Xabier Etxaniz Rojo-ri elkarrizketa

Txatartegirako ipuinak liburua kaleratu du Xabier Etxaniz Rojok Erein aegitaletxearen eskutik. Donostian egin dugu hitzordua, alde zaharreko elkarte batean. Bertan egon ohi da bere istorioak eraikitzen, ordenagailu eramangarria esku artean eta pipa ahoan. Taberna ilunetako zokoetan idazten zuen behinola, mahaia paperez beterik. Jendeari begira sortzen dituelako bere istorioak, agian.



‘Idazten nagoenean istorio bat kontatu nahi dut, besterik ez; istorioak berak agintzen dit nola egin’.
Bizitzak horrelako gauzak ditu, xehetasunek ez dute garrantzirik harik eta garrantzia duten arte, begirada mingarriek ez dute minik eragiten begiradarik topatu ezean, hitza zein isiluneak ez dira zartako bihurtzen urdaila ukitzen duten arte.
Xabier Etxaniz Rojo


Laugarren ipuin liburua da Txatartegirako ipuinak Xabier Etxaniz Rojoren ibilbidean, baina jorratu ditu nobela (Koadro isila, Erein) eta kronika (Enara: nazioarteko adopzio baten istorioa, Alberdania) ere. Berrian, Irutxuloko Hitzan eta Aizun idazten du.

Tituluak oso ondo islatzen du liburuan nagusi den irudia: batzuetan adinari loturiko gainbehera, besteetan ideologiari loturikoa… Txatartegirako gizartea da gurea?

Txatartegira denok joango gara egunen batean, metafora argi bat dago tituluan. Heriotzarekin loturik niretzat 2009a oso urte latza izan zen, nire amaginarreba eta aitaginarreba hiru hilabeteren bueltan hil ziren, azken urte hauetan beraien gainbehera ezagutu dut. Nire familian ere pixkana pixkanaka belaunaldi bat beheraka doa eta gai horri bueltak ematen hasi nintzen. Konturatu nintzen hor bazeudela kontatzeko moduko istorio batzuk, eta horrekin batera jabetu nintzen aldez aurretik banituela autoak agertzen ziren ipuin batzuk idatziak. Hari guztiak elkartuta nik uste dut aspaldi erabaki nuela izenburua hortik joango zela, banuelako hori adierazteko behar bat. Ikusten dugunaz idazten dugu, eta nik ikusi nuena izan zen nire inguruan pixkanaka jendea maldan behera zihoala; hori izan zen abiapuntua.

Asko azaltzen da adinaren gaia, atzera begiratzearena, aitatasunaren inguruko gogoeta, denborak lapurtutakoaren ingurukoa… zure aurrekoen gainbehera azaltzeaz gain, zure belaunaldiarena ere sumatzen duzu neurri batean?

Duela gutxi hogeita hemeretzi urte bete ditut, berrogei urtera iristen ari gara koadrilan eta nahita nahi ez hor badago muga bat, bertigoa ematen duena. Ikusten dugu gure gurasoak ari direla behera egiten eta hurrengoak gu izango garela. Nire gainbehera fisikoa ere sumatzen dut, ezin ditut egin orain hamar urte egiten nituen gauzak. Horrek kezka sortzen du. Gatazkaren kasuan gainbehera baino gehiago da nekea. Orain dela urte batzuk gauzak modu batean bizi nituen eta jada nekatua nago, iruditzen zait denok gaudela oso nekatuta. Gero badago beste gai bat ere, Gari-zainzuriak ipuinean azaltzen dena: nola ikusiko gaituzten hemendik hamar, hogei, hogeita hamar urtera gaur egungo euskaldunak, nola epaituko gaituzten. Batetik norberaren gainbehera fisikoa dago, bestetik ideologikoki zer ginen, zer garen, nola ikusiko gaituzten. Zalantzak eta nekea. Azken batean ematen du beti zerbaiten kontra borrokatzen ibili garela eta paretari burukadak emateaz aspertuta gaude, daude… ez dakit zein den aditza, baina ni behintzat oso nekatuta nago.

Kuriosoa da horrelako gogoeta entzutea egungo egoera politikoaren norabidea ikusita…

Nik uste dut 2006. urtetik gaudela nekatuak, nire kasuan behintzat; hau da, aurreko prozesuan T4koa gertatu zenean eta abar. Ordurako piztua zen ilusioa, eta hor bat batean dena erori zen, egoera berera bueltatu ginen… bitxia da, ni orain dela urtebete hasi nintzen liburu honekin, orain zorionez beste egoera batean gaude.

