Gabriel Kortaren “Diot” liburuko lau poema

Diot izeneko poesia liburu berria kaleratu du Gabriel Korta idazleak, autoedizioaren bidetik. Bere lanetan konstanteak diren gaiak, obsesioak, berba lotuak topatuko ditu bertan irakurleak: maitasuna, giza harremanen amildegia, eskizofrenia, eta batez ere, poesia bizi-jarrera gisa. Jarraian irakurri dezakezue lagin bat.

HITZAK ETA POESIA

 

Neuretu ditut hitzak

ez dut gezurrik esaten

dena poesia bihurtzen da

poetaren begietan

baina apaingarri poetikoak

amaitu zaizkit

eta orain

apaingarri berriak

sortu behar ditut

lukurreriak murrizten nau

amaitu dira aipamenak

baina utopikoek bizirik diraute

 

gizon bat naiz

mesfidantzaz beterik

balantzaka

gizadiaren norabidean

eta diot

iruzurra dela bizitza

zentzugabea dirudiela batzuetan

eta bidaiak amaiera duela

 

 

PRESARIK GABE

 

Bera

dortoka baten gainean

eserita doa

berak ez du presarik

egiten dituen bideak

astiro joanda soilik

aurki litzake

 

aske da bera

ahantzi eta gainditu ditu

munduaren zitalkeria

 

bere borondatea askatasuna da

 

 

POEMA ITOA

 

Zuek begirale onak

konturatuko zineten

nola arrainak

isilik itotzen diren lehorrean

beren gorputza iraulkatuz

zubiko espaloian

malkorik gabe

 

 

DIOT

 

Maitasunaren eta gorrotoaren erdian

pakea dago

 

Baietzaren eta ezetzaren erdian

egia dago

 

Erotasunaren eta zentzutasunaren erdian

urruntasuna dago

 

Egilearen aurreko lanei buruz:

Gabriel Kortaren poesia laua

Elurra galtza motzetan

Kritiken hemeroteka

This entry was posted in ai-Poemak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.