Odon Noblia: hitzaren formak

Odon Nobliak 2011an plazaratu zuen bere bigarren poesia liburua, Maiatz argitaletxearen eskutik: Biziaren bidean. Bertan agertzen ziren azkenaldian bere adierazpide nagusiak izan direnak: poesia eta eskultura. Uztailean erakusketa inauguratuko du Senpereko Larraldean, Gilles Lavie-ren pinturekin batera. Jarraian topatuko duzue aurkeztuko duten lanaren lagin bat.

Estuki lotuta datoz Odon Nobliaren lanean gogoeta eta eskultura, eskultura eta hitza. Pinturatik abiatuta osatu zuen Ametsak (Maiatz, 2009), bere lehen poesia liburua. Gerora etorri zen Biziaren bidean (Maiatz, 2011), kasu honetan eskulturatik abiatuta. Eskulturak bidaide ezagutu genuen liburu aurkezpenetan, hala Baionako Maiatz solasaldietan nola Larrabetzuko Literaturian.

Biziaren bidean, hitza eta zizelketak

Hementxe duzue Biziaren bidean liburuko lagina:

Harrespilak

Harrespilak beti hor

Kasik betidanik

Oteizak zion

Harrespiletan dena zela

Bere helburua zen

Besteak beste

Ikusleak heien aintzinean

Materialitateatik baztertzea

Momentu bat hartzea

Bakotxak bere izpiritualitatea sakontzeko

Hutsa izpiritualitateaz betetzeko

Oteiza edo otoitz denbora bat bilakatzeko

Meditazio gisa

Ez eliza batetan bainan

Erakusketa leku batean

Eliza laiko baten gisa

Egia da eremu publikoak ez duela horrelako

Lekurik aski hedatzen

Gogoeta momentu hau sortzea

Artearen helburu

Bat litzateke

 

Bakearen bidea

 

Bortizkeriari uko egiteko

Ezpata makurtzeko

Nere baitan

Bakea atseman behar dut

Horrela idei ilunak, txarrak, negatiboak,

Desagertuko dira.

Armonia lortzeko

Ni maitatzeko

Besteak maitatzeko

Senditzeko itsaso leuna

Ez eta ekaitzekoa, oldartua

Horretarako zein bide ?

Aldaketaren, hobekuntzaren bidea eraiki behar da.

 

Uztailean erakusketa

Uztailaren 12tik 21era Senpereko Larraldea etxeko erakusketa aretoan ikusi ahal izango dira Odon Nobliaren eskulturak eta Gilles Lavieren pinturak. Erakusketa konpartitu honetan bertsolatritza eta euskal mitologia izan dituzte sormen-iturri. Uztailaren 12an bertan, 18:00etan, egingo dute erakusketaren inaugurazioa.

This entry was posted in ai-Irudiak eta hitzak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.