Autoek edo garraiobideek nolabaiteko hari estetiko bat ematen diote liburuari.

Ez dira beti autoak, azken ipuinean moto bat agertzen da, bada autobus bat… funtsean garraiobideak irudikatu nituen. Ipuin batzuk, esan bezala, aurretik idatziak zeuden. Gaizki hasten diren egunak ipuina adibidez nahiko zaharra da, baina ez du gaurkotasunik galdu. Idatziak nituenak gutxi ziren hala ere, eta hortik aurrera lan egiteko beste metodologia bat izan da erabili dudana: propio hartu ditut elementu batzuk eta saiatu naiz haiek konbinatzen liburuari osotasuna emateko. Alde horretatik nahiko pozik nago.

Ipuin liburua izanik lagungarri egin zaizu horrelako elementuetatik abiatzea?

Ez da gauza bera ipuin bilduma bat edo ipuin liburu bat egitea, nik uste dut orain arte egin ditudanak ipuin bildumak izan direla gehiago, Hamar manamenduak ezberdina zen arren. Aurrerapausotzat jotzen dut hori: saiatzea gai eta elementu batzuk jorratzen liburu bati begira. Lehen ez nuen egiten, ipuinak biltzen nituen eta listo. Kasu honetan metodologia kontzientea izan da, eta bai, oso lagungarria.

Ipuinen idazle gisa ibilbide luzea egin duzu. Aipatutakoaz gain, zertan gehiago sumatzen duzu bilakaera?

Niri iruditzen zait ipuin gutxiago idazten dudala orain, baina ipuin hobeak egiten ditudala. Lehen asko eta asko idazten nuen eta hortik ateratzen zen kalitatea. Ehun ipuin idazten badituzu hamar agian izango dira onak. Orain gutxiago idazten dut baina gehiago lantzen dut idazten hasi aurretik. Pixkana pixkanaka bakoitzak bere metodologia bilatzen du, lehen ideia bat topatu ahala azkar eta berehala idazten nuen. Gari-zainzuriak idazteko adibidez orain hilabete batzuk anekdota bat kontatu zidaten eta buruan utzi nuen bueltaka. Pasa ziren hilabeteak eta orduan hasi nintzen idazten, argi nuenean zer nahi nuen. Orain dela hamar urte berehala idatziko nuen, aldaketa hori sumatzen dut.

Ipuinaren teknikari dagokionez nolabaiteko sarekadak eraiki dituzu irakurlea harrapatzeko, anitzak dira erabili dituzun narrazio-egiturak. Ipuina idazteko orduan teknikaren erabilera instintiboa da, edo istorioa aurretik erabakitako ‘mekanismoan’ txertatzeko ahalegina egiten duzu?

Instintiboa da, ez dut aldez aurretik pentsatzen. Askotan segun eta lehenengo paragrafoa edo orria nolakoa den halakoa izaten da ipuin osoa ere. Oso argi daukadana da ipuinetan datuak nolabait dosifikatu behar ditudala, soilik-soilik beharrezkoa dena kontatzen saiatzen naiz, baina hori ere oso instintiboa da. Bukaerara iritsi eta dena argitzen da. Adibidez, Hogeita hamaika egun Londresen ipuinaren kasuan iruditzen zitzaidan atzeraka joateak bazeukala bere xarma; oso berezia da ipuin hori, interesgarria iruditzen zitzaidan pertsonaiaren bilakaeran kontrako bidea egitea, eta hor berriro ere dosifikatu behar izan dut. Bestela gustatzen zait teknika ezberdinak erabiltzea, baina esan bezala hori askotan lehenengo orrialdea idaztean erabakitzen da.

Hasiko da irakurlea ipuinak irakurtzen, kokatuko du pertsonaien izaera eta ostera ez du argi jakingo ipuinak nora eramango duen, ezusteko birak ematen baitituzte sarri narrazioek.

