Zer idatzi, eta nola

Idazteari buruz emandako hainbat aholku batu ditu Irati Jimenezek

Kezka eternalak. Zer idatzi. Eta batez ere, nola idatzi. Unibertsalak. Irati Jimenezek ondu duen liburuaren balioa, hain zuzen, horretan datza. Han eta hemen eman diren aholkuetan erreparatzen du: “zentzuzkoak, sinestezinak, barregarriak… idazteaz bezainbeste idazleari buruz hitz egiten digutenak”, Txalaparta argitaletxeak aditzera eman duenez. Horrexegatik, idazle izan gabe irakurle den oro ere gustura sentituko da aholku-festa honetan. Antton Olariagaren irudiekin edertuak datozAiztoa eta arkatza liburuaren orrialdeak.

Liburuaren tonoarekin bat dator Harkaitz Canok osatu duen hitzaurreak. Probokazio  batekin hasten da Canoren idatzia: “hitzaurreak saihestea aholkatzen die Elmore Leonardek idazleei. Nik gauza bera aholkatuko nizuke zuri, irakurle: liburu mamitsu honen sorbalda samurrari zuzenean letaginak eranstea, aitzin-solasa bazter utzita”. Hitzaurreez hitz eginez hasten da, nola ba bestela, Aiztoa eta arkatza liburuaren hitzaurrea.

“Nola idazten da hobeto?”

Nola idazten da? Eta nola idazten da hobeto? Galdera horiek ohikoak dira idazle jendearen artean. Harkaitz Canoren aitzin-solasak hainbat pista ematen ditu. Baina arestian esan dugun moduan, arau aholku eta hausnarketa ugari batu ditu liburu honetan Irati Jimenezek. Autolaguntza ikuspuntutik baino, modu literario batean.

“Hiru arau daude idazteko…” izeneko artikulua plazaratu du Irati Jimenezek “Gure liburuak” aldizkarian. Fin laburbiltzen du liburuaren nondik norakoa eta horregatik artikulu hori bere osotasunean jasotzea deliberatu dugu.


“Hiru arau daude idazteko…”

Somerset Maugham eleberrigilea izan zen, teatro idazlea, saiakerara emana eta baita espioia ere, Erresuma Batuaren zerbitzura. “Hiru arau daude idazteko” esan zuen, “zoritxarrez, inor ez da ados jartzen zeintzuk diren esateko orduan”. Idazlea izan zen baita John Steinbeck ere. Nobela bikainak egin zituen eta gerra erreportaje gogoangarriak. “Idazteak magiarik badu, eta konbentzituta nago baduela”, esan zuen Literatur Nobel saria jasotzerakoan, “inork ezin izan du inoiz pertsona batetik bestera pasatzeko moduko errezeta batean bildu”.

Bi ondorio atera daitezke, gutxienez, idazle miretsien hitzetatik. Bata, lehen idazleek askoz bizitza interesgarriagoak zituztela (gerra berriemailea, tira, baina espioia?!). Bigarrena, idazteko arauen kontu hori idazleen obsesio ohikoenetakoa dela. Eta kontraesankorrenetakoa ere bai: araurik ez badago, ezin bada inolako aholku edo errezetarik eman… zergatik daude horrenbeste arau sorta, horrenbeste idazle/aholkulari?

Aiztoa eta arkatza egiteko ia 30 bildu ditugu, fikzioaren olatuen kontra amorratu diren beste hainbeste idazlerenak. Dekalogoak, poemaren bat, eskutitzetan jasotako araubideak edo idazleren baten horman eskegitakoak. Denak antzeko galderen atzetik, erantzun gose: Nola idazten da? Eta nola idazten da hobeto?

Arau batzuk sinesgaitzak haien zorroztasunean. “Ez umerik ekarri” (Richard Ford). Irribarrez hartzekoak asko. “Ez jarri mahaian miretsi duzun idazle baten argazkirik, bereziki, bere buruaz beste egin zuen ospetsu horietako bat baldin bada” (Roddy Doyle). Batzuei magia darie. “Kontatu gertatzen dena guztiz ulertuko ez bazenu bezala” (Jorge Luis Borges). Eta badira lizunak ere: “emakume pila apartarekin egin behar duzu txortan / emakume ederrak / eta maitasun poema dexente batzuk idatzi”. Idazleen aholkuak bizitzeko errepide-mapak dira, bihurgune onirikoak ematen dituzte eta gero, gutxien espero duzunean, errealismo praktikoz betetzen dira. Horra Baudelaire, idazle gazteek behar duten bakarra “ongi eta sarri elikatzea” dela esaten. Idazle batzuk aitatu egiten dira edo amatu aholkuak ematerakoan. Beste batzuk irakasletu.

Gehienek errepikatzen dute aholku berbera: Idatzi. “Jarri hitz egokia eta idatzi” (Neil Gaiman). Eta inspirazioa? Eta musak? Ahaztu. “Inspiratuta nagoenean baino ez dut idazten, zorionez, beti nago inspiratuta goizeko bederatzietan, puntupuntuan” (William Faulkner).

Hartu boligrafoa. Horixe izan zitekeen liburu honen titulua. Edo hobe Hartu arkatza. “Hegazkinetan boligrafoak lehertu egiten dira” dio Margaret Atwoodek bere aholku zerrendaren hasieran, “arkatzari punta hautsi ahal zaionez, hartu bi arkatz”.

Hartu bi arkatz.

Hori ere ez zen titulu txarra izango.

Baina hemen gatozkizuenok -Irati Jimenez hautaketa eta itzulpen lanetan,

Harkaitz Cano hitzaurrean eta Antton Olariaga ilustrazioetan- beste batekin

gatozkizu: Aiztoa eta arkatza.

Irati Jimenez, “Gure liburuak” aldizkarian

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.