Jon Arretxeri elkarrizketa

19 kamera nobelako Toure pertsonaiari segida eman dio 612 euro nobelan

Toure detektibearen sagako bigarren nobela plazaratu du Jon Arretxek612 euro (Erein). Iaz argitara eman zuen 19 kamera (Erein, 2012) liburuaren segida. Bolada txar batetik pasatzen ari den momentuan, ustezko anaia baten bisita jasoko du Tourek, eta lekua egingo dio afrikar abegiaren izenean. Anaiarekin batera iritsiko dira arazoak eta dena katramilatuko zaio. Ez du bake handirik izango. Genero beltzaren trama du eleberriak eta Bilboko San Frantzisko auzoan kokatua dago, “Euskal Herriko ghettorik handienean”. 




19 kamera (Erein) nobelan, Toure eta Bilboko San Frantzisko ziren ardatz nagusi. 612 euro (Erein) izeneko honetan ordea, pisu gehiago eman diozu tramari berari, ezta?

Saga kontuetan lehen esperientzia izan da niretzat, eta ez da erraza izan. Aurretik ez nuen sagarik idatzi, eta nire aurreko nobeletan denak hiltzen ziren… Baina oraingoan bizirik utzi behar nuen pertsonaia. Horregatik, saga bati hasiera eman behar diozunean, pertsonaia ona sortu behar duzu, interesgarria, irakurlegoak estimatuko duena…

Hori lortzen saiatu nintzen gehien bat 19 kamera (Erein) nobelarekin. Sagako lehen nobela horretan, esan bezala, bi dira ardatz nagusiak: Toure pertsonaia eta Bilboko San Frantzisko auzoa. 19 kamera liburuan, beraz, dena kontestualizatuta dago. Eta 612 euro (Erein) honetan saiatu naiz trama interesgarri bat sortzen. Zentzu horretan, nobela klasikoago bat osatu dut: trama indartsu bat nobelaren erdigunean eta horren inguruan pertsonaiak eta bestelakoak.

Tourek ustezko anai baten bisita jasoko du eta horrek piztuko du 612 euro nobelaren trama.

Hori da abiapuntua. Bapatean, kanpoko elementu bat agertuko da Bilbon, Toureren ustezko anai bat. Afrikar guztiek dituzte dozenaka anai-arreba, eurek hala esaten diote elkarri. Afrikan ume pilo bat hazten dira horrela, elkarrekin eta kalean. Batzuk anai-arrebak dira, beste batzuk lehengusuak, besteak bizilagunak… Nahiz eta odolezko anaiak ez izan, anaitzat hartzen diote elkarri. Gero munduan zehar sakabanatzen dira eta askori entzungo diezu, “nik badaukat anai bat Parisen”, anaia anaia izan ez arren….

Kasu honetan, horrelako bat agertzen da Toureren etxean. Ospitalitatea sakratua da afrikarrentzat, ezin duzu senide bat kalean utzi. Tourek leku egingo dio anai honi eta orduan hasiko da dena katramilatzen. Senide hori etxean sartzearen erruz, Toure belarrietaraino sartuko da arazoetan.

Bidaiekin lotuta egon dira zure aurreko nobelak. Zentzu horretan, Afrika inguruan ezagutu dituzun kontuak oso baliogarri egingo zitzaizkizun saga honetako pertsonaia osatzeko orduan.

Noski, bestela ez nintzateke ausartuko horrelako pertsonaia bat sortzen. Zerbait berezia sortu nahi nuen, pertsonaia ezberdina, originala. Baina oso zaila da hori lortzea, zeren nobela beltzan milaka eleberri idatzi dira eta denek dute detektibe edo ikertzaile edo dena delako bat. Zerbait ezberdina eta berezia erakini nahian, Toure gorpuztea otu zitzaidan. Afrika beltza nahiko ondo ezagutzen dudanez, eta Afrika beltza gure artean dagoenez, ba ekin egin nion.

Saga honetako liburuak ez dira bidaia literatura izango akaso, baina hortik ere badute zer edozer. Nik dena aprobetxatu dut, nire ezagupena Afrikari buruz, afrikarrei buruz… Baditut lagunak han eta badakit nolakoak diren, eta zelango filosofiaz hartzen duten bizitza. Hori dena aprobetxatu nahi izan dut. Irakurle euskaldun zuriek, nobela hauen bitartez eta Toureri esker, bidaia txiki bat egingo dute Afrika horren barruan.

19 kamera nobelatik bada mantentzen den elementu bat. Narrazioa bideratzeko garaian, San Frantzisko auzoan dauden kamera horien funtzioaz baliatu zara beste behin ere.

Zalantza egin nuen baina erabaki nuen nobela berrian ere kamerak baliatzen jarraitzea. Nik beti kontuan hartu ditut irakurleen iritziak eta aholkuak, eta jendeari asko gustatu zitzaion lehenengo nobelan egin nuen narratzaile aldaketa hori. Toure lehenengo pertsonan mintzo zen, eta kamarak hirugarren pertsonan, narratzaile hotzaren tokian. Eta horregatik errepikatu dut oraingoan ere. Lehen pertsonan aritzen da Toure eta horrek hurbiltasun bat eskaintzen du. Baina bestetik, narratzaile orojakile bat hor edukitzea oso errekurtso erakargarria da irakurlearentzat. Eta oso praktikoa da idazlearentzat ere, gauzak kontatzeko garaian batez ere.

