Poesia printzak, Urumea bazterrean

Larunbat honetan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Literaktum-en eskutik

Hizketaldiak, solasaldiak, tailerrak, proiekzioak, irakurketak, musika saioak. Ikuspegi anitzeko jaialdia osatzen dute urtero Donostian, udaberri partean. Gaur hizpide hartu dugun ekitaldia Literaktumen baitan kokatzen da: ‘Poesia Urumea bazterrean’. Larunbat honetan egingo da errezitaldia, Benartegi baserriko zelaietan (Martuteneko kartzelako atzealdean). Agnés Agboton, Katerina Iliopulou eta Antonio Casado idazleak izango dira poesia errezitatzen, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Eleanitza izango da saioa eta Eli Tolaretxipik egingo ditu aurkezle lanak.

Literaktum-en helburua “pentsamendu kritikoa, erreflexioa eta ezagutza bultzatzea da. Bere oinarriak hitza eta pentsamendua dira”, letra eta lengoaien arlotan eta formatu berrietan arreta berezia jarrita.

Abiatu zenetik, jatorri eta eremu askotako sortzaileak aritu dira Literaktum-en: narratzaileak eta poetak, musikariak, kazetariak, zinemagileak, pentsalariak edota artista esperimenatalak.

Bada errepikatuko den ekitaldirik, ‘Poesia Urumea bazterrean’ izeneko saioa. Aurten, ordea, Antonio Casado, Agnés Agboton Beningo idazlea eta Katerina IIiopulou idazle greziarra izango dira errezitatzen arituko direnak. Antonio Casadok eman dizkigu larunbateko ekitaldiaren inguruko hainbat argibide.

‘Poesia Urumea bazterrean’ ekitaldia ibiltaria izango da ala toki jakin batean egingo duzue?

Nik dakidala, beti egin da toki finko batean, Benartegi baserriaren ondoan, Martuteneko kartzelaren eta Urumearen arteko belazean. Toki ederra!

Literaktum jaialdia beti da interesgarria, baina Urumearen ertzeko festa niretzat berezia da oso. Eguraldiaren arabera, posible da ehunka lagun han biltzea, eta hori nire neurriko egile batentzat Anoetako estadioa betetzea bezalakoa da! Azken urteotan parte hartu dut entzule gisa eta musika, pic-nic-a eta poesiaren elkarketa oso atsegina izan da.

Agnés Agboton idazle afrikarrarekin eta Katerina IIiopulou idazle greziarrarekin batera arituko zara poesia errezitatzen. Pentsatzen dut euren hizkuntzan arituko direla ala akaso gazteleraz?

Irakurketa eleanitza izango da. Bakoitzak hamar bat poema irakurriko ditu, bi txandatan, nahi duen hizkuntzaz. Agnés-ek urte asko eman ditu Bartzelonan eta gaztelaniaz egingo duelakoan nago.
Nik bi poema ingelesera itzuli ditut, baina gainontzekoak euskaraz eta gaztelaniaz irakurriko ditut, poemak errepikatu gabe: gehienak euskaraz eta gaztelaniazko batzuk.

 

Antonio Casado da Rochak ‘Esku ezkerraz’ (Utriusque Vasconiae) poesia liburua plazaratu zuen 2011n.


Nondik dator Euskal Herria-Benin-Grezia konexio hau? Elkar ezagutzen duzue ala Literaktumek batu al zaituzte?

Agnes Agboton eta Katerina IIiopulou ez ditut hezur-haragitan ezagutzen (Eli Tolaretxipik batu gaitu), baina esango nuke poesiari dagokionez ere saio anitza osatuko dugula, estilo eta gai ezberdinak eskainiz. Agnés-ek Afrikatik datorkion ahozkotasuna landu du, eta Katerinaren poesia oso garaikidea da, eta aldi berean Grezia klasikoko oihartzunak ditu barnean.

Nola egituratuko duzue errezitaldia? Ezer aurreratzerik bai?

Urari berebiziko garrantzia emanez, nik bertako gaiak ukituko ditut; elebitasuna, Kontxako gabarroiak eta Behobia-Donostia korrikaldia. Lehenengo txandan poema argitaratuak irakurriko ditut, bigarrenean bost poema argitaratugabeak irakurriko ditut estreinako aldiz, berritasun apur bat ematearren.

Literaktum-en irakurri nahi dudan poema berri bat, korrika egiteari buruzkoa, nire blogean ipini dut (hauxe ESTEKA).


‘Poesia Urumea bazterrean’

Maiatzaren 18an larunbata, arratsaldeko 18:00etan hasiko da ‘Poesia Urumea bazterrean’ izeneko ekitaldia. Aurretik, eguerdiko 14:00etan hasita, Musika Parkean izeneko ekitaldia ospatuko da bertan. Pic-nic itxura izango duen saio honetan, janariarekin bertaratzea gomendatzen dute, Naica eta coffee&wine taldeek joko dute. Euria egingo balu, ekitaldiak Loiolako Kultur Etxean gauzatuko lirateke.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.