Asier Serranori elkarrizketa

GARA egunkariko MUGALARI gehigarriak Asier Serranori egindako elkarrizketa argitaratu zuen urtarrilaren 28ean, Hiri gorritik poesia liburuaren harira. Elkarrizketaren bertsio luzea eskaintzen dizuegu Uberanen.



POESIAN GERO ETA GEHIAGO NOA MEZUA ZABALTZERA, ETA EZ HITZ PERFEKTUAREN BILA IBILTZERA.

Asier Serranok Hiri gorritik poesia liburua kaleratu du Elkar argitaletxearen eskutik. Liburu honekin duela hamahiru urte Bada hiri gorri bat bere lehen poesia liburuarekin sortutako iruditeria osatu, gaurkotu eta sakondu du.
Burua etengabe lanean duen idazlea da Asier Serrano. Ideiek ematen dituzten buelten sarean egokiena izango duten euskarria topatzen saiatzen da, dela poema, kanta edo nobela. Nolanahi ere, haiek denak elkartzen dituzten zubiak, estekak, zeharbideak topatuko ditu Asier Serranoren lana osotasunean jarraitzen duenak. Sortzeko behar berari erantzuten diotelako denek agian.
Hasteko eta behin ekidin ezina da Bada hiri gorri bat poesia liburua aipatzea, nahiz eta tartean Picassoren zaldia ere egon den (2007an argitaratuta, hamar urte lehenago idatzia egon arren). Hiri gorria: itzulera ala berrinterpretazioa?
Batetik itzulera bat da, eta bestetik kontzeptu aldetik ‘gorria’ren irudiari beste buelta bat ematea. Bada hiri gorri bat garai oso konkretu batean idatzi nuen, nerabezaroan oraindik, inozentziaren inguruko hausnarketa bat izan zela esango nuke. Han aipatzen nuen badela hiri gorri bat, nolabaiteko utopiaren eta zoriontasunaren bilaketa bat nuen helburu. Hiri gorritik liburuan urteak pasa dira, suposatzen da hiri horretara heldu nintzela eta lehen utopia zen leku horretan gatibatua sentitzen naizela. Aurreko inozentziaren urraketa da liburu hau, Bada hiri gorri bat liburuan ematen nituen kontzeptuetan oinarritua. Batez ere ‘gorria’ren inguruko irudia erabili dut, hau da, ezpainen gorria, sentsualtasuna, Euskal Herriko baserrien teilatuen gorria, maitasunari lotzen zaion bihotzaren kolore gorria eta azkenik gizaki garela gogoratzen digun odolaren gorri hori. Amestutako zoriontasunera heldu eta horren autokritika bat dago.
Aurkezpenean zera aipatu zenuen: ‘Hiri gorrira joan eta konturatu nintzen ez zela aurrez pentsatutako hiri perfektu hori, leku perfektu hori, baina kondenatuta nagoela hor bizitzera. Eta orain tokatzen dena da irteera bilatzea, hiri gehiago aurkitzeko’. Hiri horiek ez badira utopia berriak, zer dira?
Bidea egitea. Nik uste dut liburu hauen jarraipen bat egongo dela. Hasieran hiri gorri horrekin amestea zen kontua, gero hiri gorri horretan bizitzea eta orain geratzen zaidana da beste hiri batzuk deskubritzea, beste utopia batzuk.
Beste utopia batzuk, baina ez inozentziatik…
Ez, metaforarik egokiena mendizalearena izango da. Beti tontor konkretu batekin obsesionatuta egon, tontor horrekin amestu, bidea egin, tontor hori garaitu eta bertan zaudela konturatu bidea tontor horretan hasi dela, beste tontor batzuk ikusten dituzula. Bizitzaren metafora, zoriontasuna ez dela aurkitu dezakegun zerbait, hor dagoen zerbait, baizik eta zoriontasuna bidea bera dela. Horregatik uste dut jarraipena izango duela, baina jarraipen hori eguneroko zerbait dela. Azkenean hiri gorri hori har daiteke norberaren bihotzaren moduan edo besteen bihotz baten moduan. Horregatik hasten da ‘ni’ batetik ‘gu’ batera heltzeko. Orain nire asmoa da ‘gu’ hori gehiago finkatzea.
