Akordatzen naiz. Gogoratzen naiz. Je me souviens. Me acuerdo. Mi ricordo.

Gari Berasaluzeren eta eta Joseba Barrenetxearen argazkiei so, hauexek Joxean Agirrek paratu dituen argazki oin literarioak. On egin!






Akordatzen naiz. Sarrionandia bere liburuan bezala, txikitako eskola zaharra erdi eroria ikusten dudan bakoitzean maistra batek arbelean hizki larri bana idatzi eta makila bana ematen zigula akordatzen naiz eta ikasle bakoitzak bere letra goraki errepikatzen zuen bakoitzean makiladaka bat jotzen geniola arbelari. Metodo bitxi horrekin ikasi genuen irakurtzen eta oraindik ere, tarteka, demagun Proust irakurtzen ari naizenean arkatzarekin mahaian jotzea gustatzen zait.

Gogoratzen naiz. Pepe Monteserinek eleberri batean kontatzen du San Juan Gurutzekoaren poema bat, berea balitz bezala, irakurri ziola andregaiari Bi Zaldiko baten barruan eta neska haurdun geratu zela. Ez ote du erantzukizunik poeta handiak gertakari horretan?, galdetzen du. Nik dakidala ez diot emakume bati inoiz poemarik irakurri.

Je me souviens. George Perec-ek bezalaxe, nik ere gaztetako neska bat gogoratzen dut. Zarauzko malekoiari itzuli osoa eman eta itsasoari begira egoten ginen igande arratsaldean. Nik galdera luzeak egiten nizkiola gogoratzen dut eta hark “bai” edo “ez” bakarrik erantzuten zidala. Ez dakit zergatik, baina gero eta sarriago gogoratzen naiz neska isil harekin.

Me acuerdo. Juan Bonillak bezalaxe ni ere igande arratsalde batzuetan futbola ikustera joaten nintzela gogoratzen dut, atezainaren atzean jartzen nintzela baloiak ez jotzeko eta egunkari bat irakurtzen nuela ez aspertzeko. Tarteka bakarrik, jendea epailearen kontra hasten zenenean, ixten nuen egunkaria eta begiratzen nuen.

Mi ricordo. Marcello Mastroianik ere idatzi zuen bere oroitzapen liburua izenburu horrekin. Nik ere baditut nire oroitzapenak. Gogoratzen dut Txillidari elkarrizketa bat egin niola bere etxean. Dotore jantzita agertu zen, baina Adidas markako zapatilekin. Gogoan dut “Un sabio con Adidas” titulatu nuela elkarrizketa eta oraindik ere izenburu hori ona iruditzen zaidala . Edo elkarrizketa bera izan zen ona? Edo Txillidak utzi ninduen txundituta?

This entry was posted in ai-Irudiak eta hitzak, Aingura hegodunak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>