Elkarrizketa ‘Kitscha, atseginaren gerizan’ manifestuaz

Pello Otxotekok, Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok eta Aritz Gorrotxategik sinatu dute Kitscha, atseginaren gerizan manifestua. Egileekin harremanetan jarri eta elkarrizketatxoa egin diegu kaleratu berri duten testuaz.

Egungo kulturgintzan nagusi den joera ‘kitsch’-a da? Sortzaileen joera da ‘kitsch’a, ala komunikabideek masiboki zabaltzen dituzten produktu batzuena?
Kulturgintzak eta, oro har, poesiak, zarata zaramatsua dauka bere gainean. Zarata edo zarama kendu eta testua araztu nahi genuke. Ez da soilik komunikabideen joera nagusia, gure muinetan sartu eta barneratu dugu. Irakurtzea besterik ez dago. Beharbada, gaitz nagusia behar beste ez irakurtzeagatik dator, hain justu. Esaterako, Proust, Homero, Eliot, Gogol, Rilke, Celan eta abar…, irakurri dituen bati, zailagoa izango da ziria sartzea. Izan ere, dena esana dago, baina ez dago entzunda.
Artean jarrera ‘kitsch’a nagusi bada, zer dio horrek gaur egungo gizarteari buruz?
Esan gabe doa, artea gizartearen isla da. Pentsamendu esparruak irekitzea da gakoa, espektakuluaren mende erori gabe. Arrazoia eta bihotza, estetika eta etika, pentsamendua eta sentimendua…
Oreka da, beraz, zuen manifestuaren hitz gakoa? Nola eman daiteke oreka sormen lanean? Baduzue erreferentziarik maila horretan?
Oreka ideala baino ez da, lortu nahi den helburua. Lortzea beste kontu bat da. Eredu bat jartzeagatik, Tolstoi aipatuko nuke. Gai izan zen biak egoki uztartzeko: sentimendua eta bizitzaren zentzuari buruzko kezka. Kritikariek, oro har, baztertu egin ohi dute bere ibilbide literarioko bigarren zatia, “krisi erlijiosoak” zeharkatzen duena. Zalantzarik ez da gordinagoa dela Tolsltoi hori, egiatik hurbilago dagoena. Eta, noski, deserosoagoa irakurlearentzat.
Erreferentzia ugari erabili duzue. Nola egin duzue lan denak lotzeko?
Elkarlanaren bidez. Eta batez ere, irakurriz. Hari nagusiak argi edukita, errazagoa da testua idaztea. Batzuetan asmatzen dugu; besteetan, ez.
Ez da manifestu bat elkarrekin idazten eta plazaratzen duzuen lehen aldia. Zein helbururekin atera duzue, nori zuzenduta?
Irakurri nahi duen orori, eta literatura esparru zabaltzat duen orori. Jakin minak mugitzen gaitu.
Zein izan da jarraitu duzuen gogoeta-prozesua?
Eseri eta hitz egin: dialektika. Bakoitzaren bagajeak aberastu du gogoeta-prozesua. ‘Kitsch’az ari ginela, berehala sortu zitzaizkigun egile eta testu garrantzitsu batzuk, eta horiek manifestuan bildu ditugu, nolabait, gure zaletasunak ere adieraziz. Egile edo testu gehiago egon litezke, noski.
Ez dirudi garaiok manifestuentzat aproposenak direnik: leloek, prentsa oharrek, hitz ‘handien’ noraezak markatutako garaiak dira hauek agian. Zer funtzionalitate izan dezake gaur egun manifestu bat idazteak?
Gure ideia, manifestuko gogoetak ezagutzera ematea da. Ez dugu inor konbentzitu nahi. Ez da gure asmoa sinadurak biltzea, inor presionatzea edo lobby bihurtzea. Lagun arteko kontu bat da. Bestalde, akzio bidezko diskurtsoari ikuskizunean erortzeko arriskua ikusten diogu.
Zuen manifestuak asko du pentsamendutik, gutxiago (zentzu estu batean) aldarritik. Pentsatzea bera aldarrikatzen duen manifestua da zuena?
Baietz esango genuke. Eta ez da gutxi… Ez ahaztu pentsatzeak ematen duela izatea.
Besteak beste, poetak zarete sinatzaileak. Poetak profeta izateko tentazio handiegia dauka? Ala profeta izateko betebeharra?
Profetak Biblian daude. Eta, zoritxarrez, beste leku askotan. Profeta bera ere, kitscharen erresumakoa izan daiteke. Gu poetak gara, besterik ez.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>