Teatro estreinaldi berriak

Azken urteetan gero eta ugariagoak dira gure oholtzetara iristen diren euskara hutsezko lan eszenikoak, luzez egon den erdarazko bertsioekiko dependentzia apurtuz. Proposamen berriekin antzerkizaleen arreta pizten ari den seinale? bizirik eta bere burua berrasmatzen ari den arlo baten isla? Zaila da erantzunak topatzea. Egunotan oholtzak ezagutuko dituzten lanetan topatuko dugu pistaren bat agian: pasa den igandean estreinatu zen Kokakola eta Barea, urriaren 29an estreinatuko da Gabrielen lekua, azaroaren 1ean Hamlet, eta azaroaren 8an Urak ttiki dire. (Argazkian: Gilkitxaro).


Kokakola eta Barea, Ramon Agirre & Inazio Tolosaren eskutik

Duela bi urte inguru oholtza gaineko esperientzia luzeak uztartu eta Xentimorik gabe sortu zuten elkarrekin Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak. Umorea, musika eta autoironia ziren emanaldiaren ardatzak, plaza ugaritan izan ziren publikoa haien istorioekin barrea hedatuz. Asier Sota izan zuten orduan zuzendaritzan bidaide. Kokakola eta Barea lan berria sortzeko Xabier Etxaniz idazlea gehitu zaie taldera.

Pasa den igandean aurkeztu zuten emanaldia Donostiako Jareño kultur etxean, jendez lepo betetako saioan.

Estreinaldi honen uberan: Entzun Tolosaldeko atarian elkarrizketa

Gabrielen lekua sentikaria, artista talde zabal baten eskutik

Intxaurrondoko kultur etxean aurrestreinaldia egin ostean, urriaren 29an Bilboko Arriaga antzokian abiatuko dute Gabrielen lekua izeneko sentikaria.

Emanaldian zehar musika, bertsoa, antzerkia eta irudia topatuko ditu ikusleak uztarturik, arte diziplina ezberdinen arteko collage moduko bat osatuz. Egileei zera eskatu zieten proiektuaren bultzatzaileek: Gabriel Arestiren literaturak, pentsamenduak, haien ibilbidean izan duen eragina aztertzea eta horretan oinarriturik sorkuntza lan bat egitea.

Oholtza gainean topatuko ditu ikusleak lagun hauek: Ainhoa Alberdi, Andoni Egaña, Iraia Elias, Oier Guillan, Naia Membrillera, Rafa Rueda eta Iban Urizar. Oholtzatik at, baina haien arloetatik presente, buru belarri jardun dira prozesuan Alain Urrutia, Idoia Beratarbide, Jabi Barandiaran, Jonan Ordorika eta Ander Fernandez.

Sentikarira bideratutako materialetik abiatuta eta hainbat idazleren parte hartzearekin (Hedoi Etxarte, Luigi Anselmi, Amaia Lasa, Paddy Rekalde) disko-liburua aurkeztuko dute aurki.

Hamlet, Dejabu-Artedrama-Petit Theatre de Pain-en eskutik

Teatro de los Andes talde ezagunak Baiona eta Donostiara Hamlet de los Andes ekarri eta gutxira ikusi ahal izango dugu beste Hamlet bat, Errautsak antzezlan ezaguna sortu zuen lan taldearen eskutik oraingoan.

William Shakespeare-ren klasikoa hartu dute abiapuntu Ximun Fuchs zuzendaritzapean aipatu hiru taldeek. Xabier Mendiguren Elizegiren esku egon da egokitzapena. Hauxe da Mendigurenek aktore taldean dagoen eta Artedramako kide Ander Lipusekin egingo duen bigarren elkarlana, Publikoari gorroto antzezlanaren ostean.

Lipusekin batera egongo dira oholtzan Manex Fuchs, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo, Miren Tirapu, Iñaki Ziarrusta eta Maika Etxekopar.

Azaroaren 1ean estreinatuko dute Luhuson, eta horren ostean egutegi betea izango dute Euskal Herri osoan zehar.

Urak ttiki dire, Gilkitxaroren eskutik

Gaizka Sarasolaren testu batetik abiatu dira oraingoan Gilkitxaro taldeko Ane Zabala eta Galder Perez lan berria osatzeko: Urak ttiki dire. Sarasola antzerkizaleen aspaldiko ezaguna da, besteak beste Lesakako Mairu taldearen baitan egindako lanari esker, eta Lesakan bertan antolatu ohi duten “Keinu leihoak” antzerki zikloari esker.

Honako lerro hauek zabaldu dituzte proeiktuaren egileek: “samurtasunez eta poesiaz beteriko testu batean asko dira planteatzen diren galderak, hainbeste dira bete beharreko desioak, gehiegi baitira bete ez diren ametsak. Hori guztia biltzen du egileak testuan, ohikoa duen idazkera poetikoa eta antzerki absurdoaren arteko nahasdura eginik”.

Azaroaren 8an estreinatuko dute lan berria Bilboko Pabiloi 6 aretoan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.