Etxegiroan.com: literatura entzuteko erak

Etxegiroan.com webgunea jarri zuten martxan udaberri aldera Maria Uriartek eta Tomas F. Juanesek, Osoitz Elkorobarrutiarekin elkarlanean. Literatur lanei ahotsa eta musika jartzen diete, xehetasun guztiak zainduta sortutako audioetan. Proiektua ziztu bizian zabaldu da, ahoz aho, eta horrek bidea egiten lagundu die. Audio liburuen arloan euskarazko fonoteka bat sortzea dute amets.






Bilboko alde zaharrean elkartu gara Maria eta Tomasekin, etxe giroan. Ganbara batean egin dute habia, teilatupe estuan xehetasun guztiak zainduta dituen txokoa, liburuak txukun antolaturik zirrikitu txiki guztietan. Eta liburuekin mikrofonoak noski, ordenagailuak, soinu tramankuluak. Hitz egiten hasi ahala infusioa prestatu digute, Eskoziako gailetak atera: elkarrizketak solasaldiaren bidea hartu du, etxe giroan.

‘Hasiera batean nik itsuentzat euskarazko material didaktikoa sortzen egiten nuen lan’ dio Mariak. 2004. urte inguruan egin zituen lehen audio grabaketak, bere kabuz, maila horretan euskaraz zegoen (eta egun dagoen) hutsunea ikusita. Puntu horretan Tomasekin egin zuen bat, eta honek azaltzen duenez Internet guztion egunerokotasunean txertatu ahala lanerako instrumentuaren garapenak bidea erraztu zuen ‘hasieran inbertsio handiagoa behar genuen materialean, espazioan… orain errazagoa da, Internet-en eta digitalizazioaren garapenak oso inportantea izan dira ‘etxegiroan.com’ sortzeko orduan’.

Proiektuaren izena ez da, noski, kasuala. Etxean egiteaz gain, etxean egoteari lotzen diogun erritmoarekin egiten dute lan: tentuz, gauzak ondo prestatuz, audioak maitasunez grabatzeko beharrezkoa den denbora hartuz… Apirilean sareratu zirenetik beren harridurarako ahoz aho zabaldu da proiektuaren berri, hasieran jasotako testuen idazleei gutun bana idatzita abiatu baitziren, bestelako iragarpenik gabe. Sareratu eta gutxira hasi zitzaizkien komunikabideak bata bestearen atzetik ate joka.

‘Apiriletik 14.500 bisita izan ditu guneak, egunero 60-80 artean ibili ohi da. Hogeita hemeretzi herrialdetatik sartu dira audioak entzutera’ azaldu digu Tomasek. Enkarguak ere hasi zaizkie iristen, aurrekontuak eskatzen, elkarlanak proposatzen: Tas-tas bezalako irratiekin egin izan dituzte elkarlanak, Euskarabilak audioak eskatu izan dizkie idazleekin antolatutako aurkezpenetan erabiltzeko, Giltza-Edebek haurrentzako audio liburuak enkargatu dizkie, bada opari berezi bat egiteko ere haiekin harremanetan jarri denik… eta hasieran bezala, itsuentzako materiala sortzen ere egiten dute lan. Mariak aipatzen duenez ez da erraza horrekin asmatzea ‘itsu askok nahiago dute bere kabuz irakurri, braillez. Beren ahots propioa jartzen diotelako irakurketari, atzera eta aurrera egin dezaketelako’.

