Poltsiko antzerki sorkuntza: proiektuak aurkezteko IV. deialdia zabaldu dute

Abenduaren 13an amaituko da Poltsiko antzerki sorkuntza laguntzeko deialdiak proiektuak aurkezteko aukera. Deialdian sortze prozesu bat bere urrats guztietan laguntzeko baldintzak ematen dira: sorkuntza gauzatzeko espazioa, estreinaldia bermatzeko lau hitzordu eta diru laguntza.

Ez da erraza izaten sorkuntza prozesu bat bururaino eramatea, are gutxiago kulturgintzan egun Euskal Herrian ematen diren baldintzetan. Beste herrialde batzuetan ez bezala, ez dira apenas existitzen sorkuntza bere oinarritik bertatik baloratu eta lagundu egiten dituzten ekimenak, izan erresidentzia artistikoen sistemaren bitartez, edo superprodukzioetatik haragoko diru-laguntza sistemen bitartez. Horregatik agian, deigarriak egiten dira Poltsiko Antzerki Sorkuntza bezalako deialdiak, zeinetan sortze prozesu bat bere urrats guztietan laguntzea bilatzen den.

IV. deialdia du aurtengoa ekimen honek. Donostia Kulturak antolatzen du, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta EHAZErekin elkarlanean. Aurreko edizioetan saritu dituzte Arantxa Hirigoien eta Maialen Fauthouxen Tripakiak, Metrokoadroka taldearen Arra.Arraroa, Oh my God taldearen Zer duzu Amy?, Khea Ziater taldearen Satisfaktion. Saritutako lan horiek plaza ugari ezagutu dituzte Donostiako emanaldien ostean.

Sortze prozesua modu honetan lagunduko da: egileei 4.000 euroko diru laguntza emango zaie, proiektua sortzeko espazioa utziko zaie Lugaritz kultur etxean, lau emanaldi egingo dira 2014ko maiatzean Donostiako lau tabernetan, Poltsiko antzerkia jaialdiaren barruan.

HEMEN irakurri ditzakezue oinarriak osorik, eta Donostia Kulturaren gunean berriz ekimenari buruzko informazio guztia.

Tripakiak antzezlana (2011)

Arra. Arraroa. (2011)

Zer duzu Amy? (2012)

Satisfaktion (2013)

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.