Lourdes Unzuetaren liburu gomendioa

Janne Teller-en Ezer ez (Alberdania) liburua proposatu nahi digu

“Ezer ez. Eta dena. Horrelaxe laburbilduko nuke irakurri nuenean harrituta eta liluratuta utzi ninduen liburua”. Honela hasten da Lourdes Unzuetak igorri digun liburu gomendioa. Eider Eibar ilustratzailearekin batera, Kaiuko bat elurretan (Elkar, 2013) argitaratu du aurten Durangoko idazleak. Aurretik, bi narrazio liburu argitaratuak ditu Unzuetak: Argilunak begietan (1991, Labayru) eta Uharak zure begietan (2005, Labayru). Gomendio gisa ordea, Janne Teller-ek idatzi, Juan Mari Mendizabalek itzuli eta Alberdania argitaletxeak 2012an plazaratu zuen Ezer ez hautatu du.


Ezer ez, Janne Teller (Alberdania)

Ezer ez. Eta dena. Horrelaxe laburbilduko nuke irakurri nuenean harrituta eta liluratuta itxi ninduen liburua.

   “Ezerk ez du garrantzirik, aspalditik dakit. Beraz, ez du merezi ezer egitea; hori ikasi berria naiz”. Horixe dio protagonistak, Pierre Anthon (PA) nerabeak; horixe esan eta eskolatik alde egingo du. Zelan ez du ba harridura eragingo lehen eskola-egunean hori dioen ikasleak. Hori esan eta arbola batera igoko da, aranondo batera hain zuzen ere, literaturan  hainbat protagonistek egin ohi duten bezalatsu.

   Handixik hasiko zaie oihuka ikaskideei: Rikke-Ursula, Ole, Hans handia,  Ingrid txikiari eta abarri. Agnes eskola-kideak kontatuko digu liburuan zehar zeri egiten dion oihu PAek batez ere: ezerezari.

   PAek temati jarraitzen du aranondo gainean. Ikaskideek temati hura aranondotik jaistea lortu behar dutela eta. Harrika ekiten diote hasieran, harrika PA berari eta ezerk garrantzirik ez duelako ideiari. Gurasoek, irakasleek, mundu guztiak esanda, ikasleek zerbait bihurtu behar dute, norbait izan. Hori garrantzitsua da. Eta PAek esandakoa horren guztiaren aurka doa.

  Harrika egiteak ez die luzarora fruiturik ematen. Jausi egingo da jausi atzeko bedartzara baina handik egun bitara berdin da aranondo gainean. Bilerak eginda proposamen berri bat adostuko dute, PAi gauza garrantzitsuak badaudela erakustearena.

   Horrela garrantzia duten gauzak zerrategi hondatu baten biltzeari ekingo diote. Balio handirik bako gauzak dira hasieran: burua erauzitako panpina zaharra, salmo liburu zahar bat, hortz faltan dagoen nakarrezko orrazi arrosa, sandalia berde plataformadunak, bizikleta horia. Garrantzia eta balio sentimental gehiago dutenak geroxeago, taldeko batak besteari berariaz eskatuta: hamster bat, bandera nazionala, adopzio ziurtagiria, neba txikiaren hilkutxa, ile txirikorda, inozentzia entregatzea, Jesus gurutziltzatua estatua bat, hatz bat.

   Garrantziaren meta pilatuz doa zerrategian harik eta taldeko batek dena poliziari salatu arte. Hortik aurrerakoa, elur-meta bezala hedatuz doa, munduko lau kantoietako hedabide nagusiak, egunkariak, telebista, heldu arte. Irakasle, guraso, polizia eta hedabideei, erantzun bera ematen diete ikasleek: Garrantzia aurkitu dugu! Denak daude hunkituta, PA izan ezik.

   Garrantziaren borroka irabaziko dute bai Danimarkako bai mundu osoko prentsan. Amerikako museo batek milioika dolar ordainduko zuela agindu zien baina azkenerako badirudi ez zaiola inori interesatzen. Denok ados jarri baziren metak garrantzia zeukala, ezin zuen orain bat-batean garrantzia galdu. Ala bai? Garaipena porrota balitz bezala bizi izango dute.

       Eta helduko da garrantziaren meta museoari saltzeko eguna. Ikaskidetako batek, baina, ez du hori nahi, meta saltzeak metak ez duela zentzurik esatea delako, eta zentzurik ez badu PAek arrazoi duela onartzea. Hor hasiko dira bata bestea jotzen, batak besteari eskatutakoa gogoan, elkar hil nahian bezala.

   PA agertuko da euron artera. Tinko begiratuko die, metako osagaiak banan-banan izendatuz, eta zera aurpegiratuz: “benetako garrantzia izan balute, ez zenituzten salduko, ez?”. PAek irabazi du, huts bat egingo du ordea: bizkarra eman besteei. Ostikoka eta ukabilkadaka ekin eta hil antzean itxiko dute PA zerrategian. Gauez sute batek  kiskaliko du zerrategia eta hurrengo egunean PAen gorpuzkin kiskaliak aurkituko dituzte bertan. Poliziak uste izango du PAek berak eman ziela su zerrategiari eta garrantziaren metari, ikaskideek ez dute ezetzik esango, eta bakoitzak gordeko du garrantziaren errautsen kopurutxo bat.

   Agnes errautsez beteta duen poxpolo kaxari begira dagoela amaituko da kontakizuna. Errauts grisari begiratzen dionean sentipen bitxi bat sumatzen du; ez daki zer den baina badaki garrantzia duen zerbait dela, eta badaki garrantziarekin ez dagoela txantxetan ibiltzerik. “Ezta, Pierre Anthon? Ezta?”

Lourdes Unzueta

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.