Kritiko bati irakurri nion ipuin hauetan, edo behintzat nik idazten ditudanetan, bukatutakoan berriro hasi behar duzula irakurketa. Hau da, ipuina bukatutakoan beste ikuspuntu batetik irakurtzen hasi behar zarela berriz ere. Irakurle gisa orain arte pentsatzen nuen hau eta hau, ipuinak eraman nau alde batetik bestera, iritsi naiz bukaerara eta ezer ez da ematen zuena; orduan berriro hasten bazara irakurtzen informazio gehiago duzularik gauzak askoz hobeto ulertzen dituzu. Kritiko horrek positibotzat jotzen zuen, ez dakit nik… (kar-kar).

Mekanismo, trikimailu, teknika ezberdinak erabili dituzu, eta badago gogoetarik ere. Irakurlearekin jolasean zabiltza nolabait, ez zaitu horrek nolabaiteko artifiziora behartzen?

Ez, gainera nik pentsatu behar dut irakurlea argia dela, eta errespetuz tratatu behar dudala. Nik joko bat proposatzen diot irakurleari eta saiatzen naiz berak pentsa dezala nik nahi dudana, baina azkeneko momentuan pieza guztiak eman behar dizkiot, bestela tranpa litzateke.

Joko baten moduan bizi duzu?

Bai.

Eta horrekin ez duzu sentitzen gogoetaren mamia edo literatur ikuspegitik istorioaren sinesgarritasuna galtzeko arriskua?

Nik ez diot horri garrantzirik ematen. Nire gogoetak nireak dira eta logikoa da ipuinetan agertzea, baina ez dut inor konbentzitu nahi, ez dut apologiarik egin nahi. Nik istorioak asmatzen ditut, niri gustatzen zaidana istorioak asmatzea eta jolastea da. Nik idazterakoan ondo pasatzen badut irakurleak ere ondo pasatuko du, eta irakurleak ondo pasatzen baldin badu ni pozik. Ez daukat bestelako asmorik, bestela saiakera egingo nuke. Berrian agertzen diren zutabeak ere niretzat jolasak dira, nik badakit non idazten dudan: egunkari bateko azken orrialdean. Mundu guztiak edo lehenengo orrialdetik hasten da irakurtzen eta deprimitzen da edo buelta ematen dio eta irribarre batez hasten da. Noski, baditut nire ideiak eta askotan agertzen dira. Gaiak batzuetan serioak dira, baina beste batzuetan jolasak besterik ez. Hori da nire asmoa, eta nire gogoetak ez badira iristen ez da ezer gertatzen.

Idazkera aldetik ere hizkuntza une oro narrazioaren zerbitzura dagoela esango nuke. Ez zara sobera galtzen metaforetan, irudietan, apainduretan…

Hala da, eta gainera egun osoa pasatzen dut hori esaten euskaltegian: zein da zure helburua? Hau kontatu nahi duzu? ba hau kontatu. EGA taldeetan eta goi urratsetan idazlan bat egiteko zailtasunak dituzte, zergatik? uste dutelako hizkuntzak zerbait oso ponpoxoa izan behar duela; esaldi mota jakin bat jarri behar da baldin eta jarri behar bada, bestela ez. Hizkuntza niretzat tresna bat da, dena egon behar da istorioaren zerbitzura. Ez dakit su artifizialik egiten.

Aukerak dira azken batean.

Bai, aukerak dira baina ez dakit zein punturaino den nik nahita aukeratu dudan zerbait edo ezin dudala besterik egin; baina agian ezin dut besterik egin arreta ematen diodalako istorioari eta ez hizkuntzari. Nik badakit lorategi batean oso gauza politak egin daitezkeela, baina lorategi batean landare bat haztea agian nahikoa da. Hizkuntzarekin gauza bera. Oso gauza ponpoxoak, ederrak esan daitezke baina agian nahikoa da bestea. Nik nahi dudana egiteko behintzat bai. Ziur aski euskaltegian lan egiteak izango du eragina horretan.

Pertsonaiak gatazka politikoaren testuinguruan bi munduren artean harrapaturik daude sarri. Bereziki ironikoa izan zara alde batekin, hau da, ‘euskal’ hitzaren alboan koka daitekeenarekin. Besteak hor daude bere argitzalekin, baina ez da hainbeste sakontzen, agian ez dituzulako horren barrutik ezagutzen?

