Aritz Mutiozabalekin solasean

Gorren dantzalekua poesia liburua kaleratu berri du Maiatz argitaletxearen eskutik

 

Gorren dantzalekua izeneko poesia liburua kaleratu berri du Aritz Mutiozabal idazle, kazetari eta musikariak Maiatz argitaletxearen eskutik. Begiak itxita, belarriak zabalik irakurtzeko elkarrizketa duzue hauxe.

Non topa daiteke Gorren dantzalekua? Non ez?

Dantzalekua gizartea bera da, eta gorrak gizabanako guztiok gara neurri batean edo bestean. Askotan komeni zaiguna baino ez dugu entzuten, nahi dugun hori, eta horri heltzen diogu nahi duguna lortzeko. Baina bada bigarren dantzaleku bat, norberak bere baitan duena. Honetan ere eztabaida presente dago uneoro: bihotzak esaten dizunari kasu egin ala buruari? Sentipenak jarraitu ala arrazoiketa logikoak? Bietako zein entzun, eta bietako zeini gorrarena egin? Poema liburuak batez ere bigarren dantzaleku horretan egiten du dantzan.

Gorren dantzalekuan, bizitzan nola, “gor eta dantzari” izatea “entzun eta geldirik egotea” bezain kontraesankorra da?

Kontraesankorra da gizabanakoa ere halakoxea delako. Baita ni neu ere. Gaur egun pentsatzen dudana, gustuko dudana eta egiten dudana ezberdina da duela hamar urtekoarekin alderatuta. Eboluzionatzen joan da denboraren poderioz, eta eboluzionatzen joango da. Garapen hori barne-gatazkaren ondorioz ez ezik, gure inguruak eta gizarteak hartu duen norabidearen eraginez mamitu da. Hainbat eragilek bultzatzen gaituzte horretara, eta bidean bakoitzak erabaki ohi du noiz eta nola entzun eta horren harira dantzan egin edo geldirik geratu.

Poema askotan aipatzen da liburuan zehar Gorren dantzalekua. Irudi horretatik, sentsazio horretatik abiatuta idatzi duzu liburu hau?

Hala da, bai. Liburua idazten hasi nintzenean, hasierako poemetan isiltasuna eta bakardadea bezalako hitzek leku handia zutela konturatu nintzen. Horri lotuta, Alejandro Gonzalez Iñarritu zinegile mexikarraren Babel filmeko pasarte bat etorri zitzaidan berehala gogora. Nerabe japoniar bat ikusten da dantzaleku handi baten erdian, eta bere ingurukoa musikaren erritmora mugitzen diren bitartean, bera geldirik dago isiltasuna baino ez duelako entzuten. Jokoz kanpo dago, galduta eta bakarrik, nahiz eta jende ingururatuta egon. Kontzeptu hori abiapuntu gisa hartu nuen nire buruarekin dudan borroka eta, oro har, guztiok dugu barne-eztabaida etengabea islatzeko. Entzumen arazorik izan gabe ere, maiz pertsona gor bat sentitzen garelako.

Liburua ez dago ataletan banatuta, poemek ez dute titulurik, obsesioak eta irudiak han hemen lotzen eta errepikatzen dira. Bakarrizketa luze baten moduko liburua da?

Izan daiteke halako bakarrizketa luze bat. Obsesioak eta mamuak joan-etorrian ibiltzen zaizkit, eta askotan iruditzen zait harri beraren kontra egiten dudala estropuz. Edo harri berak kolpatzen didala burua. Edalontzi txiki batean itotzen naizela. Eta, egia esan, barruak askatzeko ariketa izan da bilduma hau idaztea. Nire burua bilatzeko ariketa, hain zuzen ere. Horrexegatik, modu jarraian eta ataletan banatu gabe eta titulurik jarri gabe eman ditut argitara. Guztiak direlako, nolabait ere, Gorren dantzalekua, baina batez ere horrelaxe kanporatu nituelako, era naturalean eta gordinean.

Aurretik ezagutu dizkizugu beste lan batzuk, hainbat lehiaketen bidetik (Ispiluaren aurrean gogoetak (2001), Lo hartu aurreko buruhausteak saihesteko pilulen ondorioak (2006)). Zer harreman mota izan duzu orain arte poesiarekin?

