo nagusi bati, edo zu baino zaharrago den bati esateko balio dute. Hiruek adierazten du kortesia, baina, 3.ak 2.ak baino kortesia gehiago, 4.ak 3.a baino gehiago adierazten du. Beraz, zure irakasle bati, edo nagusi bati, edo zu baino zaharrago den bati esateko, 4.a da egokiena eta kortesia handiena adierazten duena (gutxi gora beherako esplikazioa eman dut).


Kobayashi gehiago badira

Bilatzen hasita, Kobayashi gehiago topatuko ditugu literatura unibertsalean. Japoniar idazlea bezalaxe, Federico García Lorca eta Lauaxeta poetak ere gazte hil zituzten. Biak ere, 36ko gerran akabatu zituzten.

Kobayashirekin parekatu al daiteke poeta bizkaitarra? Azken batean, biak idazle, gazte erail zituzten biak ala biak. Akaso inozoa den galderari honela erantzun dio Hiromi Yoshidak: “Lauaxetarekin alderatu daitekeen ala ez, ez dakit, dena den, bere pentsaera aldatu gabe, horri tinko eusteagatik hil zituztela, horretan elkarren antza daukatela esan daiteke behintzat”.

Lauaxeta, poesia egile izatetik poesia gai izatera

Gernika erraustua bisitatzera zeramatzan kazetariekin izan zen atxilotua Lauaxeta, eta handik gutxira fusilatu zuten. 31 urte baino ez zituen bizkaitar poetak. “Bere figura eta bere heriotza tragikoa gure poesiaren gai izatera heldu zaizkigu, ugariak izan dira Lauaxeta kantatu duten poetak: Eusebio Erkiaga, Ibon Sarasola, Bernardo Atxaga, Omar Nabarro…”, hala dio Koldo IzagirrekXX. mendeko poesia kaierak’ (Susa, 2000) liburuan.

Kobayashi eta Lauaxetaren arteko mimesia ez da adinera eta heriotz kontuetara mugatzen. “Ez ahaztu martxoaren hamabosta”, hori erregutuko du Kobayashik ‘1928-03-15’ narrazioaren amaieran. Lauaxetaren ‘Azken oyua’ (1937) poemak ere, antzeko larritasuna islatzen du, eta antzeko eskaera jasotzen du bere baitan.

Erri zintzo-onenak zaindu dagiala

il gintzanen atsa, il gintzanen ala.

Honela amaitzen da Lauaxetaren ‘Azken oyua’, hil bezperan Zubillagatar Karlari bidali zion poema. Oroitzapena, lehen eta orain, isilaren eraso beltzari aurre egiteko arma indartsua baita.

Azken oyua

(Zubillaga’tar Karla’ri)

Goiz eder onetan erail bear nabe

txindor baten txintak gozotan naukela?

El naiten leyora begiok intz gabe.

Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela:

or egazkin-egak odei-lapur doaz.

Guda-gotzon baltzak odolez dakustaz,

euren oin aurrean beredin gudari.

Gaste argi orreik, eutsi lur amari!

Bera baizen onik eztauko ludiak.

Baña, Jaun altsua, orain ken nai nozu?

Bildots baten antzez lotuta naukozu

bearren naunean neure Aberriak?

Aren deia dantzut arma-ots larrian.

Izkillu-tarteko dirdira bizian

mendi goitietan Eriotz betorkit.

Bertan eder dira azkenengo atsak!

Arte adartsu babes-toki bekit,

neure gezi meion eriotz-zauria

txastau dagientzat etsaien erranak!

Zuzentzaren maitez bil diran semeekin

ixuri daidala bizitz-iturria.

Lurra estal bedi odol-larrosakin!

Gozo eta eder gizonen kopetan

aberri-opazko eriotz mosuak!

Zauritu orreik zut, orra mendietan

aintzak zabal ditu esku argituak

ortxe jausi nedin!

                         Eta azken orduan

laztandu naiela arnasa estuan

garaitz-abar billa doazen (t) zaldiak.

Eta begi onein laño leyartuan

tinki igaro beitez gizuren argiak;

esku zurbil oneik aul luzatu bediz

eutsi zagientzat, ikurrin donea.

Azkatasun atsak betiko bil zagiz!

Antxe makur zaite, oi buru neurea,

geure lur amaren besarte gozoan!

Eta anai maiteok, eutsi burrukari

iñoiz ilgo eztan euzkoen amari.

Itxaropen auxe sort bekit gogoan.

Jauna, eriotz au arren emostazu;

koldarrentzat itxi larrosen usaña.

Azkatasun deuna bial egistazu,

atzindu nai dot ba arrotzen iraña,

gorputz onek bakez atseden dagian

erri azkatuen Egun-Aundi arte!

Gudan jaus nadilla zuzentzaren alde,

ez ormari atzez, goiz eder argian.

Eta bake deuna sortuko danean

neure azur utsak besteenakin batu;

eresi gurenaz lagundu bidean

obi bakar-arte.

                     Baña, arren, bukatu

oroigailluaren maitasun itzala

Kistoren gurutzat; Beragan ditxarot.

Josu’ren fedea besterik eztaukot.

Erri zintzo-onenak zaindu dagiala

il gintzanen atsa, il gintzanen ala.

1937

This entry was posted in ga-Erreportajeak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.