Orain arte helduei eta haurrei zuzendutako audioak grabatu dituzte, zailena gazteen eremua egiten zaie ‘hutsune handia dago oro har, ezin dugu guk dena bete. Saiatu gara fonotekaren proiektua zabaltzen eta bultzatzen. Euskal Herri osoarentzat egin behar litzatekeen proiektu bat delakoan gaude, baina beti jartzen digute diruaren aitzakia: zenbat jenderentzat da? Zenbat itsu daude Euskal Herrian?’. Zer den asko eta zer den gutxi guztiz eta arras erlatiboa bada ere, etxegiroan.com proiektutik behin eta berriz jaso dituzte eskaerak, interesa agertu duten pertsonen oharrak. Mariak dioenez ‘hainbat liburutegietatik esan digute badagoela bidai luzeetan autoan entzuteko audioak eskatzen dituen jenderik. Nik ez dakit asko ala gutxi diren, baina bai ez dagoela gure esku hutsune horiek betetzea. Bide lar zabala da, guk ahal duguna egiten dugu. Suertea izan da Antton eta bion ahalak batzea, ikaragarria da egun zer egin ahal den etxean bertan!’. Fonotekaren ametsari dagokionez ez dute etsi, baina orain arte inork ez die zabaldu haien etxeko atea.

Testuaren ahotsa bilatuz


Mariak testu bakoitzari bere denbora ematen dio. Lehenik eta behin aukeratutako ipuina, narrazio zatia edo poema hartu eta goitik behera markatzen du: geldiuneak, etenak, talde fonikoak eta kadentziak erabaki eta testua bere egin. Horren ostean lehen grabaketa egiten du, eta behin eta berriz entzun ‘gehiago da aurretik egiten dudan beharra testuarekin, grabatze momentukoa baino. Lehenengo grabaketa hori entzun eta entzun egiten dut, modu eta leku diferenteetan, eguneko une diferenteetan… ‘ Horren ostean dator webgunera igoko den grabaketa egiteko unea.

Genero aldetik ez dute lehentasunik, baina bai begiratzen diote arretaz luzerari ‘entzuleok oro har ez dugu garatua luzez atentzioa jartzeko gaitasuna, ohituta egonik ere kosta egiten zaigu audio luzeak jarraitzea. Ipuin laburrek ondo funtzionatzen dute, baita poesiak ere, baina euskaraz mikroipuin gutxi dago. Sarrionandia da horretan maisua’.

Mariak ahotsa lantzeko hainbat ikastaro jaso du, kontalari eta antzerki taldeekin ibili da ikasten, baina urrun ikusten du bere burua oholtza gaineko lanetik. Tomasek ere argi ikusten du aldea ‘ezberdina da testu bat paperetik dramatizatzea, irakurketa egitea, edo jendaurrean kontatzea. Horretan beste elementu batzuk sartzen dira, publiko aurreko jarrera…’. Horrek ez du kentzen jende ugarirekin kolaboratzeko aukera, Mariak Patxi Zubizarretarekin Mundua lo dagoen bitartean proiektuaren harira egindakoa adibidez.

Testuei dagokionez askotarikoa da eskaintza, baina ez dute aukeraketa egiteko irizpide finkorik ‘testu asko bidean topatu ditugu, geuk irakurri eta gustatu zaizkigulako, jendeak proposatu dizkigulako, idazleak lagunak ditugulako…’. Azken hauen artean daude Itziar Madina eta Ixiar Rozas; haien liburuak osorik grabatu izan dituzte idazleen berauen ahotsarekin, Madinaren kasuan etxetik atera eta Urepelera joan zirelarik gainera. Beste egileen artean daude Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Amets Arzallus, Ana Urkiza, Lutxo Egia, Uxue Apaolaza, Sonia Gonzalez…

Musikari dagokionez Tomasek testuak eta ahotsak iradokitzen dizkion giroak aukeratzen ditu, beti ere irakurketa laguntzeko xedez. Zenbait kasutan bere musika propioak ere erabili izan ditu ‘helburua testua ez estaltzea da. Batzuetan aukeratutako musikek miragarriro egiten dute bat testuaren zatiekin, besteetan moldatu behar izaten ditugu apur bat’.

Kazetari liburu jaleok zeharka egin diegu so ordenagailuaren alboan pilatuta dauden liburuei, haien artean John Bergerren bat. Arretaz eta gogoz egongo gara grabaketa berrien esperoan, tea eskuetan, etxe giroan.
Erreportaje ederra egin zuen maiatzean Sautrelak.

This entry was posted in ga-Erreportajeak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>