Karlos Linazasororekin solasean

Generoak hausteko daude, nire liburuak beti izan dira hibridoak

Karlos Linazasorok Versus liburua kaleratu berri du Elkar argitaletxearen eskutik. Irla bat, Versus izeneko naufrago bat, 99 pasarte. Generoen zurruntasuna apurtzen duen literatur lana da Versus, nobela gisa heldu bazaigu ere, harreman estua duena poesiarekin, aforismoekin, gutunekin… Liburua bera eta idazlearen naufragotasuna izan dugu hizpide, egilearekin.

(Argazkia: Elkar).

Pertsonaia nagusi bat dago, narrazioak osotasuna dauka eta aldi berean zatikatua da… Nolakoa izan da Versus liburuaren idazketa prozesua?

Naufrago bat neukan, irla ttiki bat eta palmondo bat. Horixe izan zen hasiera. Gero, Queneauren liburua gogoan hartuz, estilo-ariketa moduko bat egin nahi nuen, han bezala 99 ataletan. Atal horiek betetzen joatea izan da nire lana. Hasieratik nekien gauza bakarra: Versus ez zuela inork salbatuko.

Versus naufrago-nobelen (edo are itsas-nobelen) tradizioan koka liteke, pasarte batean Versus-ek berak egiten dio tradizio horri aipamena (24. atala). Idazterakoan gogoan izan duzu tradizio hori, era horretako liburuen zalea zara?

Ez naiz bereziki itsas-nobelen zalea. Irakurri ditut Melville, Stevenson, Verne eta abarrak, jakina, baina ez naiz bereziki abentura zalea izan. Gehiago interesatu zaizkit beti Homero, Coleridge, mitologia klasikoko ipuinak…Nire liburuan bi tradizioetatik dagoela esango nuke, eta bien aipamen zuzena ere egiten da.

Hala ere, Versus-en egoeraren garapena gehiago bideratzen da gogoetara, poesiara kasu batzuetan. Irlan dagoenaren irudiak indar metaforikoa lehenesten da horrela?

Nik uste dut indar metaforiko handia duela liburuak, bai. Poesia eta gogoeta. Hemen ez dago abenturarik, eta akziorik ere apenas, nahiz eta gauza asko gertatzen diren. Versusen gogoetak, kezkak eta minak, esperantzak, irakurketak eta erokeriak, bizitzari aurre egiteko asmatzen dituen kontuak… horiexek dira liburuaren oinarria.

Aurkezpenean aipatu zenez, zure ibilbidean landu izan dituzun genero eta errekurtsoak topatzen ahal dira bertan, “poemak, aforismoak, ipuinak, mikropuinak, hitz jokoak, txisteak, adarjotzeak…”. Liburuko zure biografian atalean zera topatu dugu “Hauxe jotzen du egileak helduentzako bere bigarren eleberritzat, Itoko dira berriak-en ondoren”. Generoen arteko lan bat egitea izan duzu xede, edo idazterakoan agian ez duzu izan genero-xede aldetik definiturik izan?

Nik ez dakit zer den liburu hau. Literatura dela esango nuke, besterik gabe. Literatura hutsa. Generoak hausteko daude, nire liburuak beti izan dira hibridoak. Poesia, ipuina, aforismoa, gogoeta, antzerkia… denetik dago hemen, eta era berean nobela bat ere bada. Ez nobela kanoniko edo ortodoxo bat, jakina, nik ez baitakit halakorik egiten. Baina nobela bat da, ze, zoritxarrez, hemen nobelarik idazten ez baduzu, ez baitzara idazle-mailara iristen. Eta orduan, bada, to: hementxe dago nire nobela.

Versus vs itsasoa? Itsasoak eman egiten dio tarteka pertsonaiari, forma ezberdinak hartzen ditu itsasoak Versusen gogoan… gizartearen ideia bera etorri zait gogora, ausarkeriaz agian: itsaso-gizartea izate zabal, aldakor, atzemanezina; itsaso-gizarteak ematen diguna, horrek eragiten diguna, itsasoari harrika egitea ezertarako balio ez duela jakin arren… badu hortik zerbait?

