Merezimenduzko Aitormena jasoko du Erlea aldizkariak

Larunbat honetan, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren Merezimenduzko Aitormena jasoko du larunbat honetan Erlea aldizkariak. Kazetaritzari hertsiki loturiko ekimena ez den arren, epaimahaiak erabaki du “literaturaren arloan inoiz izan dugun aldizkari aberats eta dotoreena izanik beharrezkoa dela Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak hori horrela nabarmendu eta aitortzea”. Bernardo Atxagak zuzendu eta Euskaltzaindiak argitaratzen du Erlea literatur aldizkaria.

Datorren larunbatean izango da XXIII. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren sari-banaketa ekitaldi nagusia, Andoaingo Bastero Kulturgunean goizeko 11:30etik aurrera.
Hiru sari banatuko dira: Kazetari berria lehenik, Epaimahaiaren Sari Berezia hurrena eta Sari Nagusia azkenik. 2010eko maiatzaren 15etik 2011ko maiatzaren 15era bitarteko kazetaritza-lanak izan ditu kontuan epaimahaiak. Irabazleen izenak larunbatean emango dira ezagutzera.
Hiru sari horietaz gain, Merezimenduzko Aitormena eta Ohorezko Aipamenak ere egingo dira sari banaketa ekitaldian. Baina aipamen horiek jasoko dituztenen izenak, ordea, dagoeneko eman dira aditzera.

Ohorezko Aipamenak
Merezimenduko Aitormena, albistearen hasieran aipatu dugun moduan, Erlea aldizkariak jasoko du.

Argazkian Bernardo Atxaga, aurtengo Literaturia jardunaldietan; Erlea aldizkariaren 4. alea aurkeztu zen ekitaldian.
Ohorezko Aipamenak, aldiz, Miren Jone Azurzak eta Ignazio Arregik jasoko dute. Zeruko Argia eraberrituaren zuzendari izan zen lehena 1969tik 1975era, eta Ignazio Arregi, berriz, Loiolako Herri Irratiko esatari 1965etik aurrera eta, gainera, bera izan zen Eusko Irratiaren lehenengo zuzendaria 1982tik 1985era bitartean.
Euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakunde, ekimen eta pertsonei ematen zaie Ohorezko Aipamena, eta aurten aipatutako biei ematea erabaki du aho batez epaimahaiak, “bi horiek izan direlako euskarazko kazetaritza modernoaren zutoinak prentsa idatzian eta irratigintzan”.
Ignacio Arregi eta Miren Jone Azurza Andoaingo ekitaldian izango dira, larunbat honetan.

Xabier Lete gogoan
“Xabier Lete gogoan” izango da sari-banaketako ekitaldiaren goiburua. Bere ekarpen aberatsa aitortuz gorazarre egingo zaio Xabier Leteri. Antton Valverdek parte hartuko du pianoa lagun duela.
Omenaldi moduko saio honen ondoren emango dira ezagutzera XXIII. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan aurten estimatuenak izan diren lanak eta lanen egileak.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>