“Ipuin hauen ardatza maitasuna da”

Arrate Mardarasek Pendrive (Susa) liburua aurkeztu du gaur

Norbaitek galdu edo norbaitek sekretuan editore baten mahai gainean utzitako pendrive baten istorioa idatzi du Arrate Mardarasek. “Pendrive horretan aurkitutako testu solteen gehi ipuinen bilduma bat da, puzzle bat, fikziozko editore batek atontzen duena”, Gorka Arrese Susako editoreak aditzera eman duenez. Arrate Mardaras idazlearen esanetan, USB memoria honetan ageri diren “pertsonaiek euren maitasun istorioak kontatzen dizkigute”. Amodiozko ipuinak dira, beraz, Pendrive (Susa) liburuak batzen dituenak.

Arrate Mardaras Abadiñokoa da eta hizkuntza irakasle lanetan dihardu. Bere lehen liburua du hauxe. Donostiako Udal Liburutegiko sotoan eskaini duen prentsaurrekoan adierazi duenez, “pendrive galdu bat agerian jartzen zaigu, fikziozko editore baten eskuetara heldu eta honek barruan duena argitaratzea erabakitzen duenean”.

Eta zer dago pendrive horren barruan? “Agerian uzten ditu idazle berri batek, nor den esan gabe, erakutsi nahi dituen testuak. Idazleak despistatu egin nahi gaitu, gugandik ihesean dabil eta ez du bere burua agerian jarri nahi”.

Historiaren aro ezberdinetan gertatutakoak

Arrate Mardarasek aditzera eman duenez, “Pendrive ipuinez eta testu ezberdinez osatzen da, ohar zirriborro hausnarketa eta guzti. Pisua dutenak kronologikoki paratutako ipuinak dira. Eta ipuin horietako pertsonaiek euren maitasun istorioak kontatzen dizkigute. Gure herriko historiari keinu eginez, lehenaldira begiratzera gonbidatzen gaituzte. Lehenaldi urruneraino, aitzuloetaraino”.

Amodiozko ipuinak dira, Euskal Herriko historiaren aro zehatz batzuetan kokatuak. Baina Abadiñoko idazleak zehaztu duenez, “helburua ez da ipuin historikoak plazaratzea, historiako aro zehatzetan gertaturiko maitasun istorioak argitara ematea baizik. Ardatza, beraz, maitasuna da”. Pasarte bat irakurriz, liburuko tesia zein den argitu nahi izan du Arrate Mardarasek: “pendrive-aren idazleak hauxe dio ‘Etorkizuna’ deitzen den atalean: lehenaldira begiratu behar da, oraina ulertu eta ezagutu nahi bada; era berean amorante maitatuena legez zaindu behar da oraina, etorkizunik nahi badugu. Nik uste dut hau dela liburuko tesia”.


Pott banda gogoan

Txikitatik izan du idazteko afizioa. Gaztetan, Pott banda gertutik ezagutzeko aukera izan zuela aitortu du Donostian eskaini duen prentsaurrekoan. Ondoko bideoan azaltzen du literaturarekiko duen lotura.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.