Sareinak-en IV. urteurrena Zarautzen

Sareinak blogaren IV. urteurrena ospatuko dute datorren larunbatean, martxoaren 26an, Zarautzen. Festaz gain, mahai-ingurua ere ziurtatuta dago honako gaiaren bueltan: “komunitate kulturalak eta komunitate feministak”. Amaia Lasa, Iratxe Retolaza eta Uxue Alberdi arituko dira hizlari lanetan 20etan Ispiluarte aretoan, eta ondoren afaria izango da giro goxoan.







Duela 4 urte sortu zen Sareinak (feminismo literarioak) bloga, urteotan bloga baino gehiago bilakatu dena: Sareinak taldea, Sareinak mugimendua, Sareinak lagunartea… Manifestu batekin iritsi ziren euskal letre plazara, eta merezi du lerro batzuk gogoratzea: “Gure literaturaren sarea zulatuta nabaritzen dugu eta, gehienetan, emakumeen izenak, liburuak eta lanak amiltzen dira zulo horietatik.” (…) “Sarein batzuek erabaki dugu sarea konpontzen hastea. Badugu sarea, euskal literatura; badugu haria, kritika literarioa; badugu jostorratza, teoria feminista, eta, jakina, badugu gogoa, sarean sare aritzeko.”
Hortantxe aritu dira lau urtez, sarean sare lanean.
Larunbatean Zarautzen:
Lau urte horietako jarduna eta saretzea ospatzeko antolatu dute, beraz, martxoaren 26ko urteurren festa, eta mahai-inguruan jarriko dituzte Amaia Lasa, Iratxe Retolaza eta Uxue Alberdi, komunitate kulturalez eta komunitate feministez hitz egin dezaten. Antolatzaileen asmoa hizlariek belaunaldien arteko zubiez hitz egitea da. “Belaunaldi batzuk falta diren arren, interesgarria iruditzen zaigu belaunaldiez eta transmisioaz hitz egitea”, argitu digu Ainara Sarasketa sareinak. Nolakoa izan da feminismoaren transmisioa idatzizko eta ahozko literaturan? Sortzaileek trukatu ote dituzte euren esperientziak? Lasak eta Alberdik idazle, poeta nahiz bertsolari gisa bizi izandako esperientziez hitz egingo dute, eta Retolaza, aldiz, irakurleen ikuspuntutik abiatuko da: irakurleen arteko transmisioaz eta esperientzia-trukeaz.
Ondoren, afaria dastatu ahal izango dute bertaratzen diren guztiek, Zarauzko emakume talde batek mimoz prestatua.
Sareinak-en ibilbideaz:
Hona, Sareinakeko kideetako batek, Josune Muñoz literatur kritikari feministak Argia astekarian esandakoak:
Sareinak-eko kide ere bazara. Zer azpimarratuko zenuke sortu zenetik Sareinakek egindako ibilbideari eta lanari buruz?
Talde bat dela. Sareinakek erakutsi zidan ez nintzela arraroa edo obsesoa. Konturatu nintzen ez nagoela zoraturik, nik ez ditudala gauzak oker ikusten, nire erara, Iratxe Retolazak, Amaia Alvarez Uriak eta Gema Lasartek ere nik ikusten dudan misoginia ikusten dutela. Gainera, baliabide teoriko-praktiko handiak dituzte. Pertsonalki, beste literaturzale eta literaturgile feminista batzuk ezagutzea eta haiekin lanean aritzea oasia izan da niretzat, oso isolamendu handian lan egin behar izan baitut. Sareinaken eztabaida handiak sortzen dira, eta oso ondo dago hori, feminismoak, pluralean, dauden seinale. Nik, nire garaian, gehien interesatzen zitzaidana, gehien betetzen ninduena, nire lanari ondoen egokitzen zitzaiona hautatu nuen; baina Iratxek teoria feministaren beste ikuspuntu bat hautatu du, eta Amaiak beste bat. Eta niri izugarri gustatzen zait kritika feminista egiteko era horien emaitzak ikustea. Ikustea zer gertatzen den literaturan feminismoaren beste baliabide batzuk aplikatzen badira, Iratxek egiten duen bezala, adibidez. Hori, metodologien aldetik. Bloga dugunetik oihartzun handiagoa dugu eta etengabeko pentsaera lantzeko aukera ematen du, elkarrizketan oinarritua. Frogatu dugu Euskal Herrian ganorazko feminismo teorikoa eta praktikoa jasotzeko egarria dagoela, eta hutsune hori betetzen ari gara, nahiz eta hau arnas luzeko egitasmoa den.
Iaz, Sareinaken 3. urteurrenaren harira, Ainara Sarasketa eta Gema Lasarte elkarrizketatu genituen Testuketanen, eta hemen duzue ordukoa entzungai.

This entry was posted in ga-Erreportajeak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>