Bi lan horiek Pasaia Hiria Poesia Lehiaketan birritan saritu nindutelako ikusi zuten argia. Bi edizio horietan baino ez nuen hartu parte, eta bere garaian beste poesia lehiaketa pare batean aurkeztuko nituen nire lanak. Institutu garaian hasi nintzen lehen poematxoak idazten, eta unibertsitatean piztu zitzaidan literaturarako harra; euskal literatura, literatura unibertsala eta idazte sormenari buruzko hautazko irakasgaiei esker. Bolada hartan asko idazten nuen, eta unibertsitateko azken urteetako eta bukatu ondorengo lehen urtetakoak dira gutxi gorabehera bi lan horietan agertzen diren poema gehienak. Kontuan izan behar da bigarren lanak (Lo hartu aurreko…) 2006an ikusi zuela argia, baina berez bizpahiru urte lehenago izan zela saritua. Harrezkero, gero eta gutxiago idazten hasi nintzen, guztiz utzi nuen arte. Bitarte horretan Neü musika taldea aritu nintzen buru-belarri gitarra astintzen. Taldearen dinamika desagertzen joan ahala, berriz ere idazketari heldu nion, 2010. urte inguruan, eta plazer bat izan da lozorroan utzi nuen zaletasuna berreskuratzea.

Beharra sentitzen zenuen, nolabait, liburu hau lehiaketa ez den beste bide batetik plazaratzeko?

Lehenengo poemak idatzi eta gorraren kontzeptuari heldu nion unetik argi neukan liburua zela jomuga. Nire buruari erronka jarri nion poemategi luze bat egitekoa, baina behartu gabe, pixkanaka-pixkanaka. Poema batek bestea ekarri zuen, eta barruak askatzen joan ahala, gero eta erosoago sentitzen nintzen. Sortze-prozesuaren erdian testuak poesia lehiaketa garrantzitsu batera bidali nitzakeela ere pentsatu nuen, baina lana hankamotz zegoela konturatu nintzen. Gainera, iraupen luzeko lasterketa honen helmuga liburua zenez, gorrarena egin nion tentazioari. Orain, liburua kalean dela, oso harro nago hartutako erabakiarekin.

Min handi bat sumatzen da liburuan, barne borroka etengabe bat… “sufrimendua” asko errepikatzen den hitza da…

Poeta askori entzun izan diot idaztea terapia moduko zerbait dela beraientzat. Niri ere antzeko zerbait gertatzen zaidala aitortu behar dut: barruko ezinegona kanporatu ondoren, aske sentitzen naizela. Marina Abramovic artista entzutetsuak sorkuntzari buruzko halako pauta edo dekalogo bat egin zuen, eta arauetako batean dio mina, ezkortasuna eta tristura bezalako sentipenak ez direla batere egokiak zerbait sortzeko. Niri, aitzitik, guztiz kontrakoa gertatu zait orain arte. Esperientzia desatseginak, sufrimendua, baretzeko tresna bezala funtzionatu dit.

Bada norbera izatearen bilaketan halako gatazka bat, kontzientzia, errua…

Aldamenean itzalak dira,

desagertu bitez

nigan sinetsi nahi dut”

Erraietatik idatzitako aleak dira, edo barne gatazka baten disekzioa?

Aurrera egiteko iraganera asko begiratzen duen lana da. Buruari kasu egin ala bihotzari kasu egin, eztabaida horretan, bietako bat gailentzen da, eta gerora damutu egiten zara. Edo damutzen ez bazara ere, beste bidea aukeratu izan bazenu gaur egun zer izango zen pentsatzen hasten zara. Bide zuzena benetan zein da? Norbera zoriontsu egiten duen hori, baina erabaki hori hartzea ez da horren erraza. Lehen pertsona singularrak baldin bagara ere, kolektiboetako partaide gara: familia, lagun taldea, lan taldea… gizartea, azken batean. Kolektibo bakoitzak arau ikusezin batzuk ditu, eta horren barruan rol bat jokatzen duzu. Benetan rol hori jokatzen duena norbera den ala txotxongilo bat…? Bakoitzak egin beharreko ariketa da.

Aurreko galderaren ildotik, bada erlijioaren presentzia gatazkatsu bat ere: Biblia, aingeruak, Jesukristo aipatzen da behin baino gehiagotan…

Fedea Jesukristok lapurtu zidan

after batean geundela”.

Nondik dator hori?

Jaiotzen garen unetik bataiatu egiten gaituzte, eta ondoren, bederatzi urterekin jaunartzea egiteko astero katekesiko klaseak hartzera bideratzen gaituzte. Inposatutako pentsakera bat sinestera behartu gaituzte txiki-txikitatik, eta artalde baten barruan sartu; erritu, otoitz eta abestiak behin betikoz iltzatuta utziz geure burmuinean. Moralitate kristaua, zeharka edo zuzenean, presente dago gizartearen egunerokoan. Nik elizari eta kristautasunari ez diot inolako sinpatiarik, baina askotan nire barne-eztabaidan ongiaren eta gaizkiaren, hobenen eta bekatuen, parametroak agertzen zaizkit. Moralitate kristau hori biraka darabilkit, eta, egia esan, beldurra ematen dit guztion gainetik jaun ahalguztidun bat dagoela esaten duten horiek, are gehiago haren aurean makurtu behar dugula diotenean. Hori guztia umore beltzez eta ironiaz aurkeztu dut poemetan.

