Itxaro Bordaren ‘Boga boga’ eleberria, 109 ahotsetan

Asteazken honetan irakurriko dute, Hendaiako Mediaketan

Asteazken honetan, ekainak 5, Irakurraldi Publikoaren laugarren edizioa egingo da. Aurtengoan, Itxaro Bordaren Boga boga (Susa, 2012) eleberria izan da hautatu dutena. Goizeko 11:00etatik aurrera, 109 lagunen artean irakurriko dute liburua, eta bakoitzak liburuko bi orrialde irakurri beharko ditu. Akelarre elkartea da Irakurraldiaren bultzatzailea eta ekimen honen bitartez euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzea du helburu. Ez hori bakarrik. Irakurraldi Publikoaren bitartez, euskaraz idatzitako idazlan baten eta bere egilearen onespena eta oihartzun mediatikoa bilatzen du antolaketa batzordeak.

Irakurraldian parte hartuko duten asko anonimoak izango dira, baina ezagunak diren herritarrek ere hartuko dute parte. Amets Arzallus, Sustrai Colina, Battitt Salaberri, Kotte Ezenarro, Agnes Dufau, Frank Dolosor, Paxkal Indo, Garbiñe Ubeda, Mikel Asurmendi, Beatrice Molle, Gorka Arrese… “Herri osoa ukitzen duen ekitaldia da, ikastetxeetatik hasi eta enpresetara ere luzatzen baita deialdia. Bestalde, aurten, Iparraldera eta Euskal Herri osora zabaldu dena”, Akelarrekoek aditzera eman dutenez.

Goizeko 11:00etan hasiko dute irakurraldia eta 20:00etan bukatu, gutxi gorabehera. Zain daudenek zein irakurri behar ez dutenek, entzule bezala egoteko aukera izango dute Hendaiako Mediatekan. Emanaldi guztia grabatuko dute eta zuzenean Interneten emango dute, streaming bitartez, akelarre-hendaia.com webgunean.


“Irakurmen publikoaren gozamena sustatzen dugu”

Irakurraldi Publikoa 2010ean abiatu zen, Anuntxi Arana adituaren eskutik eta “Euskal Herriko legendak” hartu ziren irakurgai.

2011n “Animaliak” gaiaren inguruan, Lucien Etxezaharreta eta bere “Interporcos” izan ziren protagonistak.

2012an Hendaian kokatua den “Inesaren balada” (Hasier Etxeberria) irakurri zuten.

Aurten, Itxaro Bordaren Boga boga (Susa, 2012) izan da liburu hautatua.

Antolatzaileen esanetan, sustraitzen ari den ekimena da hauxe: “eginaren eginez, ohartu gara irakurmen kolektiboaren gozamena sustatzen dugula parte hartzaileen artean eta nola ez aipa, euskara ikasten dutenei, euskara besteei emateko parada ere eskeintzen diegula”, Akelarre elkartekoek aditzera eman dutenez.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.