Jon Ander Urkiagaren poemak

Iaz plazaratu zuen Jon Ander Urkiagak Atea itxi aurretik izeneko poesia liburua, Erroteta argitaletxearen eskutik. Bertako poema batzuk ekarri ditugu Aingura Hegodunak atalera, libururako zubi. Liburuan barrena gertuko gaiak topatuko ditu irakurleak, egunerokoak, unibertsalak izan daitezkeen irudi eta zauriak lehen atalean, gizartera eta titularrei ebatzitako gai zehatzagoetara hurreratzen diren aleak bigarrenean. Atea itxi aurretik sarean osorik irakurtzeko aukera eman digu egileak.

.

Jo dezagun autobus geltokian zaudela,

eta guardasolak ez zaituela euri tantengandik babesten.

Jo dezagun gabardina handi baten barruan

galdurik zaudela,

eta autobusak etorri bezala doazela,

baina, zurea ez dela inoiz heltzen.

Jo dezagun alferrik dela erlojuaren orratzei

behin eta berriz begiratzea,

segundoek ihes egin behar baldin badute

ihes egingo dutelako.

Eta zu ez zara inor horri aurre egiteko.

Eta antzuak dira mugikorra poltsikotik

ateratako aldi guztiak,

alferrik geltoki ondoko kafetegian

harturiko kafeak…

Orduan, egunkaria hartu duzu, eta

eskelen orrialdea zabaltzerakoan iruditu

zaizu zeurea dela bertako aurpegi zurbilen arteko bat.

Lasterka irten zara kafetegitik, eta

demagun une horretan itxaroten zenbiltzan autobusak

ateak zabalik dituela, zure zain;

eta demagun ez dela euririk; areago,

eguzkiak gozoki egiten du dir-dir,

eta erlojuko segundoen orratza ez doa aurrera,

ez duzulako denboraren beharrik.

 

Demagun munduko denbora eta

autobus geltoki guztiak zureak direla.

 

***

 

Dena digitalizatu den komunikazioaren aroan

sentimenduak kable bidez doaz,

ferekak, antza, pantaila baten aurrean egonez sentitzen dira,

eta maitasun kopurua GBetan neurtzen da.

 

Eta beharbada,

horregatik kostatzen zaigu horrenbeste

barkatu hitza ahoskatzea.

Edo begietara zuzen-zuzen begiratzea

inork biluzteko beldurrik gabe.

(Argazkia: Anboto).

***

 

Hezetasuna tantaka erortzen da sabaitik.

Egunkari horiztatu eta letra txikidun liburuz jantzirik dago

    mahaia.

Kea, arrantzaleen amesgaiztoa eragiten duen behe-lainoa

    iduri.

Garagardo hondarrez beteriko botila ondratuek

    inbaditutako egongelan

dihardute azkenaurreko golpea izango den azken

    konspirazioari azken ukituak ematen.

 

Dena dago prest:

Macintosha (Olivettirik ez, aurrerapenaren izenean).

(urezko) Pistolak.

(autoekoiztutako) Sentimenduak.

(semaforoan erositako) Mukizapiak.

Harreman zapuztuak (ezinezkoa da osterantzean).

Gitarra bat (trikitixarik ez).

(sorlekutik ihesi doan) Aberria.

Elkarren arteko lotura aurkitzea baino ez da falta.

 

***

 

Bertolt Brechti ahaztutakoa,

Badaude egun bakar batez lan egin eta onak diren

    emakumeak, beste batzuek urte betez dihardute

    lanean eta hobeak dira, badaude urte luzeetan zehar

    lan egin eta oso onak direnak, baina, bizitza osoan

    zehar behar egin duten emakumeak ere badaude, eta

    horiek dira nahitaezkoak.

***

 

Apologia da, apologia hutsa”, esango dute.

Purutasunean itotzen ote gabiltza?

Baina, nik ere modu berean igorri nahi nituzke gorrotoa

    zein maitasuna.

Hain geuretarrak gara munduaren alde honetan…

Batzuetan bereber izan nahi nuke, estralurtar besteetan,

nire izateaz nazkaturik,

edo nire izateari agidanean dagokionarekin akiturik.

Horrenbeste baimen behar dira garena izateko.

Olatu galduak baino ez dira goizeko lehen orduak,

baina, itsasargirik ezean,

bart gaueko kafe indargabetuarekin konformatzen dira,

hezurretatik loreak noiz irtengo zain.

Arrazoia ere usu eman diete etxeko zapatilei,

baina, berandu da,

bala batek gurutzegramako laukitxo guztiak bortxatu

    dituelako.

Eta argi gorriz jantzitako portuetan

marinel zaharrak begiztatu daitezke habanerak kantatzen,

maitasuna garestiegia delako urteen joanean.

Alferrik dira malkoak guardasolen aberrian,

eta erreumak jotako agureak

paretean pintadak egiten dabiltza karmin gorriarekin:

Agure bat, hortzorde bat.

Eta eguzkia esnatzearekin batera

sobera daude hitzak kale kantoietan,

ispiluko lurrin metatuan

ez baita mezu kodifikaturik agertzen.

 

Poema hauen uberan:

Euskal literaturaren hazi berriak (Berria, 2012-06-01)

Elkarrizketa Anboton (2012-3-13)

ENTZUN Arratsaldekoan egindako elkarrizketa:

This entry was posted in ai-Poemak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.