Ahots poetiko baten bilaketarekin nahasten da tarteka barne bilaketa hori?

Irainduen poesian itota

hondar ale bat naiz hondartzaren erdian;

anker islatu naiteke argipean

aurpegia bustita, ezdeusa banintz bezala,

pilatuta ikusezin izateari uzten badiot ere

Ez dakit aparretan gailentzen

Ez dakit zerumugan nabarmentzen

Ez dakit norbait naizen adierazten

horrenbeste kalko elkarretaratuta,

distiratu nahi duen orratza

oharkabean ezkutatu da ilargia

Oraindik tristura sentimendua ezin dugu gainetik kendu

itotzen nauen poesiak iraintzen nauelako

gorren dantzalekuan”

Ahots poetikoa topatzea nire burua bilatzeko ariketaren parte izan da. Berriro ere idazteko gai nintzela sinestea, eta horretarako balio nezakeela erakustea. Konfiantza berreskuratzea, alegia. Azken finean, idatzi egin nahi nuen, eta modu horretan ni neu izan, bai poemategiaren sortze prozesuan bai aurrerantzeko proiektuetan. Ahots poetiko edo literario hori entzuten jarraitu eta probetxua atera nahi diot.

Norberarengan dagoen gatazka hori ezinbestean egiten du topo inguruarekin, gizartearekin…:

Harresiak altxa dituztenei,

babestu beharrekoa isolatu egin dutela esan

Bakardadean iltzatu dute askatasuna,

indibidualismo berekoiari bide emanez

Gizartea gizabanako bihurtu dute,

eta biztanle adina herrialde sortu

bakoitza bere eskuduntza, hizkuntza eta legeekin”

Zer nolako talka sortzen da hor?

Aurkezpenean azaldu nuen bezala, bi gor mota daude. Bata, entzuteko arazoak dituztenak, eta bestea, ez entzunarena egiten dutenak. Bigarren multzo horretan gizarteak berekoi samar jokatzen duela esaten nuen: interes propioak lortzeko komeni zaionari baino ez diola kasurik egiten. Gizabanakook bezala, sistema politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta erlijiosoak ere horrela jokatzen dute. Badirudi guztiei entzumena atrofiatu zaiela. Berdin dio milaka lagunek enegarren aldiz greba egiten badute, elkarretaratzen badira edo manifestazio batean aldarrikatzen badira, gizartearen zati batek eta agintariek ez entzunarena egiten jarraituko dute. Eskubideak askotan haizeak eramaten ditu. Dena dela, liburu hau ez da kritika edo manifestu politiko-sozial bat.

Bada heriotzaren presentzia bat, denborarekin eta batzuetan adinarekin lotuta:

Zahartzaroa heriotzaren uteroa da

edozein unetan puzkatu daitekeena”

Zer nolako itzala da liburuan heriotzarena?

Poemek kutsu existentzialista dute, eta heriotzaren eta bizitzaren arteko muga xumea agerikoa da horietan. Norbere burua bilatzea bizirik zaudela sentitzea bezala da, eta bizirik baldin banago, ez dut eserita geratu nahi Herio noiz etorriko esperoan. Horrez gain, inork ez daki noiz iritsiko den bere ordua, ezta zer topatu duen une horretan ere. Hil eta gero salda bero, baina jaio aurretik zer ginen eta hil ondoren zer izango gara? Lo gauden momentua izan daiteke heriotzagandik gertuen egon gaitezken egoera. Eztabaida hori behin baino gehiagotan izan dut nire baitan, eta liburuan islatuta geratu da.

Zein izan daiteke gorren dantzalekuan harrapatuta ez geratzeko bidea?

Entzutea, errespetatzea eta norbere printzipioekin ados jokatzea, eta egiten duzunarekin gozatzea. Zoriotasuna bilatzen dugu guztiok, eta dantzalekuek zoriontsu egin zaitezkete gau batez edo bestez, baina ez bizitza guztian. Benetako zoriona eguneroko ñabardura txikietan dago.

Elkarrizketa honen uberan:

IRAKURRI egilearen poema batzuk

Elkarrizketa Noticias de Gipuzkoa-n

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.