Jabi Santa Cruzi elkarrizketa

Baso ilun itoan poesia liburua plazaratu du Ereinekin

Jabi Santa Cruz (Erandio, 1964) Portugaleteko Asti Leku ikastolan egiten du lan, Haur Hezkuntzan. Bi poesia liburu ditu argitaratuak: Moko bilduma (Ibaizabal, 2000) eta Hiriko baratzean (Pamiela, 2008), haur eta gazte literatura hurrenez hurren. Iragan udaberrian plazaratu zuen Baso ilun itoan helduentzako poemarioa, Erein argitaletxearekin. “Liburu honekin, jadanik desagertu den mundutxo bat berreraikitzen saiatu naiz”, adierazi digu idazle bizkaitarrak. “Haurtzaroan ezagutu nuen ehiza-mundua eta orduko baloreak, paisaiak, jendea… presente izan ditut poema asko idaztean”.

Naturarekiko aipamena eta sosegu-eza. Hitz horiek etorri zaizkigu burura izenburuan erreparatu dugunean.

Natura iradokitzailea agertzen zaigu beti. Naturan aurkitzen ditugun irudiak, askotan, gure barruko emozioez mintzo dira, eta emozio horiek ezagutu eta ulertzeko oso baliogarriak izaten dira. Ehiza, ekintza moduan, zerbait primarioa da, primitiboa. Poesia ere, literaturaren bilakaeran primarioa eta primitiboa da, gizakiaren hastapenetara eramaten gaituena.

Idazle gehienen estreineko lerroak, lehenengo hastapenak, poesian aurkitzen dute espresabidea.

 

Hegaztien izenak ageri dira lehen poemetan eta hegaztiak ageri dira ilustrazioetan. Eta hara, zure liburuaren gainean Berriaren albisteak zekarren goiburua: “Hegan doazen txorien hegalditik sortutakoa”.

Hegaztiaren patuak kezkatzen nau. Baso ilunean etsaia noiz etorriko zaion itolarrian dagoen hegazti ikaratua. Bestalde, basoan gertatzen diren misterio eta une ezberdinek miresten naute. Egun argitan ehiztaria den gizakia poeta bilakatuko da eguna abaildu ahala. Gauarekin batera hegaztiak liberazioa bilatuko du, baso ilun itoa atzean utziko du, zenbait orduz bederen. Idazleak hegaztiaren liberazio hori bere baitan bizi nahi du.

 

Papitos poemak txikitako oroitzapenen oihartzuna dakar. Galeperrak poeman ere atzera begira ageri da poeta. Iraganarekiko edota galdu denarekiko nostalgiak janda akaso?

Nostalgiaren amua tentagarria izan ohi da beti. Nostalgiaren bidetik abiatuz gero susma dezakegu gezurrezko lurralde batean sartuko garela. Idealizazioak bere sarean harrapatuko gaitu eta sare horren zirrikituetatik iragana berreikitzeari ekingo diogu. Kimera hutsa, inondik ere, baina tiradizo handia duena.

Liburu honekin, jadanik desagertu den mundutxo bat berreraikitzen saiatu naiz: haurtzaroan ezagutu nuen ehiza-mundua eta orduko baloreak, paisaiak, jendea… presente izan ditut poema asko idaztean. Ez da nostalgia kontua soilik, gehiago da iraganeko mundu horri erretratu emozionala egitea, omenaldi gisa edo; eta baita ahanzturatik erreskatatzea desagertutako mundu hori.

Ahalegin antzua izanik ere, emaitzak harritzen nau askotan. Ahanzturaren aurrean edozein alternatiba ona da, baita gezurra bera ere.

Maiz sosegu falta izaten da sormen-pizgarri handiena. Idazteak zenbat du liberaziotik?

Letren mundutxo honetan, irakurtzen ari naizen testu batekin konektaturik sentitzea izaten da niretzat liberaziorik handiena. Irakurle gisa askotan sentitzen naiz zoriontsu. Eta sormena, sarritan, testu baten ondoan edo ondorioz abiatzen da.

Baso ilun itoan poemategiaren sormen-prozesuan liburu bitxi bat egon da akuiluarena egiten. Aipatu liburu hau Haizegua izenburua du, eta Martin Indaburu idazle nafar ezezagunaren olerki bilduma ederra da, Pio Caro Baroja edizio lanaren bidez, Pamielak 1994an argitaratu zuena.