Liburuko hirian ‘ni’a eta ‘gu’aren arteko harremana oso presente dago, baina ‘gu’ hori deuseztatua dago. Momentu batean abisu bat ere badago: Hona etortzeko bidea hartzea/ erabakitzen duzunean,/ ahaztu zaitez ”gu” hitza erabiltzeaz./ Hemen, bizirauteko, ”ni”-kaz hitzarekin mintzatu behar zaio/ ispilu aurrekoari. Zer nolako ‘gu’a da bertakoa?
Oinarrian hiria deuseztatu eta berreraikitzeko behar bat dago. Hiri deuseztatu hori lurperatu eta hiririk ez sortzeko aukera ere ez da baztertzen. ‘Bada hiri gorri bat’en ‘zu’aren bilaketa bat zegoen, ‘ni’ eta ‘zu’ hori ‘gu’ bilakatzen denean bihotz bi hori horiek batu egiten dira. Horren ostean zer da geratzen dena? Hiri deuseztatu bat, bihotz deuseztatu batzuk, berriro ere norbera hiriaren errauts horiekin aurkitzen da. Horregatik uste dut daukala liburuak hiri mortuaren estetika hori, Erlojugilean ere erabiltzen nuena. Liburuan agertzen diren pertsonaia horietako bat ni izan naiteke, baina batez ere gu asko daude. Beti gustatu izan zait galtzailearen irudia erabiltzea. Hemen bakoitzak bere mea culpa bat aitortzen du, hiri deuseztatu horren errua norberak hartzeko bere gain. Ez sinistu liburu honetako bihotzak San Valentin-en banatzen diren bihotz perfektu gorri horiek direla; bihotza maitatzeko organo bital bat da, baina baita ere mina eta tumoreak biltzen dituen organo itsusi bat.
Aurkezpenaren egunean Castillo Suarezek aipatu zuen nolabaiteko poza hartu zuela 70. hamarkadan jaiotakoek idatzitako liburuen giroa topatu zuelako berriro. Zure garai hartako estetikatik kontzienteki egin duzu lan desegituratu eta berriro egituratzeko, edo orainetik egin duzu lan guztiz?
Batetik, nik argi daukat erabili izan dudan estetikak beti jarraituko nauela, estetika hori oso neurea eta sinzeroa delako, nik uste dut gezurra esango nukeela beste estetika bat planteatuko banu. Bestetik liburu honek daukan zailtasunik handiena sinpletasunera jotzea izan da. Laurogeita hamargarren hamarkadan oso poesia kargatua idazten zela uste dut, batzuetan nagusitzen ziren surrealismo ukituak ez ziren batere ulerkorrak. Niretzat lanik handiena estetika hori biluztea izan da. Beraz, batetik ados nago Castillok esaten duen horrekin, azken finean ezin uko egin jaiotako belaunaldi horri, baina bestetik egin dudana uste dut izan dela estilo edo estetika hori garatu eta batez ere lumatu eta erraztu.
Belaunaldiaz ari garelarik, Castillok hainbat erreferentzia aipatu zituen, garai hartakoa itxi gabeko poetika bat da agian?
Igarri dudana da gure ondorengoek baliatu izan dutela estetika hori. Nik ez dakit funtzionatu izan duen, dakidana da nik ere nire garaian Picassoren zaldiarekin ere saiatu nintzela estetika horrekin puskatzen. Bakoitzak bere bidea egin du, bai poesia sozialago bai poesia errealago batera. Bakoitzak bere hautua egin du bere obretan, bere interesen arabera. Ez dut uste eskola bat izan zenik baina bai eredu bat; gure belaunaldiak aurreko belaunaldira jo izan zuen bezala, belaunaldi berriek uste dut erabili izan zutela eredu hori, nahiz eta gerora jarraipen askorik ez izan. Niri liburu honetarako estetika horretatik interesatzen zitzaidana zen nola interpretatu daitekeen hori gaur egun. Orduan aipatzen ziren hiztegi moduko haiek, lubakiak, balak, arrosak, estazioak…, beti egon dira hor literaturan eta nik gaur egun kokatu nahi izan ditut. Mass mediek eta teknologia berriek horrenbeste indarra daukaten garai honetan nola kokatu hitz horiek, hori da interesatu zaidana. Ni konturatu naiz nire mugak ditudala, erosoen estruktura eta estetika mota honetan sentitzen naizela. Gauza berrien bila joatea ez zait kostatzen baina bai iruditeria hori alboan lagatzea.
