Pasaia Hiria olerki lehiaketa

Pasaia Hiria olerki lehiaketan parte hartzeko deialdia zabaldu berri dute, 17. aldiz. Ohiko moduan, 200 bertso lerro inguruko lanak dira aurkez daitezkeenak. Emaitza Bermingham argitaletxearen eskutik plazaratuko da. Euskarazko deialdiari Xabier Portugalen izena eman diote, urte luzez kulturaren alde eta lehiaketa honen beraren alde egindako lana gogoan. Gaztelerazko deialdiaren izenarekin berriz luzez Pasaiako liburuzain izandako Altamira Puente omendu nahi izan dute.

Zenbait urteetan Pasaia Hiriak izan dituen geldiuneak gora behera, hamazazpi aldiz luzatu dute bertan parte hartzeko aukera Pasaiako Udaleko ordezkariek eta Bermingham argitaletxeko kideek. Luzera ertaineko lanak dira aurkez daitezkeenak; diru-sariaz aparte, lanak argitaratzeko aukerak egin izan du parte hartzaile askorengan erakargarri.

Hauexek dituzue aurtengo oinarriak:

XABIER PORTUGAL-PASAIA HIRIA” OLERKI LEHIAKETA

OINARRIAK

  1. Hamasei urte eginak izanez gero, edonork har dezake parte. Sarituak izan ez diren obra original eta argitaragabeak aurkeztu behar dira.

  2. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu daitezke. Gaia librea da eta egile bakoitzak nahi adina olerki aurkez ditzake, baina, gutxienez, 200 lerro izan behar dituzte.

  3. Sariak:

    • Lehenengoa 800 €

    • Bigarrena 400 €

  4. Egileak lanaren hiru kopia aurkeztu behar ditu, makinaz edo ordenagailuz jota, biko tartez eta alde batean bakarrik idatziak. Azalean lanaren izenburua edo goiburua agertuko da. Ez du sinadurarik eraman behar, ezta egilearen inolako zehaztasunik ere. Horrekin batera gutun-azal itxi bat bidaliko da, eta kanpoaldean lanaren izenburua edo goiburua eta “euskara” ala “gaztelania” ipiniko dira. Barruan egilearen izen-deiturak, helbidea, adina, telefonoa eta e-maila (izanez gero) sartu behar dira.

  5. Originalak 2014ko urtarrilaren 31 baino lehenago honako helbide honetara bidaliko dira:

    TRINTXERPEKO UDAL LIBURUTEGIA

    Euskadi etorbidea, z/g

    20110 PASAIA (Gipuzkoa)

  6. Sariak eman gabe utzi daitezke edota aldatu ere egin litezke eta berriak sortu, epaimahaiak antolatzaileekin batera hala erabakiko balu.

  7. Epaimahaiak prentsaz eta irratiz emango ditu ezagutzera sariak, eta erabakia nahitaez onartu beharrekoa izango da.

  8. Garaile gertatzen diren lanak Pasaiako Udalaren jabetzapean geldituko dira eta 2014. urtean emango dira argitara liburu gisa.

  9. Sarituak izan ez diren lanak Trintxerpeko Udal Liburutegian jaso daitezke, epaia jakinarazten denetik hilabeteko epean. Jasoko ez balira, Udala egingo litzateke haien jabe.

  10. Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar berekin.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.