Mikel Ibargurenen hiru poema

Mikel Ibargurenek Bide batez esanda poesia liburu berria plazaratu berri du Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik. Aingura hegodun honetan irakur ditzakezue hiru poema.

 

.

 

JE T’AIME

 

Denok dugu capitale de la doleur bat

argiak itzaltzen diren hiriburu apatridetan

biharamunez musuak eta aditz trinkoak dira nahasten

eta denok gogoratu nahi genuke

le temps des cerises galdu bat hor nonbait

iragan erraustu baten apalean

eta nik ere izkiriatuko dizut hitz ederrik

behar diren ne me quitte pas guztiak errepikatuko

nire ondoan egon zaitezen

udaberrien esperantoa ikas dezagun

euskaraz zaitut maiteko bertsio ofizialean

je t’aime, moi non plus guztiak ahoskatuko

nigandik zugana eginez joan-etorrian

zugandik nigana eginez etengabe

 

maite zaitut, moi non plus

je t’aime, nik ere ez

 

 

ARRAZOIAK

 

arrazoi ugari egon daiteke

munduko kausarik galduenetako batean idazteko

 

dena idatzita dagoela ere badiote

geure bizitzak izan ezik

 

baina errealismo guztien gainetik

zein kritika literario guztien azpitik

 

idazten jarraitzeko

arrazoi poetikoak ditut nik

 

 

BIDE GALDUAK

 

Oi gu hemen bidean galduak

ezin aurkituz norabideak

irtenbiderik bada ordea ezin saihesbiderik hartu

erdibideek ez dute balio

lasterbideak arriskutsuak dira

eta bidezko ez den oro nahi nuke baztertu

bidegabekeriak salatu

bidelagun berriak bildu

noraezean bada ere bide egin

handik edo hemendik

hartara edo hortara

atzerabideen ordez aurrerabideak saiatu

bukaerarik ikusi ez arren bidean joan

bideak garamatza, bideak gaitu ekartzen

barnebidean murgilduz

nire burutazioei bide eman nahi nieke

hausnarbideak ez dira hemen amaitzen

urratsez urrats dugu bidea urratzen

bideak gaitu urruntzen eta bideak hurbiltzen

ez dakigu helbideak beti hor diren

baina bidean gara, geure bidean

bide batez esanda

bidegabea ez baita inora iristen

orain historiaren bidegurutzera heldu gara menturaz

eta bakebidea dugu norantza

bidera noa, bidetik nator

bidean da nire gogoa

gu geu bideratu ezean ez baitago biderik

 

nahiago bidean galduak

ezen ez bidetik kanpo

 

.

This entry was posted in ai-Poemak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.