‘Gerrak ez du izenik’ albumak irabazi du 2013ko Etxepare Saria

Album ilustratuen arloan, sari hau erreferentzia da euskal letretan

Maite Mutuberria ilustratzaileak (Eltzaburu, Nafarroa) eta Leire Bilbao idazleak (Ondarroa, Bizkaia) elkarlanean eginiko lan bat gailendu da 2013ko Etxepare Sarian: Gerrak ez du izenik izeneko album ilustratua. Epaimahaia Yolanda Arrieta idazleak, Mikel Valverde ilustratzaileak eta Aitziber Alonso Galtzagorri argitaletxeko lehendakariak osatu dute. Euren esanetan, “egileek ederki uztartu dituzte hitza eta irudia, sentimenak eta gertaerak, errealitatea eta fantasia, gerra ororen ezaugarriak agerira atereaz”. Pamiela argitaletxeak argitaratuko du liburu hau datorren udazkenean.

Epaimahaikideen esanetan, egileek “ederki uztartu dituzte hitza eta irudia, sentimenak eta gertaerak, errealitatea eta fantasia, gerra ororen ezaugarriak agerira atereaz: gosea, beldurra, tristura…  Eta argazki errealez eta irudi marraztuez osaturiko planoez baliatu dira, hitzari arnasa eman eta kontrapuntu egiteko, bizi iraupenerako dei ozen bat osatuz, armoniaz beteriko album ilustratu honetan”.

Etxepare sarira inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira aurten, 31 hain zuzen ere.

Saria bakarra da ordea, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, “saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, 2013ko udazkenean”.

Etxepare saria Nafarroako zenbait udal eta Mankomunitatetako Euskara Zerbitzuek antolatzen dute, Pamiela argitaletxearen laguntzarekin. Album ilustratuen arloan, erreferentzia da euskal letretan.

Maite Mutuberria (Eltzaburu, Nafarroa, 1985) ilustratzailea da, argazkian ezkerrekoa. Dagoeneko hainbat lan plazaratu ditu: Hizkuntzaren Keinua (Elkar, 2012), Irati Jimenezen testuaren ilustrazioa. Zure denboraren truke (Elkar, 2013), Uxue Alberdiren testuaren ilustrazioa. Horretaz gain, hainbat testu libururen ilustrazioak egin ditu Santillana argitaletxearentzat. Hainbat erakusketa ere egin ditu bai Nafarroan eta bai Nafarroatik kanpo.

Leire Bilbao (Ondarroa, Bizkaia, 1978) idazleak ibilbide oparoa osatu du, bai haur literaturaren arloan, baita poesia arloan ere.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.