Bertol Arrietaren liburu gomendioa

Harkaitz Canoren Neguko zirkua (Susa, 2005) hautatu du

Bertol Arrietak Alter ero (Susa) liburua kaleratu zuen iaz Susa argitaletxearen eskutik. “Zortzi narrazio, edonorenak izan daitezkeen minak azaleratzeko, bizitzan egindako aukeren bazterrean utzi ditugun bideak gogoan hartzeko. Umorez, sotiltasunez, pelikula baten erritmora irakurri daitezkeen hitzezko eszenen bitartez”. Eta narrazioak, ipuinak dira aholkatu nahi dizkigunak. Harkaitz Canoren Neguko zirkua liburuan jasoak daudenak, hain juxtu.

Karparen azpian (H. Canoren Neguko zirkua ipuin-liburuaz)

Cano euskal literaturako idazlerik garrantzitsuenetakoa bilakatua dela inork gutxik ukatuko dit honezkero. Ez naiz ni orain bere lumaren apologia egiten hasiko, jende askok eta era askotara goraipatu baititu Canoren bertuteak. Twist nobela pil-pilean dagoen garaiotan, bere aurreko liburu bat gomendatzera natorkizue, lehenaren olatua aprobetxatuz ea bigarrenari bultzadatxoa emateko gai naizen: “Neguko zirkua” ipuin-liburuari buruz ari naiz.

Asko daki Canok, asko irakurri du, eta nabaritu egiten da hori bere testuetan. Twist-en gisako nobela luzeetan gehitxo igartzen dela esango nuke, sinesgarritasunari kalte egiteraino kasu batzuetan (barkatuko ahal dit Harkaitzek kritikatxoa). Ipuinaren distantzia motzean, ordea, ez dauka lekurik halakoetarako, zirkuko karpak mugatzen du horizontea, ez baita dena kabitzen ipuin batean Canok ondo dakien legez, ez bada justu ipuinak behar duen horixe bera, soberan ez dagoena.

Hala, ipuin-sorta bikaina utzi zigun Canok liburu honetan (“Eskularruak mara-mara”, “Argentinar lotsatia”, “Aulkien Historiako une estelarrak”, “Houdiniren anaia”, “Camarillo brillo”…), non ez baituzu aurkituko ederra edo zirraragarria edo gutxienez esanguratsua ez den paragrafo bat bera ere. On egin!

Bertol Arrieta

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.