Eako Poesia Egunak, aurrekronika

Ibilbide luzekoa dugu Eako Poesia Egunak ekimena literatur zaleen agendatan. Gabriel Arestiren lana gogoratuz abiatu zuten duela hamar urte eta ordutik poesia zale askoren elkargune bilakatu da. Aurtengo egitarauan ez da noski errezitaldirik faltako, baina haiekin batera datoz antzerti uneak, kontzertuak, hitzaldiak, solasaldiak…


Aurreko urteetako esperientziari erreparatuta egin genezake aurtengo ekitaldiaren aurrekronika: ikusiko dugu herriko jendea antolakuntzan murgildurik, parte hartzaileak behar duten horren inguruko galderekin arreta josiz; ikusiko dugu publikoa ekitalditik ekitaldira bidea eginez, idazleekin solasaldi berean; poesiak hartuko ditu Eako kaleak eta uneak. Ostiralarekin abiatuko dira ekitaldiak, Arestiren berbak ekarriz gogora: “Ikusgarria da hemen bidegabea”. Arestik 1967 Hernanin eskainitako hitzak izango dira egitarauan lehenak: “Euskararen izen poetikoak” izeneko hitzaldia irakurriko du Patxo Telleriak. Ondoren beste bi aktorek, Mikel Martinezek eta Iñaki Ziarrustak, aurtengo argitalpena izango dena irakurriko dute: Mikel Antzak idatzitako Sumak Kawsay testua:

Mikel Antzak ekonomiari buruz handik eta hemendik irakurritakoei buruzko hausnarketa mamitu du Eara hurbiltzen direnentzat. Eguneroko bizitza arruntaren errealitatea, gure baitan gordetzen dugun iragandako bizimoduaren oroitzapen hormatua besterik ez denez, errailetatik kanpo ibiltzeko arriskua hartu du. Izan ere, bada garaia arriskatu eta berritzeko.

Hortik hasi eta igandean buka, kontzertuak, errezitaldiak, solasaldiak, azken denboraldian argitaratutako poemak entzuteko aukera egileen ahotsez, tartean Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Hedoi Etxarte, Castillo Suarez… antzerkiz eta doinuz iritsiko zaizkigu bestelakoak, larunbateko Urrats galduen bidea ibilbide poetikoan adibidez: Joxemari Carrerek idatzi eta Ainhoa Alberdik antzeztutako Zapatak antzezlana, Jurdana Otxoaren biolina, Idoia Beratarbideren instalazio artistikoa, Iñigo Aranbarriren hitzak. Asteburuan zehar musikaturik berriz hitzak, Josu Bergara, Borja Estankona, Eñaut Elorrietaren ahotsetik. Fabiana Boer idazle, musikari eta antzerkigile argentinarra izango da aurtengo sortzaile gonbidatua:

ERREKAN GORA

Are gehiago,

misteriotik erauziak:

horixe da exilioa.

Ezerezaren eltzean nola-hala murgilduak

Berehala pisatuak eta neurtuak

behar bezala molda gaitezen

bezatuak ahots insonorizatuen bidez

zapore gabeko zaporeen bidez

besarkatzen ez duten besarkaden bidez

aurpegirik gabeko aginduen bidez

erlojuen orratzen bidez.

Behartuak, izorratzeraino behartuak.

Eta, hala ere, hementxe jarraitzen dugu

gure egoskorkerian patioak edo geranioak bilatzen

deskubritu beharreko usainak

izerdiak eta deiak

beroak eta teilatu-hegalak

zureak bezalako begiak

beste mundu txiki bateko zalaparta.

Egarriaren egarriz

gosearen gosez

beldur atzemanezinez gabeturik eta aserik

dei egiten diogu

gauaren ertzean eserita

inozentziaren ordu zorionekoari

berak konpon dezan

heriotza zentzubako hau.

——————————

Ikusi egitaraua osorik: Harrikadie 2013.

Erramun Landaren grabatu batekin sarituko dituzte, txalo artean, parte hartzaileen eginahalak. Herriko tabernetara zabalduko dira literatur solasaldiak, eztabaidak, sutsuak zein lagun artekoak. Mintzatuko dira liburuez, proiektuez, polemikez. Elkar topatuko dute idazleek, zaleek, editoreek, eragile eta antolatzaileek:

Mahai beraren bueltan.

Taberna bereko barra beraren inguruan.

Poesia jende gutxik irakurri eta are gutxiagok erosi egiten duen garaiotan,

aldarri poetikoz mukurutuko dira kaleak,

poesia zalez beteko dira Ieko Poesia Egunak.

Albiste honen uberan:

Elkarrizketa Castillo Suarez

Elkarrizketa Hedoi Etxarte

Elkarrizketa Rikardo Arregi Diaz de Heredia

Aurkezpenari buruz Uberanen

Aurkezpenari buruz Berrian

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.