Bai, gainera guk egin behar diogu gogor gure buruari, guk egiten ez badiogu ez du inork egingo. Azken ipuinean (Gaizki hasitako egunak) kontziente naiz pertsonaia gaizki tratatu dudala, eta agian egongo dela militanteren bat haserre horrekin, baina horrelako militanteak ere egon dira. Ezker abertzalean ere egon dira onak eta txarrak, ezker abertzalekoa izanagatik agian oso jatorra, bai, baina baita desastre hutsa ere. Zergatik ez egin literatura horrekin? Zergatik ez diogu barre egingo geure buruari? ipuin hori modu kontzientean da azkena: liburuan zehar miseriak kontatu ditut eta irribarre batekin bukatu behar dut, bestela oso penagarria izango litzateke liburu osoa. Kontatu ditudan istorioak oro har tristeak dira baina bukaeran zer edo zer positiboa azaldu nahi nuen, eta gainera guk gure buruari barre egiten.

Ironia zorrotza da kasu askotan, pertsonaia batzuk maltzurkeri puntu batez ere erretratatu dituzu. Jarrera idealizaturik ez da, baina balantzaren beste aldean bada nolabaiteko samurtasunerako tartea hala ere (Allariz-miseria-Allariz ipuinean, adibidez). Zer dago gure miserien beste aldean?

Nik uste dut oro har pertsonaiak ondo tratatzen saiatu naizela, baita ideologikoki niretzat merezimendu hori beharko ez luketenak ere. Azken batean, ‘besteak’ ere hor daude, ezin dut egin egongo ez balira bezala, nahiz eta ideologikoki urrun egon nitaz. Are gehiago, niregandik ideologikoki gertuen dagoen pertsonaia da okerren tratatzen dudana. Kontziente naiz, gaizki tratatu dut, eta nahita egin dut. Alde batetik geure buruari barre egiteko interesgarria iruditzen zait; gu horrelakoak gara, ez daukagu beste misteriorik, eta batzuetan gu ere nahiko deprimenteak izan gara, nahiko desastreak. Ideologikoki beste alde batean daudenak ere samurtasunez tratatzen saiatu naiz. Militarra adibidez ondo tratatu dut, agure normal bat balitz bezala agertzen da. Uste dut guk maitatu behar ditugula gure pertsonaiak.

Pertsonaien kontraesan horiek barne munduan garatzen dira gehienetan. Agian errealitatean ere oraindik argira ateratzeke daudelako?

Uste dut gehiago dela nik izatez gauzak gordetzen ditudalako, nire espresatzeko modua hori bera delako. Gauza asko gordetzen ditut eta gero kostatzen zait ateratzea, agian horregatik nire pertsonaiei ere kostatzen zaie barruan daukatena agertzea.

Bada norbanakoa eta gizarte-masa ia animaliazko baten arteko tentsioa ere. Autoa eta Klaxonen festa ipuinetan adibidez, absurdura iristen diren egoerak dira planteatutakoak. Kontzienteki erretratatu duzu horrela harreman hori?

Bai, badago horren kontzientzia bat, azken batean hau artalde bat da eta hortik ateratzen dena normalean ondorioak sufritzen ditu. Suposatzen da animali a sozialak garela eta jendearekin ondo moldatzen jakin behar dugula, jendearekin nola jokatu behar duzun pixkanaka ikasten duzu bizitza osoan zehar. Batzuetan beldurra ematen dit horrek, badago masa-taldetik kanpo geratzen den horren egoeraren inguruko gogoetarik, beti izan dut halako kezka bat. Baina berriz ere iruditzen zait ni halakoa naizela, egoera batzuetan bai baina beste batzuetan ez naiz ondo moldatzen jende artean.

Nola irudikatuko zenuke irakurlea liburu hau amaitu eta ixteko unean? irribarre batekin, zigarro bat pizten urduri…

Ez dakit, ni pozik geratuko nintzateke baldin eta barruan zer edo zer arraroa sentituko balu. Irakurlea pozik edo lasai ez dut uste geratuko direnik, azken batean istorio gehienek daukatelako oso amaiera latza. Ez dakit zein den sentimendua, liburu hau atera dut eta nik neuk ere ez dakit zer sentitu behar dudan, baina irakurle batek zer edo zer sentitzen badu, edozer, seinale ona da. Ipuin batzuekin jendeak esan dit fuerteak iruditu zaizkiela, hori sentitu badute ni pozik. Idazten nagoenean istorio bat kontatu nahi dut, besterik ez, istorioak berak agintzen dit nola egin.

Txatartegirako ipuinak liburuari egindako kritikak.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>