Pen World Voices jaialdian arituko da Tere Irastortza

Maiatzaren 3an errezitaldi bat eskainiko du New Yorken

Pen American Centerrek antolatu duen Pen World Voices izeneko jaialdian hartuko du parte Tere Irastortza poetak. Maiatzaren 3an New Yorkeko Unibertsitatean egingo den jaialdi horretan ere, unibertsitatearen baitan ari diren nazio-arteko etxe guztiek hartuko dute parte. Bere poemak euskaraz eta ingelesez irakurriak izango dira.

Pen World Voices jaialdi nagusi horren barruan, Bread for the Soul izeneko ekitaldia egingo da eta bertan arituko da Tere Irastortza. Maiatzaren 3an ostirala, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara luzatuko den ekitaldian arituko da Irastortza. Bere poemak euskaraz eta ingelesez irakurriak izango dira, beste bi poetekin laguntzarekin: Melcon Mateu idazle katalana eta Odi Gonzales idazle ketxuarra izango ditu bidelagun.

Ez da bere lan berrian oinarrituko, azken hiru poema-liburuetako testuak irakurriko baititu. Musikarik ere entzungo da. Doinuak ere garrantzitsu izan dira Tere Irastortzaren azken errezitaldietan. Aitor Furundarenak sortu eta Garikoitz Mendizabal eta Iñaki Telleriarekin grabatutako musika ere baliatuko du New Yorken eskainiko duen errezitaldian.

Tere Irastortzaren poemak ingelerara, italierara, gaztelerara, katalanera, galegora eta frantzesera itzuliak izan dira hainbat antologiatan, aldizkaritan eta liburutan. New Yorkeko saiorako, Sara J. Trutle izan da itzultzaile lanetan aritu dena.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.