Zure proiektuen artean hariak suma daitezke: loturak daude poesia liburuen artean, poesia eta musikaren artean, nobelan trilogia egiteko asmoa duzu, liburu honetako poema batean Erlojugilea aipatzen da… elkar osatzen duten proiektuak egiten dituzu?
Horretaz orain dela gutxi konturatu naiz. Alde batetik Erlojugilea bukatu eta baneukan gogoa arnas motzeko zerbait egiteko, poesiara itzultzeko. Horretarako argi neukan Erlojugilean azaltzen den hiri hori berreskuratu behar nuela, azken finean hiri gorria dena. Konturatu naiz nire lurralde literarioa osatzeko beharra dudala, eta horretarako loturak egin behar ditudala. Erlojugilea amaituta konturatu nintzen asko kostatzen zitzaidala proiektu berri bati aurre egitea, noraezean nenbilela baina nolabait ere zirkuluan. Bai musikan bai literaturan egin ditudan proiektu guztiak puntuak dira eta nire lana orain hori da, lurralde literario horretako puntuak lotzea eta zirkulu bat osatzea. Lanean ari naizen proiektuekin ezin atzean utzi aipatutako zerbait, aurretik idatzitako zerbait. Keinuren bat egin, pertsonaiaren bat berreskuratu… Nire mugak onartu nituen moduan haiei hesia jartzea eta bertatik askorik ez aldentzea erabaki dut.
Poemek autonomia duten arren nolabaiteko hari narratibo bati jarraituta irakur litekeen liburua da Hiri gorritik. Aukeratu duzun egiturak laguntzen du horretan, poemak 1etik 49ra zenbakituak dauden heinean. Une honetan nobelatik zatoz, zerikusia izan dezake horrek?
Nobelatik eta batez ere Erlojugileak eman zidan neke horretatik nator. Arnas luzeko beste nobela batekin hasi baino lehen hiria gehiago deskribatuko zuen estetika edo hiztegi baten bila joan nintzen. Hasieran poema guztiek zeukaten izenburua baina kendu egin nituen, hiri berri batera ailegatzen zareneko sentsazioa islatzea erabaki nuelako: galduta zabiltza eta ez dakizu non dauden kaleak, nora ezaren gozotasuna, galduta sentitzearena… hor murgiltzea izan da nire apustua. Badago hitzaurre moduko poema bat, eta bazegoen dena ixten zuen berrogeita hamargarren bat ere; azken hori kendu egin nuen, nahiago izan nuelako galduta jarraitu. Kalez kale ibili naiz, etxez etxe, gelaz gela… poesia bera idaztea ez zitzaidan askorik kostatu, ezta liburua antolatzeak ere; kostatu zitzaidana antolamenduan pentsatzea izan zen.
Hiriaren aniztasunaren pareko irudien bonbardaketa bat dago poema askotan. Hiriaren behatzailea izan behar da hori lortzeko edo zeure barruan dagoen irudi jarioa da?
Nik uste dut irudi jario hori batetik ametsetatik datorrela. Nire amesgaizto guztiak gogoratzeko gaitasuna dut. Bada hor islatzen saiatzen naizen mundu oniriko bat. Bestetik beti izan naiz oso behatzailea, nire irakasle lanak ere horretara bideratu nau. Hiri deuseztatu bat erakusteko nola deuseztatu den erakutsi behar da lehenik, begi bistakoa erakusteko iruditeria bat behar da. Nire ustez idazlearen edo kasu honetan poetaren lana gauza txikien behatzaile izatea da, eta horrekin gauza handiak ematea. Liburuan saiatu naiz adjektibo asko ez sartzen eta arreta eramaten norberak daukan bere barneko argazki horietara, denok sentitzen ditugun bonbardaketen irudi unibertsal horietara.
Beste muturrean egongo lirateke behin eta berriz errepikatzen diren hitz eta irudiak, ‘hiria’ eta ‘gorria’ nabarmen. Ez zara haietan harrapatua sentitzen, ez zara liburuaren barruan zeure burua errepikatzearen beldur?
