Poesiaren sormen aniztasuna aldarri Guardetxeko jaialdian

Jon Benito Aranberrik eta Gorka Setien Berakoetxeak errezitaldiak eskainko dituzte

Poesia zuk sortzen duzu!” lelopean bigarren Poesia Jaialdia antolatu dute Donostiako Guardetxean. Iaz ekainean izan bazen ere, aurtengoan urriaren 7tik 12ra antolatu dute jaialdia. Egitaraua askotarikoa: errezitaldiak, dantza emanaldiak, kontzertuak, saio esperimentalak, erakusketa… (Argazkian: Ibon RG).

Honako testua zabaldu dute antolatzaileek, poesiaren inguruan egun dauden korronte askorekin bat eginez:

Ahaztu poesia elitista, paperean baizik irakur dezakezun hura eta ikusi nola poesiak zure egunerokoa sortzen duen. POESIA ZUK SORTZEN DEZU!!

Jaialdiak poesia alde abstraktutik baino adierazpen poetikoetatik abiatzen dela erakutsi nahi du.

Zentzu poliedriko honetan beraz, POESIA ez da idatzitako adierazpen hutsa, baizik eta beste diziplina artistiko ezberdinekin batu daitekeena, hau da, dantza, pintura, musika, argazkia, performance-a edo antzerkia, adierazpen poetikorako baliabide aproposak direnak.

Erabilitako baliabideak baino, kasu gehiago egingo diogu lortutako adierazpenari, lortutako efektu poetikoari eta lirikaren efikaziari.

Jaialdiak oinarri bezala poesiaren ikuspegi hau jasotzen du: POESIA adierazpen desberdin baina osagarriko kausa dela. Horregatik bere asmoa konjuntzio eta diziplinartekotasun bat, sinergia eta nahasketa bat lortzea da, muga zaharrak eta diziplina artistikoetako mugak lausotuz, beren topaketa eta elkarrekiko kutsadurari bidea irekiz, adierazpen poetikoaren aukera zabaltzeko, hobetzeko eta berritzeko.

Poesia arte adierazpide ezberdinekin elkarturik topatuko dugu Donostiako Guardetxean antolatu duten poesia jaialdian. Poesia zalea dagoeneko ohituta egongo da poesia musikaturik entzuten (Hitzez eta hotsez saioan kasu, Kirmen Uriberen hainbat poema musikatu entzun ahal izango dira), poesia liburuetatik at poesia hormetan ikusten, poesiaren kontzeptuak hitzetatik harago eraman daitezkeela ulertzen (poesia fonetiko errezitaldia eskainiko du Ibon RGk), dantza edo ahotsaren hamaika bideekin uztartuta ikusten.

Baina bide horiekin batera, poesia zale amorratuenek gozatu egingo dute, segur aski, errezitatzeko modurik xumeenarekin: atrilarekin eta ahotsarekin, poetaren momentuko aldartearekin, poemekin. Bide hori hartuko dute, hain zuzen ere, Jon Benito Aranberrik eta Gorka Setien Berakoetxeak urriaren 9an 19:00etatik aurrera egingo dituzten errezitaldietan.

Aipatutakoez gain jazz saioak, polipoesiari buruzko bideoak… HEMEN topatuko duzue egitaraua osorik.

Albiste honen uberan:

Nontzeberri

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.