‘Su haietatik hitz hauek’ liburuxka osatu du Aritz Gorrotxategik

Euskarak azken 200 urteotan Donostian izan duen presentzia islatu du

Donostia erre, suntsitu eta berreraikitzeko ebazpenaren Bigarren Mendeurrena dela eta, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Idazleen Elkarteak elkarlanean, euskarak azken 200 urteotan Donostian izan duen presentzia, garrantzia eta bilakaera jasotzeko “Su haietatik hitz hauek” liburuxka eta www.suhaietatik.com weba argitaratu dituzte. Aritz Gorrotxategi idazlea izan da liburuxkaren egilea. Bertan euskara eta Donostia eskutik joan direla eta doazela adierazteko hamaika datu, pasarte eta gertaera bildu ditu.

Bisitari ospetsuek euskarari buruz idatzitakoak, donostiar idazleek aipaturikoak, bertsolaritza edota euskal antzerkigintzaren presentzia eta garrantzia Donostian, euskarazko publizitatea, prentsa edota kantagintza, ikastolen sorrera eta abar. Horrez gain, euskararen normalizazioarekin zerikusia duten gertaerak ere bildu dira: euskararen beharra hainbat lanpostutan, euskararen aurkako zentsura, kale izenak euskaraz eta abar.

Ukitu literarioa duen ekimena

Liburuxka honek baina, badu ukitu literario eta artistikoa. Alde batetik egungo hamar idazle donostiarren testuak jasotzen dira (Joan Mari Irigoien, Arantxa Urretabizkaia, Ramon Saizarbitoria, Itsaso Araque…) eta bestetik argitalpen honetarako propio Arkaitz Barriolak egindako hainbat ilustrazio ageri dira.

Liburuxkaren 4.600 ale banatuko dira doan Donostiako ikastetxe, euskaltegi eta leku publikoetan. Liburuxka euskaraz argitaratu den arren, azken orrialdeetan gaztelaniazko laburpena du eta www.suhaietatik.com webean argitalpen euskaraz zein gazteleraz dago.


Web orria eta erakusketak donostiarrek parte hartzeko egin dira

“Su haietatik hitz hauek” argitalpenaren edukia euskaraz zein gazteleraz web orrian jasota egoteaz gain, beste bi atal berri sortu dira jendearen ekarpenak jasotzeko. Batetik “Hitzen mapa” atalean, euskararekin lotura izan duten Donostiako gertaera garrantzitsuak jasoko dira eta horretarako jendearen parte hartzea eta ekarpena garrantzitsua izango da.

Bestetik, “web orria aurrera begira ere jarriko da eta herritarrari euskara sustatzeko aukera emango dio. Web gunean sartzen den edonor euskararen aldeko urrats bat ematera animatu nahi da, ekintza zehatz eta egingarria aurrera eramango duela adieraziz. Ekimen sinplea izanik ere, euskara sustatzeko eraginkorra izan daiteke oso, egunero-egunero hartzen eta aurrera eramaten diren erabakiak baitira hizkuntza indartzeko garrantzitsuenak”, Donostiako udal iturriek aditzera eman dutenez.

Alderdi Ederreko Udal Liburutegi Nagusian eta Gipuzkoako Campusean (Carlos Santamaria zentroan) erakusgai egongo dira web orria, liburuxka eta liburuxkarako egindako ilustrazioak abenduaren bukaera arte. Era berean, bertan jarritako ordenagailuan, jendeak bere konpromisoak grabatuta uzteko aukera izango du. Bestalde, ekimen hau kultur etxeetan ere izango da, baina modu ibiltarian (astero kultur etxe batean egongo da).

Web orriaren atari nagusia.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.