New Yorken, poeta artean

Pen World Voices Festival jaialdian izan berri da Tere Irastortza

2005etik hona, urtero ospatzen da Pen World Voices Festival poesia jaialdia New York hirian. Astebeteko iraupena du eta lurralde ezberdinetako idazleak gonbidatzeko ohitura dute. Aurten, Tere Irastortza izan da New Yorkeko Unibertsitatean errezitatzen aritu den idazleetako bat. Maiatzaren 3ko ekitaldian, Melcon Mateu idazle katalana eta Odi Gonzales idazle ketxuarra izan zituen bidelagun. “Pen Clubak badu hizkuntz-eskubideen programa, beraz, baita interesa ere. Eta hori agerikoa zen jaialdi handi horren barruan”, Zaldibiko idazleak aitortu digunez.

Egunero ez dira horrelako gonbiteak jasoko, ezta?

Antolatzaileek poeta katalana eta ketxuarra ezagutzen zituzten, biak hango unibertsitateetan ari direlako lanean, eta baita saio hau antolatu zuten Lila Zemborain eta Mariela Dreyfus ere. Ni ez ninduten zuzenean ezagutzen, baina bazuten nire poesiaren erreferentziarik, eta alde horretatik asko poztu naiz New Yorkeko Unibertsitatearen bidez gonbite hau jaso izanaz.

Norberarentzako ukaezina den ohoreaz gain, bada aipatu gabe utzi ezin dudan beste arrazoirik ere. Saioaren bi antolatzaileak New Yorkeko Unibertsitateko Literatura Sortzaileko Departamentuko kideak dira, eta geuk hemen Bergarako Idazle Eskolan bezala, beraiek ere han bi urteko masterra egiten dute. Beraz, alde horretatik, hara joan nintzenean interes hori barren barrenean neraman, zeren eta Bergarako Idazle Eskolako Europako Idazketa Sortzaileko Elkartean egon arren, normalean oso  gutxi baitira bi ikasturtez eskola-presentzialetan aritzen diren ikastaroak.

Eta badute hemengo poesiaren berri, ala ez?

Antolatzaileek, berez, ez dute asko ezagutzen euskal literatura, baina orokorrean literaturan eta poesian oso arituak dira, eta biak ere, poeta handiak, saiakeran eta abarrean ere aritzen diren arren. Eta alde horretatik, ezagutza berezia izan da elkarrentzat. Beraz, ez nintzen poeta bat New Yorken sentitu, agian bai  New Yorken poeta artean.

Beste alde batetik, Pen Clubak badu hizkuntz-eskubideen programa eta beraz interesa ere, eta hori nabari zen Jaialdi handi horren barruan. Baina zinez, esango nuke, bertaratu ziren askorentzat euskal poesía entzutea oso berria  izan zela.

Eta orain badakit (Pamiela, 2011) zure azken liburuko poemak eskainiko zenituen nagusiki.

Sarah Trutle-k itzuli zituen nire bi azken liburuetako poema batzuk, bertaratu aurretik, baina lehen ere Iñaki Mendigurenek itzulirik banituen beste batzuk, eta azkenean nire azken hiru liburuetako antologia txiki bat egin nuen.

Gazteleraz eta ingelesez neuzkan poemekin horrelako bildumatxo bat egin eta han Jaurlaritzak daukan ordezkaritzan egindako inprimaketa bizkor batekin batera burutu nuen emanaldia, batez ere, bertaratzen zirenek gerora ere geure erreferentzia apur bat izan zezaten. Hori ez zuten beste poetek egin. Orain nire webgunean jarrita daude.

Beste alde batetik, nire azken libururako Aitor Furundarenak  sortutako musika eta Iñaki Telleria eta Garikoitz Mendizabalekin batera argitaratutako diskoa ere eraman nuen, baina antolaketa arazo batzuk medio ez zen nik prestatua nuen bezala entzun. Hala ere,  azkenean musika CD horiek ere banatu nituen. Emanaldirako oso egoki zetozelako eta baita euskal kulturaren beste erreferentzia batzuk uzteko ere interesgarritzat jo nuen.

Eta finitzeko, poeta ketxuarekin ere harremanetan izan nintzen literaturaz gain, geure  hizkuntzen normalkuntza prozesuez ere aritu ginen, eta neuk ere Ikastola baten sortze eta garapen prozesuak gertutik bizi ditudanez, Euskal Herrian iniziatiba sozialeko antolaketaz ere mintzatu ginen.


“Oso harrera ona egin zidaten”

Eta zer nolako harrera izan zuen zuen saioak? 

Geure irakurketa jaialdiaren azken txanpa burutu zen. Oso interesgarria izan zen, aurreko eguneko saio batera ere joan nintzen, baina nire testuak itzultzen lanpetu samar ibili nintzen azken momentuan, eta alde horretatik, besteenaz ez nuen hainbeste gozatu.

Oso harrera ona egin zidaten, bai Jaurlaritzako ordezkaritzako kideek ekitaldia baino lehen eta baita antolatzaileek eta bertako euskaldunek ere. Baina azpimarratu nahi nuke, oso aberatsa iruditu zitzaidala irakurketa ondoren sortu zen giroa eta konplizitatea. Jaialdia amaitu orduko jende asko hurbildu zitzaidan, poesiari buruz eta baita euskarari buruz ere hitz egitera. Denbora gutxi izan dut ondorengo egunetan jaso nituen gonbidapenei erantzuteko.

Arestian esan bezala, Melcon Mateu idazle katalana eta Odi Gonzales idazle ketxuarra izan zenituen bidelagun. Bazenuen euren berri ala bertan ezagutu zenituen?  

Ez, bertaratu aurretik ez nituen ezagutzen, baina oso poesia interesgarria egiten dute eta geuretzat ere oso hurbilerraza. Ondorengorako harreman bidea badugu, beste gauza batzuen artean, geure poesiaren bidez.

New York inspirazio iturri izan da artista askorentzat. Bidaia honek arrastorik utziko al du zure idatziren batean, poemaren batean?

New York ere hartaraino izan da inspirazio iturri non neuk ere hainbat toki maite nituen joan aurretik, beste idazle batzuk erakutsi didatelako…

Neu lehen aldian izan naiz New York-en, eta oraindik aguroegi da esateko zein eragin izango duen, hiriak izango ote duen eragina ala bertan gogoetetarako hartutako denborak; han maletek uzten zuten tokian sartutako liburu berriak edo ezagututako jendearen pistari lotzeak…

Eta bai, bertan nengoela ere idatzi dut zerbait baina idazteko segidak denbora geldiagoa eskatzen du oraindik. Bertan izan naizen bitartean, batez ere, neure hainbat poema itzuli gaztelerara eta nire beste lan batzuk zuzentzen eta irakurtzen aritu naiz. Eta adi-adi egon naiz, ahal dudan guztietan bezala: zer ikasiko jarri eta ahazteko zenbat geratzen den erabakitzen…

(Hitzen Uberan eginiko elkarrizketa hau paperean ere jasoa izan da, Argia aldizkarian).

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.