Edonola begiratuta ez-ohiko liburua da Haizegua. Hitzaurrean bertan Pio Caro Barojak poemen balio etnografikoa azpimarratzen du, eta ia ehun urte lehenago idatzi ziren poema haiek nola heldu ziren bere eskuetara kontatzen digu. Edizioa elebiduna da eta gaztelerazko itzulpenaren orrazketa poetikoa Julio berak egin bide zuen, esaten digunez.

Horraino dena ondo. Hitzaurre “argigarriaren” ondoren, poemetara sartu, euskaraz zein gazteleraz irakurri, eta bietan eder zein zoragarri.

Baso ilun itoan ibilbidea jarraian hasi nintzen, interneteko oihanean muturra sartuz, eta internet bera bilakatu zitzaidan baso ilun, pixkanaka eta modu harrigarrian argitzen joan zitzaidana.

Martin Indabururen Haizegua liburuaren gainean ikertu ahala, maitasun-gorroto sentzasio kontrajarriak piztu zitzaizkidan. Lan poetiko eder haren azpian ulertu ezin nuen iruzur handia zegoen. Martin Indaburu ez zen existitzen. Poemak Pio Caro Barojarenak ziren, ez beste inorenak. Gazteleraz idatzi zituen. Itzulpena gero etorri zen. Oso itzulpen berezia behar zen poemei kutsu zaharra emateko.

Argitaratu zenean oso kritika onak jaso zituen, hemeroteketan irakur daitekenez.

Txantxa poetikoa argitzerako urte batzuk pasatu ziren.

Bitxia…

Gogoeta egiten nuen, ulertu nahirik zer dela eta halako trikimailurik asmatu poema eder haiek kanporatzeko. Gakoa, nire ustez, gaian bertan zegoen. Haizegua poemategian ehizaren bizipenak jasotzen dira. Ehizaren baldarkeriak ez ziren adosten Pio Caro Barojaren estatus intelektualarekin. Agian erabat oker nago, baina honen guztiaren atzetik halako aurreritziak antzematen nituen. Peskisa horietan nenbilela, banituen zenbait poema idatzirik ehizaren esperientziari buruzkoak. Eta konturatzen nintzen, baita ere, ez nuela ezelako erreparotik oztopatu nindukeenik. Pioren Haizegua liburuak errotik zirikatu ninduen. Hasierako ezin ulertua gainditurik erabat adiskidetu nintzen Piorekin, eta guztiz eskertuta nago berarekin konpainia noblea izan delako abenturatxo honetan.


Iñaki Geijoren ilustrazioekin osatua

Liburua kalean, zein inpresio hartu zenuen eskuratzean?

Ereinekoek lan ederra egin dutela iruditzen zait. Liburua eskuartean izan arte ba nuen kezka puntu bat, batez ere irudiak zirela eta. Iñaki Geijok lan bikaina egin zuen eta irudi paregabeak eskeini zizkidan. Nire kezka zen behar beste kalitateaz agertuko ote ziren liburuan. Ni guztiz konforme gelditu nintzen, eta garrantzitsuagoa dena, Iñaki, marrazkilaria, ere bai.

 

Baduzu argitaratu gabe dagoen beste liburu bat, At. Mario Angel Marrodan saria irabazi zenuen iaz lan horrekin.

2008an argitaratu nuen Hiriko baratzean poemategia poema-multzo handi baten aukeraketa bat izan zen At, “gazte-literatura” gisa aurkezteko. Aukeraketa horretan hainbat poema isolaturik gelditu ziren eta biltzeko ahalegina egin nuen: orraztu, txukundu, antolatu… eta At atera zen.


Ez dut aldamenean

tiro hotsik entzun nahi.

Ez sarraski honetan errudun sentitu.

Min egiten dit heriotza anpolaiak,

heriotza merkeak,

debaldeko heriotzak.

Besteek eragindako heriotzari

honela deritzot:

zikina, krudela.

Nire heriotzak oso bestelakoak dira,

artelanak kasik.

Bakoitzak zuritu dezala

zuritzeko duena.

Ni ez naiz inoren izenean mintzatuko.

Badut nahikoa lan nire sena gobernatzen,

nire miseriak onartzen.

Denok eta bakoitzak dugu

kontaezina den zerbait.

Lakioan harrapatuta gaude

ezinbestean.

 

Jabi Santa Cruz, Baso ilun itoan (Erein, 2013)

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.