Poetek galdera zailak egiten dituzte, eta ez dakit zinez zer erantzun, Oier. Gustatzen zait zure interpretazioa, eta arrazoi izango duzu gainera. Nik neure obsesioak landu ditut hemen enegarrenez: bizitzaren alderdi absurdoa, inkomunikazioa, denboraren atzeman ezintasuna, patuari ihes egin ezina, heriotza… dena ukitu poetiko eta umoretsu batez, ironiaz, eszeptizismoz, esperantza amiñi batez… Eta liburua iradokitzailea den neurrian, irekia, bada irakurleak aske dauka bidea nahi dituen irakurketak, interpretazioak, gogoeta eta abarrak egiteko. Hemen ez da ezer ixten, zirkulua irakurleak berak itxi behar du. Alde horretatik, apurtxo bat exijentea dela esango nuke, nire lan guztiak diren bezalakoak, bestalde. Hori nire kalterako da, noski, baina honezkero zer egingo diogu ba…

Versus vs bere burua” harremana ere ematen da?

Versus bere buruarekin etengabeko borroka batean bizi da. Etsia eta esperantzaren arteko lehia bizi du. Versusen bizitza oroitzen duena besterik ez da. Hori, eta egunen batean salbatuko duten esperantza. Egoerak badu, jakina, karikaturatik aski, ezen halako egoera batean ezin baita luzaz iraun. Baina gauzak muturrera eramate honek neure hausnarketak argiago uzteko balio izan dit, dudarik gabe.

Kuriosoa egin zait Versusek literaturarekin duen harreman estua. Asko dira aipatzen dituen egile eta liburuak. Baina buruz egiten du, memoriako artxibategitik ekartzen ditu erreferentziak. Zer garrantzia du literaturak pertsonaia honetan?

Versus ez da idazle, baina irakurle aparta da, jasoa eta handia. Argi dago irakurri dituen liburuengatik ez balitz, Versusek ez lukeela bizirik iraungo. Literatura Versusen memoria da, bizi-iturri azkena, indarrak ematen dizkion pneuma ttikia. Hor ere badago metafora bat, jakina. Literaturak, ipuinek, mitoek, poesiak, irakurri duzun guztiak (zaborra ez da literatura) bizitza egiten du, nolabait salbatu egiten zaitu heriotzatik, zentzu bat ematen dio bizimoduari… Are gehiago Versusenari, bistan da.

Naufragoaren irudia lot liteke idazlearenarekin ere? (“Gal al liteke ba alferrik halako gizaseme baten talentua eta jakituria?” irakurri dugu 60. atalean). Hau da, lanbidearen bakardadean dagoen pertsona, feed back eskasarekin, bere irakurgaiekin, inoiz sentitzen duena esateko beharrarekin eta inoiz esateko duen hori entzungo den esperantzarekin (bueltatzen denerako diskurtsoa prestatzen dabil Versus…)

Nik feed back eskasa izan dut beti, eta hori ez da samurra eramaten, beti eskatu izan dut kariño apurtxo bat gehiago… Galderaren beste zatiari erantzuteko ni ez naiz nor.

Versusentzat denbora 80eko hamarkadako Euskal Herrian gelditu da, orduan desagertu zelako jendartetik. Zergatik aukeratu duzu garai hura urrunetik oroitzapenak kokatzeko?

Ez dut bereziki propio hautatu. Baina izan liteke Versusen oroitzapen, bizipen, giro eta abarrak eta nireak berberak direlako. Azken batean, Versus adinkidea dut, kinta berekoa, eta hark gogoratzen dituenak neuk ere biziki eta pozarren gogoratzen ditut…

Kasu askotan, bakardade egoera terriblea izanik ere, badu absurdutik, umoretik, ironiatik… “Versusek, zer egin jakin ez-eta, aurreskua dantzatu zuen” (64. atala). Edozein generotan ari zarela ere, ezinbestekoa zaizu hori?

Surrealistek esaten zuten bezala, umorea da heriotzari gain hartzeko daukagun baliabide bakarra. Hori gabe, nola baitaratu dagokigun patu ezinbesteko eta izugarria? Niretzat umorea ukendu bat da, edo zehatzago esateko: plazebo bat.

Elkarrizketatzailea: Oier Guillan.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak and tagged , . Bookmark the permalink.

Comments are closed.