Azokaren atarian, hainbat liburu aurkeztuko dira egunotan

Urria hasieran iritsi zen lehen kolpea. Hainbat liburu aurkeztu dira geroztik hona: Uxue Alberdiren Euli-giro (Susa), Koldo Izagirreren Parisen bizi naiz (Susa), Xabier Etxaniz Rojoren Sirena-hotsak (Erein), Garbiñe Ubedaren Hobe isilik (Elkar), Joxean Agirreren Adiskide bat nuen (Elkar), Joan Mari Irigoienen Arma, tiro, bammm! (Elkar), Irati Jimenezen Aiztoa eta arkatza (Txalaparta), Habiak (Txalaparta), Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak (Edo)… Aste honetan iritsiko da udazkeneko bigarren kolpea. Hauek dira egunotarako iragarri diren liburu aurkezpenetako batzuk.

Azaroak 26 asteartea

Gure Jerusalem galdua, Erresuma eta Fedea III (Elkar), eleberria, Aingeru Epaltza
“Abenturaz beterik dator Erresuma eta Fedea trilogia goraipatuaren amaierako eleberri hau: gudu odoltsuak eta amodio sutsuak, erregeen aretoak eta kartzela krudelak, mendeku eta traizioak, konspirazio eta sabotajeak, Mediterraneotik Pariseraino; horrez gain, malenkonia kutsu batek blaitzen du kontakizuna, urteak iragan ahala Mailu zahartu, mila jipoi hartu eta bere printzipioei uko egin ez dien bakarra ohartzen denean dela; azkenik, bada kontatzearen gorazarre bat ere, Mailuren etsai eta aldi berean miresle den Axular apaizaren bitartez gaurko irakurleoi egindako keinu gisa”.


Astearte honetan, 11:30ean Donostiako Elkar dendan.


Azaroak 27 asteazkena

Herensuge gorriaren urtea (Erein), eleberria, Eneko Aizpurua
Errauts (Erein) nobelarekin egin zuen debuta duela bi urte. Gazte bat labankadakaz hil dute Lazkaon eta abokatu batek hilketa argitzeko eskatu dio Mikel Egileor kazetariari. Herensuge gorriaren urtea izeneko nobelan ere, Mikel Egileor dugu protagonista. Beraz, saga baten bigarren liburua dirudi. Nobela berriaren sinopsian hauxe irakurri dugu:
“Lapurretak, iruzurrak eta erasoak nabarmen ugaritu dira aspaldi honetan eskualdean eta horrek haserrea eragin du herritarren artean. Dirua ebasteko asmoarekin egin den gazte baten bahiketa izan da edalontzia gainezka eginarazi duen tanta.
Herritarrak kalera atera dira segurtasun ezagatik protestaka. Hori gutxi balitz, badirudi baten batzuk hitzetatik ekintzetara pasatu eta justizia beren kabuz egin nahian hasi direla.
Ikerketa-lanak ezustekoz eta arriskuz betetako eremu ilun eta labainkor batean barneraraziko du Mikel Egileor, egunkaritik kaleratu zutenetik, freelancee moduan ari dena lanean bizimodua ozta-ozta atera beharrez”.


Asteazkenean, eguerdiko 12:00etan aurkeztuko du nobela, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.


Azaroak 27 asteazkena

Pendrive (Susa), narrazioak, Arrate Mardaras

Pendrive honek, testu solte batzuekin batera, sei ipuin dakartza. Kontakizun gehienetan ihesean dabilen jendea ageri du, leku arrotzean dagoena derrigorrean. Eta denetan amodioa mintzagai. Izan ere, ihesi dabilenak maitasuna behar du lagun. Arrate Mardarasen lehendabiziko liburua duzu hau. Narrazioen helburua ez da ipuin historikoak izatea, historiako aro zehatzetan gertatutako maitasun istorioak izatea baino: harpeetan, erromatarren garaian, Erdi Aroan, 36ko gerran… zertarako bizi, maite duzunarengandik urrun bada?”.
Arrate Mardarasek berak emango du Pendrive (Susa) ipuin liburuaren berri, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, eguerdiko 11:00etan.  Abadiñoarra, hauxe izango du bere lehen liburua.


Azaroak 27 asteazkena

Jesusen haurtzaroa (Meettok), J. M. Coetzee,  itzultzailea Aritz Gorrotxategi

“Itsasoak zeharkatu ostean, Simon eta David izeneko haurra lur berri batera heltzen dira. Haurrak On Kixote bezalakoa izan nahi du,ez ditu gauzak diren bezala onartzen”. 10:30ean hasiko da aurkezpen ekitaldia, Elkarrek Donostian duen dendan.


Azaroak 28 osteguna

Azken afaria (Susa), eleberria, Xabier Montoia
“Bilboko txoko batean bazkaltzeko bildu dira lau gizonezko, gaztetan elkarrekin zuzenbide ikasketak egiten ibili izandakoak. Ogibidez abokatuak dira bi, idazlea bat eta politikan dihardu laugarrenak. Atzera begiratu eta harritu egiten dira, gazte izandako haiek zer bihurtu diren ikusirik. Oraindik ez dakite, ordea, etortzeko dagoela aldaketa handiagoa. Gau batez ertzainak bortizki sartuko dira lagun horietako baten etxean eta atxilotuta eramango dute semea. Gertakizun horrek dena nahasiko du lau adiskideen artean; jarreraz eta are ideologiaz ere aldaraziko ditu, eta ordura arte pentsaezina zena egitera bultzatuko”.


Estrainekoz, Xabier Montoiak berak hartuko du parte liburu aurkezpenean. Jon Benitok gidatuko du solasaldia. 11:00etan Donostiako Udal Liburutegi sotoan.

Z2 (Ateramiñe), antzerkia, Mikel Antza

Z2 antzerki liburua aurkeztuko du Ataramiñek azaroaren 28an osteguna, eguerdiko 11:30ean Bilboko Kalderapekon.


Abenduak 2 astelehena

Munduko Poesia Kaierak (Susa), poesia
XX. Mendeko Poesia Kaierak osatu zituen Koldo Izagirrek. Mende honen hasieran izan zen. Ildo horretatik dator Susaren egitasmo berria. Baina honakoan, XX. mendeko euskal poeten ordez, nazioartekoak izango dira protagonistak. Aurkezpen gisa, zero zenbakia argitaratu dute Durangoko Azokari begira eta doan banatuko da.


“Zero zenbaki hori, beraz, kaieren prototipo bat izango da. 64 orrialde izango ditu, eta 2014an antologietan agertuko diren idazleen poema laginez osatu dugu”, jakin dugunez. Beñat Sarasolak zuzenduko du poesia bilduma. Abenduaren 2an astelehena xehetasun gehiago eskainiko dituzte Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, 11:00etan hasiko den agerraldian.


Abenduak 3 asteartea

Gure erditzearen jabe (Erein), saiakera, Estitxu Fernandez
Lekukotasunez osaturiko liburua aurkeztuko du Estitxu Fernandezek. Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztuko du liburua, eguerdiko 11:00etan hasita.


Abenduak 4 asteazkena

Hezurren ondarea (Erein), nobela, Dolores Redondo
Fernando Rey eta Mikel Vilches itzultzaileek euskarara ekarri dute Dolores Redondoren Hezurren ondarea. Abenduaren 4an aurkeztuko du jendaurrean Erein argitaletxeak. Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, 11:00etan.

Izango dira, seguruenik, liburu aurkezpen gehiago egunotan. Horien berri jaso ahala, joango gara albiste honetan txertatzen.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.