Kamerez ari garela, Jon Arretxe izango zen hogeigarren kamera, ezta? Bi liburuak San Frantzisko auzoko pisu batean idatzi dituzu.

Oso ideia polita da hori. Ez dit orain arte inork esan, baina egia da. Ni ere, azken batean, kamera bat izan naiz. San Frantziskoko balkoi horretan orduak eta egunak eman ditut. Auzoan egin dudan lagun koadrilarekin ere ibiltzen naiz hango kaleetan barrena, eta mila gauza ikusten dituzu.

Ados nago, esan daiteke ni naizela hogeigarren kamera hori. Edo hogeita bigarrena! Zeren orain, dirudienez, hogeita bat daude. Udaltzain batek hala esan zidan, “Jon, zuk jakiteko, orain hogeita bat kamera daude hemen, eta ez hemeretzi”. Oso anekdota sinpatikoa izan zen.

612 euro oso zinematografikoa zela adierazi zenuen liburu aurkezpenean.

Dudarik gabe, niretzat erritmoa oso inportantea da nobeletan eta batez ere nobela beltzaren generoan. Eta 612 euro-n, in crescendo doa erritmoa. Zentzu horretan, egia da, nik pelikula bat bezala ikusten dut nobela hau. Eta irakurle askok gauza bera esan didate, beraz, pozten naiz.


Umore afrikarra

Umorea da nagusi, eta 19 kamera-k ere bazuen umoretik. Akaso honetan, gehiago nabarmendu nahi izan duzu.

Bai, argi eta garbi. Egoera nahikoa gordinak kontatzen dira, zenbat jende bazterturik dagoen San Frantziskon, zer nolako egoeran bizi diren, legediaren mugan asko…. Ze gordina ezta? Pentsatuko du baten batek, baina hori dena gainditu behar da umorearen bidez, eta umore afrikarraren bidez.

Aurreko nobelan ere oso inportantea izan zen. Baina nobela pixka bat ezberdina zenez, irakurle guztiek ez zuten harrapatu hori, eta errukitzerako joera gehiago izan zuten. Baina niretzat umorezko nobela zen eta orain ageriago utzi nahi izan dut.  Hasiera bera irakurri besterik ez dago, inolako dudarik ez egoteko, umorea denaren gainetik dagoela ikusteko. Badakigu egoera dramatikoa dela, baina hori desdramatizatu nahi izan dut eta afrikarren positibotasunaren bitartez, umorez eta praktikotasunez.

 

Toure pertsonaiaren bigarrena da hau, 612 euro. Lehenengoak (19 kamera) ondo funtzionatu zuen seinale, ezta?

Bai, nik banuen nahikoa argi saga bat izan behar zuela, baina beti da inportantea jendearen erantzuna zein den ikustea. 19 kamera nobelaren lehen edizioa berehala agortu zen eta, gaur egungo krisiarekin, kristoren animoa eman zidan horrek.

Irakurleen mezuak ere asko jaso ditut eta inoiz baino irakurle klub gehiago egin ditut. Horrek denak finkatu baino ez du egin nire hasierako asmoa. Eta jakina, bigarren nobela bat dago orain kalean eta uste dut hirugarren bat ere gutxienik egongo dela. Beharbada gehiago, zeren ni neu ere oso harrapatuta nago pertsonaiarekin. Asko estimatzen dut pertsonaia hau.


Erdaretan, “oso ezezaguna izan naiz orain arte”

Euskaraz eta gazteleraz eman duzu argitara nobela, aldi berean.

Ni honetatik bizi naiz, idaztetik. Ezin naiz tontakerietan ibili. Zenbat eta gehiago zabaldu liburuak, eta zenbat eta hizkuntza gehiagotan argitaratu, ba hobe. Erein argitaletxeak aukera eman dit aldi berean euskaraz eta gazteleraz argitaratzeko, eta hor gabiltza ahalegin betean. Ereini esker, azoka ezberdinetan ari naiz partehartzen.

Urtetan, irakurlego finko bat osatu dut, asko estimatzen dudana. Erdaraz ordea, oso ezezaguna izan naiz orain arte. Eta horretan gabiltza, ez dago beste modurik: erdaraz argitara eman, marketing-a egin, hortik zehar ibili eta ia zer gertatzen den….

Azkenaldian Bartzelona, Gijon eta Sevillan ibili zara.

Duela gutxi arte, horren kontrakoa izan naiz. Baina azken urte hauetan konturatu naiz baietz, ibili behar dela. Ez dago beste modurik. Eta nobela beltzaren inguruan jende asko dago hortik zehar, asko mugitzen dena, azokak egiten dira… Eta irakurle asko ibiltzen da horrelako azoketan.

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.