Mari Luz Estebanen hiru poema

Mari Luz Estebanek Amaren heriotzak libreago egin ninduen izeneko poesia liburua kaleratu berri dut Pamiela argitaletxearen eskutik. Aingura hegodunak atalean irakurri ditzakezue bertako hiru poema.

Egileak berak aurkezpenean esan zuenez “Liburuan jorratu ditudan gaiak anitzak dira: askatasuna, heriotza, maitasuna, semealabatasuna, adiskidetasuna, amatasuna/gurasotasuna, sexualitatea, desira, “emakume izatea”, denbora, etabar. Baina, liburuaren ardatz nagusia edo nagusietako bat, behintzat, askatasuna eta maitasunaren arteko harremana eta talka da: norbere bidearen eta maite dituzunekiko duzun harremanaren artean sortzen den edo sor litekeen tentsioa”. Horrekin batera, liburua intimitatetik idatzi zuela aipatu zuen “Intimitatea, hauskortasuna eta zaurgarritasuna oso tresna eraginkorrak iruditzen zaizkit norberari buruz idazteko baina baita, orokorrean, bizitzaz gogoeta egiteko ere”.

Eskapan

 

Ez gara libre izango emakume izendatuok

zaldun modernoen babesa eta baimenari

behin-betiko uko egin ezean,

 

ez gara libre izango emakume izendatuok

errai muinean erein ziguten maitatzeko joera konpultsiboa

errotik erauzi eta berrasmatu artean,

 

ez gara libre izango emakume izendatuok

gizonen ahots gandorrak (aldika) isilarazi eta

guri adi jartzen ez diren bitartean,

 

ez gara libre izango emakume izendatuok

bakardadea sortuz bakardadean bizirauten

trebatzen ez garen bitartean,

 

emakume izateari eskapan.

 

 

Amaren heriotzak libreago egin zuen

Harekin izandako eztabaida sutsua, urteetako jarduna, da abiaburua.

Harekin aurrez-aurrekoan, bereari eusten, berea eraikitzen hasi zen. Beraren kontra baina, nolabait ere, beraren baimenaz, inoiz errieta etorriko ote zitzaion beldurrari ukoaz, bere erabakimena haundituz joan zen.

Amaren faltan, amaren aurrean nork bere burua zuritzetik libratuz, libreago izan zen.

Eta orain, hutsunea eta askatasunaren ahundura gordinean, badaki haren heriotzaren egunean bigarren aldiz erditu zela berataz, eta semeari begiratzera behartu zuela.

Eta orain, semeari begira, burutik pasatzen zaio akaso bere heriotza bere askatasunaren ongarri ere inoiz izango dela, eta hori pentsatzeak, onartu beharra dauka, min latza eragiten dio sabelean.

Bitartean, laztanak eta kariñoak egiten dizkio, konpartitu ere barreak eta irakurgaiak, eta eztabaidak, sutsuak, kupidarik gabeak. Semea ere horrela libre izaten ikasteko gai izango ote den itxaropenean, eta hotzikaran.

 

NEUK ERE

nire plazera atzeratu dut

behin baino gehiagotan

Harremanaren izenean.

 

Neu ere

tarteka-marteka

Emakume izan naiz.

 

Poema hauen uberan:

IKUSI aurkezpeneko bideoak

This entry was posted in ai-Poemak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.