Beldur hori batez ere Picassoren zaldiak liburuarekin izan nuen. Oraingo honetan ez dut konplexurik izan, oso aske sentitu naiz hitz batzuk behin eta berriz erabiltzerakoan. Poema batek zera dio: ‘Hiria deskribatuko duen hitz baten bila zabiltza./ Atzo aurkitu zenuen hitz bat,/ baina gauean bisitan izan zenuen emakumeak/ mingainetik ebatsi zizun.(…) Hitzaren arrastorik inon ez./ Etsita zaude, eta okerrena:/ ziur dakizu, ohean lo dagoen emakumeak/ ez dizula hitza itzuliko.’ Horrek ondo adierazten du sentsazioa, pudorerik hitz perfektuaren bila gabeko liburua izan da hau. Poesian gero eta gehiago noa mezua zabaltzera, eta ez bueltaka ibiltzera. Errepikapenak gehien bat koloreetan eta haiei loturiko materialetan eman dira.
Galtzailearen figura, porrotaren kontzientzia. Gai horri buruz idaztea garaipen txiki bat da?
Nik uste dut beti nirekin joan den ideia bat izan dela hori. Niri irabazleek edo gizarteak irabazletzat jotzen dituztenek ez didate ezer esaten, gizarteak ezarritako garaipen horiekin bizi dira eta ez diet nik laudorio gehiago jarriko. Nik uste dut galtzaile ez izateko urrats guztiak izan ditudala bizitza honetan, eta hala ere beste errealitate eta gabezia batzuen bila joan naizela. Ahots isilduen entzule izatera joan naiz nire obra guztietan. Era berean oso erosoa da idazle papera hartzea eta galtzaile mundu horretan sartzea, erosoa eta hipokrita, badakigulako hurrengo egunean gure lana daukagula eta gizartean ez garela irabazle izango baina ezta galtzaile ere. Niri interesatzen zaidana da gizarteak galtzailetzat jotzen dituen horiek nola egiten dioten uko galtzaile izateari uzteari. Nola ez duten erabiltzen biktimismoa. Liburu honetan denok inoiz sentitu dugun galtzaile izatearen sentsazioa dago. Ez aukeratutako bakardadea sentitzea da galtzaile sentitzeko modu bat. Nolanahi ere, nahiz eta liburu maltzurra eta gordina izan, atzean badago ihesbide ate bat. Hiri honetako etxe guztietako gela guztiek dute leiho edo ate bat, kaleek farolak dituzte eta piztuta daude, badaude keinu txikiak esperantzarako. Niri literaturan ihesbide horiek ez hartzea erabakitzen duen jendea interesatzen zait. Oso liburu humanoa da, alde makurra azaltzen da baina alde horrek badauka beti ate bat irekita horren makur ez izateko.

POESIATIK NOBELARA, NOBELATIK POESIARA

Azkenaldian asko dira poesiaren arloan isilune luzeen ostean bueltatu diren idazleak: Jon Benito, Miren Agur Meabe, Omar Nabarro, eta baita Asier Serrano ere. Poesia desprestigiatu nahi denean sarri lotzen da gaztaroarekin, hasierarekin, zenbaitetan literatur heldutasun faltarekin. Poesiatik abiatutako idazle askok jo dute narratibara bere bidean, eta baita ostera poesiara itzuli ere. Zerk eramaten du ideia bat formatu batera edo bestera? Serranok dioenez ‘ideia bati forma ematerakoan beti izan ditut zalantzak: non kokatu esaldi bat? disko batean, poema batean, eleberri batean? Gerora konturatu naiz bakoitzak baduela bere lekua, ideiak berak ematen dizula formatua’. Serranok bere narratibaz mintzo denean ere ez du poesiaren eragina baztertzen ‘nobelak idazteak diziplina eman dit, bizitzarako ere oso baliagarria izan zaidana. Poesia lantzeak eta egituratzeak berriz nobelan lirismoa ondo egokitzeko bidea eman dit’. Bizitza eguna betetzearen lana dela dio poetak ‘ni ezin naiz oheratu kilometro batzuk korrika egin gabe, lagun bati deitu gabe, ezin naiz egon nire irakasle lanean ondo jardun gabe, zerbait irakurri edo gitarra apur bat jo gabe edo ideia bat garatu gabe. Hori da poesiak ematen didana, egunaren amaierako atsedena’.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>