Alquimia fanzineko bi poema eta irudi bat

Taxian dabilen fanzinearen 41. alea

Aurretik ere aipatu dizuegu inoiz Alquimia fanzinea. 41. aleko hiru eduki arrantzatu ditugu oraingoan Aingura Hegodunak atalean, bi poema eta irudi bat. Paperezko orrietan edo pantailan, fanzinean murgiltzeko zirrikitua duzue honakoa.

.

41 ale, 41 hilabete, poema eta narrazio laburrak jasotzen, publikatzen eta zabaltzen. 2005ko ekainean atera zuten lehen alea; tartean egon da parentesiren bat edo beste maiztasunean, baina azken urteetan jarraikortasun handiz iritsi da irakurleen eskuetara. Eskuz esku, borondatearen truke. Liburu denda batzuetan, loradendetan, ’74′ zenbakia daraman taxian, Donostian. Paperean zein Interneten edizio txukuna, propio ekarritako ilustrazioak, literatur zaleek osatutako alkimista talde honen eskutik.

Hona hemen azken aletik atera ditugun hiru ekarpen:

BERRIRO, IƱaki Santos

barnetik,
bihotza,
bularra,
besoak,
bizitza

barre!

borondate barik

basatia!

borroka!!

beraz,
bakarrik bazatoz,
bilatu

baina… begira!
berandu

bizipenak banatu

biharamunean berriro.
borobil batean bezala.

BAKARDADEAN, Irudiaren egilea: Naroa Garcia

EZ ZAIZUE GERTATU? Ane Miren Odriozola

Batzuetan, gutun bat idazterakoan, gero, garbira pasa dut, zirrimarrak eta lerro okerrak kentzeko. Nik, ordea, nahiago ditut inperfekzioz betetako gutun horiek, zuzeneko eta grabatutako musikarekin gertatzen denaren antzera, zuzenekoa, ona ala txarra, beti gertuago, biziago.

Eskutitz horietan erraz ikus daiteke nola izan diren idatziak, konturatu gabe atera direnak eta ezegokiak, itsusiak edo salatariak izanagatik, zera egiten dena: fuera!

Lumaren tintaren orbanak, kafesne zipriztinak edota mendi errusiar baten antza duten errenkadak.

Horrelako gutunak idazten ditut ere, konfiantza handia daukadanean, edo informazio guztia iristea nahi dudanean. Zentsurarik gabe.

Bizitza, baina, orri luze bakarrean sortutako istorioa da. Badakit, nik neuk nahiago dudala horrela, akats eta guzti, azpiko lapsus lotsagarri edo barregarria (ulertua izango den moduaren arabera) oraindik irakurri daitekeelarik, esfortzu txiki bat eginda.

Hala ere, batzuetan, zati bat kendu eta garbira pasako nuke txukun-txukun gelditzeko, nahiz eta jakin inor ez dudala engainatuko, are gutxiago neure burua.

Ez zaizue gertatu?

This entry was posted in ai-Irudiak eta hitzak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.