Jon Mirande aztergai, Hegats aldizkariaren 50. zenbakian

EIE-k eman du argitara, Jon Mirande: gogoeta itxi gabea izenburupean

Hegats aldizkariaren 50. zenbakiak Jon Miranderen ibilbidean erreparatu du. Jon Mirande (Paris, 1925-1972) zuberotarra zen jatorriz, baina hogei urte zituela ikasi zuen euskaraz. Hamabost hizkuntza zekizkien, eta Finantza Ministerioan egin zuen lan. Txomin Peillenekin batera Igela sortu zuen Parisen, “euskal heterodoxoen aldizkaria”. Poemez eta artikuluez gainera, nobela bat idatzi zuen, Haur besoetakoa, eta hainbat poeta moderno itzuli zituen, Keats eta Poe besteak beste. Aldizkaria doan jaitsi daiteke EIEko webgunetik (PDF euskarrian ere eskura daiteke Jon Miranderen inguruko lana).


Euskal Idazleen Elkarteak Hegats aldizkariaren 50. zenbakia eman du argitara Jon Mirande: gogoeta itxi gabea izenburupean.

Aldizkarian, Miranderen heziketaz jardun du Itxaro Bordak; poesiaz Patri Urkizuk; eta Nora Arbelbidek elkarrizketa egin dio Emilio Lopez Adani egilearen inguruan. Bestalde, Ander Iturriotz Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak Mirande, faxistak eta filosofoak izeneko artikulu luzea idatzi du.

EIEko lehendakariak egin du, halaber, aitzin solasa: “Beste hondar-ale bat duzu eskuen artean, irakurle. Hondartza egiten ez duena, Aristotelesen enarak uda egiten ez zuen bezala. Baina alez ale eutsi diogu beti galmenaren itsasoari. Ahazturak eraman ez gaitzan”, EIEtik igorri diguten prentsa-oharrak dioenez.


Sarean eskuragarri

Bada Hegats aldizkaria 50. zenbakira iritsi dela nolabait ospatzeko, EIEk beste jauzi bat eman nahi izan du aldizkaria EPUB euskarrian eskegiz Interneten. Dokumentua doan jaitsi ahal izango da EIEko webgunetik (PDF euskarrian ere eskura daiteke aldizkaria). Hauxe ESTEKA.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.